Skip to main content

Luis Guillermo Guerrero, CINEPeko zuzendaria: “Ez dut itxaropena galtzen: Kolonbiak erresilientzia izateko gaitasun itzela du”.

Luis Guillermo Guerrero

​CINEP, Herri Ikerketa eta Hezkuntza Zentroa, Jesusen Lagundiaren erakundea da, eta 50 urteko historia du. 2016ko azaroaren 24an, Kolonbian sinatutako Bake Akordioan partaide ziren: alde batetik, FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak – Herriaren Armada, eta, bestetik, Juan Manuel Santosen gobernua, Estatu kolonbiarraren izenean. Akordio horietan parte hartzera deitutako erakundeetako bat izan da CINEP. 

 

Zein da CINEPen zeregina Bake Akordioan?

CINEP deitua izan zen Habanako elkarrizketetan partaide izan ziren biktimen hautaketan parte hartzera. Gatazkaren narraziorako aukeratuak izan ziren 12 pertsonen artean, Aita Javier Giraldo SJ egon zen. Hamabi begirada horiek funtsezkoak izan ziren Habanako zereginean. Prozesuan zehar gizarte erakundeen Partaidetza Bermatzeari buruzko alderdian ere parte hartzeaz arduratu gara CINEPen.

Gaur egun, CINEPek Bake Akordioaren nazioarteko egiaztatze-lanetan parte hartzen du, Gorenentzako Egiaztatze Idazkaritza Teknikoa deituriko batzordean. Hor, nazioarteko eremu politikoaren aldetik bi pertsona dira partaide, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek proposatutakoak. Bietako bat Felipe González da, eta bestea, Pepe Mujica, Urugaiko presidente ohia. CINEPek azterketak eskaintzen dizkie Gorenei, lan horiek tresna gisa erabil ditzaten, akordioaren egiaztapenari buruzko argibideak egin ahal izateko. Horrela, prozesu berberari behatuko zaio bi begirada ezberdinetatik. Aipatutako bi pertsonek zentzutasuna eta zuhurtasuna adierazten dituzte, begirada kritikoa eta, aldi berean, positiboa eskaini ahal izateko. CINEPek hiru hilez behin Egiaztatze-txostenak egiten ditu, CERAC delako erakundearekin batera. Hor ere sistema bitarra erabiltzen da ikuspuntu ezberdinak aintzat hartu ahal izateko.

 

Nola definituko zenuke Bake Akordioen egoera, gaur egun?

Kolonbiak ia sei hamarkada bete ditu gatazka armatuetan, eta 2 urte eta erdi, Bake Akordioan. Oro har, Akordioak oztopoak izan ditu, bai administrazio mailan, bai aurrekontuetan. Gaurko Gobernuak FARC bizitza zibilean gizarteratzean jartzen ditu ahaleginak. Gerrillari ohien proiektu emankorrak badaude, eta herritarren partaidetzari dagozkionak ere bai, baina Akordioaren egitura, hots, nekazaritza-erreforma integrala eta biktimak lehengoratzea, geldirik dago maila politikoan, bi alderdi horietan aurrerapausoak egiteko beharrezko legeak ez baitira ateratzen. Bakean inbertitzeko unean, ekonomiaren aldetik ere egoera ez dago argi, bi eremu horiek ez baitute lekurik aurrekontuetan.

Bestalde, 2016tik hona,  500 lider baino gehiago, Giza Eskubideen defendatzaileak, hil dituzte. Jende xumea da, osasun, ingurumen eta jateko oinarrizko eskubideak defendatzen dituena. Erailketa horiek komunitateen oinarrizko lidergoa hondatzen dute, eta hortxe dago, hain zuzen, herriaren boterea.

 

Nola ikusten duzu etorkizuna Kolonbian?

Ez dut itxaropena galtzen, Kolonbiak erresilientzia eta erresistentzia izateko gaitasun itzela baitu. Herrialde honetan, bakerako proiektu eta ekimen ugari daude. Jende ezberdin asko ari da prozesu eta proposamenetan: indigenak, afroak, auzotegiak, irakasleak… eta kultura eta artearen arloko jendea ere bai. Bakerako proposamenak eta ekintzak garatzeko mobilizatzen dira. CINEPek badauzka bakerako ekimenen datu-basea, bake-adierazpenak, Bake Elkarrizketak. Kolonbiak, gerraren eta gerrari dagozkion konplexutasunen aurrean, bake-esperientziak sortzeko gaitasun izugarria du. Honaino heltzeko gai izan gara, eta horregatik uste dut, benetan, Bakea irabazten ari dela. 50 urteak kontuan hartuta, baikorra naiz.

 

CINEPek egindako Bake Akordioetarako Egiztatze Txostenak eskuragarri daude hemen: https://www.cinep.org.co/Home2/temas/verificacion-internacional/secretaria-tecnica.html