Skip to main content

Manuel Díaz Garriz SJ hil da: berri txarra Gujerat-Alboan misioko familiarentzat

Manuel Díaz Garriz SJ

Manuel Díaz Garriz SJ uztailaren 27an hil zen, 90 urte zituela. Nafarroan jaio zen, Lizarran, 1932an. Bere bizitza Gujerat-Alboan Misioan eman zuen, eta 2019aren amaieran bertara itzuli zen “atsedenaldia eta arnasa emateko Parkinson gaixotasunari”, duela urtebete esan zuen bezala, gutun batean azaldu zigunean zer izan zen berarentzat Gujerat-en emandako esperientzia. Sei hamarkada eskaini zituen dalit eta adivasi komunitateen alde lan egiten, Gujerat-eko iparraldean.

 

1951ko abenduan, Díaz Garriz Gujerat-era heldu zenean, 19 urte bakarrik zituen. Une hartan, 12 jesuita espainiar zeuden Gujerat-en, eta, haien artean, gazteena zen Garriz. Lehen urteetan, Filosofia eta Teologia ikasi zituen, baita ingelesa eta gujerati hizkuntza ere. Halaber, Indiako Historia eta Kulturako Lizentzia burutu zuen bi urtean zehar, eta, berak azaltzen zuen moduan, erabat baliagarri bilakatu ziren ikasketa horiek bere misioa hango kulturan barneratu ahal izateko. 1962ko martxoaren 24an apaiz ordenatu zen Bombayn.

 

Urte haietan, Erromako Jesusen Lagundiaren mandatua jaso zuen Gujerat-eko iparraldeko eskualdeetara joateko, eta bertako dalit bizilagunekin lan egiteko. 1964ko ekainean, Mokhasam-eraino heldu zen.

 

Etorkizunez beteriko legatua

Herrialdeko familia ahulen osasunak erabat kezkaturik, Garriz-ek lortu zuen Santa Anaren Karitateko Ahizpak astero herrixkara joatea arreta eskaini eta sendagaiak banatzeko. Urte haietan, pertsona asko hasi ziren bataiatzen; horien artean, Gameluzainak edo Ravals kastakoak.

 

1968ko urtarrilean, lurralde horretan jazotako uhaldiek 30 kilometrora zegoen presa apurtu zuten, eta 600 familia baino gehiagoren uztak suntsiturik gertatu ziren. Gobernuko laguntzarik ez izatean, Díaz Garriz harremanetan jarri zen New Delin finkatutako Estatu Batuen Enbaxadarekin, laguntza humanitarioaz arduratzen zen sailarekin eta, elkarrizketan hilabete batzuk eman ondoren, proiektu bat onartu zuten: lehenengoz, berehalako laguntza lortzeko, eta, bigarrenez, epe luzerako laguntza hurrengo urterako haziak eskuratzeko. Bere ekimenari eta konstantziari esker, hurrengo urteetan garatuak izan ziren garrantzizko gizarte-proiektuak, erakunde solidario anitzen laguntza lortu zutelarik, eta kontsumorako bufalo-esnearen ekoizpena areagotzea lortu zuten. Aldi berean, Garrizek  erdi- eta goi-mailarako bekak finkatu zituen. Gaur egun, ehunka gazte dalitek, mutilek eta neskek,  irakasleak, erizainak, abokatuak… izatea lortu dute.

 

Mokhasam-en egon ondoren, beste helmuga batzuk izan zituen: Kalol, Mehsana, Disa eta Radhanpur. Leku horietan guztietan bere arrastoak utzi zituen.

 

Gujerat-Alboan Misiotik, gure konpromisoa mantentzen dugu Gujerat-eko Adivasi eta Dalit komunitateekin, hango herritarren bizi-baldintzak hobetzeko helburuaz. Aita Garriz-ek  bere bizitza eskaini zien Gujerat-eko misioari eta bertako komunitateei, ontasun, zintzotasun eta fedearen bitartez. Uste dugu bere jendeak onena merezi duela eta berak hainbat maite zituen pertsona erdeinatu guztien aldeko lanean jarraitu behar dugula. Egitasmo honetan zure laguntza izatea espero dugu.

Bere arimak bakean atseden har dezala.