Skip to main content

"Zailtasunak izan arren, Venezuelak jarraitzen du amets egiten eta itxaropenaren alde borrokatzen"

Rafael Garrido sj

Egun hauetan, Rafael Garrido SJ Venezuelako Jesusen Lagundiaren Probintziala izan dugu gure artean, eta berarekin hitz egiteko aukera izan dugu, Venezuelak duen egoerari buruzko berriak eguneratzeko, baita Jesusen Lagundia bertan garatzen ari den lana ezagutzeko ere.

 

Nola deskribatuko zenuke Venezuelako gaur eguneko egoera?

Venezuela larrialdi humanitario konplexu, etengabe eta iraunkorrean bizi da. Konplexua da, larrialdiak herritarren eta erakundeen bizitzaren dimentsio guztiak zeharkatzen baititu. Etengabea, egoera hau aurrera doalako, eta gero eta kalte handiagoa egiten dielako bizitzari, giza garapenari eta gizarteari. Eta iraunkorra, amaiera ez baita ikusten epe laburrean. Nire ikuspuntutik, ez da bakarrik gaur egun sortzen ari den kaltea, baita etorkizunari dagokiona ere. Adibide nabari batean ikus daiteke hori: nerabeen neurria eta pisua gutxitu egin da, proteina gutxiko elikaduraren ondorioz. Arazo horri buruzko datu bilketarik ez dago, ezta datu ofizialik ere, baina erraz ikus daiteke ikastetxeetan eta eguneroko bizitzan. 2017ko urrian, hiperinflazioaren prozesua hasi zen, eta kalte itzela ekarri die herrialdeko ekonomiari eta pertsonen bizitzari. Horrez gain, 2017 eta 2018 urteetan zehar, elikagai-eskasia izan dugu. Gaur egun, elikagaiak lor daitezke, baina ezin dira erraz erosi, familiek daukaten erosteko ahalmenaren beherakada dela-eta.

 

Egoera ekonomikoa hobetzeko aukerarik badago?

Ekonomiak oraintxe bertan duen ezaugarri nagusia da aparatu produktiboaren suntsiketa. Gaitasun produktiborik ez dago ekonomia garatu ahal izateko. Venezuelan ekoiztea atzerrian egitea baino garestiagoa da. Industriak lehengaiak, makinak eta langileak behar ditu. Horrez gain, ziurtatu beharko luke produkzioa iraunkorra izango dela, eta, horretarako, beharrezkoa da planta elektrikoak erregulartasunez funtzionatzea. Baldintza horiek guztiak ez gertatzean, ez du merezi ekoizteko inbertitu behar den gastuak, produktuaren amaierako prezioak ez baitu betetzen produkzioari dagokiona. Egoera horrek geldiarazten du inbertsioa, bai nazionala, bai atzerrikoa.

[[{"fid":"3517","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"476","width":"636","class":"media-element file-default"}}]]

 

Osasun-sistema, zein egoeratan dago?

Zerbitzu mediko gehienak -tratamenduak eta ebakuntza kirurgikoak- dolarretan neurtzen dira eta jendeak dolarrak ez ditu eskuragarri eta bolivarretan ordaindu behar du, egun jakin batean dagoen dibisa-trukea aintzat hartuta. Dolarretan egiten diren ordainketak, normalean, eskudirua erabilita egin ohi dira. Beraz, osasun-zerbitzuak baliabide ekonomikoak dituzten pertsonentzat dira, eta jende asko alde batera geratzen da.

 

Familiek badute laguntzarik?

Familia asko mantentzen dira herrialdetik at dauden senideen diru-bidalketari esker. Bidalketen kopuruak 3.000 milioi dolar inguru suposatzen du, baina, nahiz eta handituz joan, jasotako diruak ez dauka jadanik orain dela bi urte zeukan etekin bera. Dolarretan ez dago inflaziorik, ekonomian deituriko truke-atzerapena baizik. Ez da, hain zuzen, inflazioa, baizik eta truke-mota ez dela debaluatzen inflazioa handitzen den neurriaren arabera, eta horrek berekin dakar prezioen igoera. Horren guztiaren ondorioz, bereizketa handia gertatzen da familia ezberdinen artean: alde batetik, dolarrak lor ditzaketen familiak eta, bestetik, bolivarretan bizi direnak. Azken horiek, neurri handi batean, gobernuak kudeatzen duen elikagai-horniketaren menpe daude, oinarrizko elikagaiak banatzen baitira Tokiko Hornidura eta Ekoizpen Batzordeen edo CLAP kutxen bidez.

 

Atzerrirako emigrazioak jarraitzen du handitzen?

Dirudienez, 4 milioi pertsona baino gehiago daude herrialdetik at, eta ia ziur 6 milioi izatera helduko garela. Aintzat hartu behar da biztanleen kopurua ia 29 milioi direla. Jendeak ez du etorkizunik ikusten herrialdean, eta aukerak kanpoan bilatzen saiatzen da. Ez dira prozesu errazak, Latinoamerikako beste herrialde batzuetara joan ohi baitira, eta leku horietan pobrezia-egoerak konpondu gabe daude.

Arrakastarik eduki ez duten zenbait pertsona ere itzuli dira, haustura afektiboak sufritu dituzten bikoteak. Eta baita alternatibak eraikitzeko asmoz etortzen diren zenbait pertsona ere. Horrek, jakina, itxaropena dakarkigu. Zailtasunak izan arren, Venezuelak jarraitzen du amets egiten eta itxaropenaren alde borrokatzen.

 

Zein da, gaur egun, Venezuelako Jesusen Lagundiaren zeregina?

Inspiraziotzat Lehentasun Apostoliko Unibertsalak ditugu: Jaungoikoarenganako bidea erakusteko, bazterturik dauden pertsonekin aritzeko, Elkarren Etxea zaintzeko, gazteei laguntzeko. Horrez gain, gure eginkizuna eraginkorragoa izan dadin, uste dugu funtsezkoa dela sarean aritzea, obra guztien ahaleginak elkarturik, larrialdi humanitarioan laguntzeko eta arreta-gaitasuna handitzeko, aukera eta proposamen alternatiboak ikuspegi zabaletik bilatuz.