Skip to main content

Larrialdia Indian. Covid-19

Emergencia en India. Covid-19

COVID-19aren bigarren boladak sortutako osasun krisiak larriagotu du milioika pertsonaren egoera zaurgarria.

 

Azken asteotan, Indiak osasun-krisi latzena pairatu du 1947. urtean independentzia lortu zuenetik. Kutsatze berriak %350 areagotu dira apiriletik, eta kopurua egunez egun handitzen ari da. Egoera kezkagarria da eta txarrera egiteko arriskua dago gaur egun. 

 

 

Alboan eta Entreculturas jesuiten GKEak eta Xavier Sarea, garapenerako erakunde jesuiten nazioarteko sarea, elkarlanean aritu gara, une honetan guztiz egoera zaurgarrian dauden komunitate eta pertsonei laguntza emateko: landa-eremu eta auzotegi baztertuetakoei eta migratzaileei. Lan hori aurrera eramango dugu gure erakunde aliatuekin batera Gujerat, Tamil Nadu, Delhi, Bihar, Jharkhand, Maharashtra, Andhra Pradesh eta Kerala estatuetan.

 

2020. urteko irailean, Indiak bigarren boladaren gailurra lortu zuenean, eguneko kutsatu berriak 90.000 inguru izan ziren. Urte honetako apirilean kutsatu berrien kopurua 350.000ra igo da, eta gero eta gehiago igotzen ari da. Apirilaren 24an, Gobernuak adierazi zuen, agertze publikoan, bigarren boladaren gailurra maiatzaren erdialdean lor litekeela, eguneko kutsatuen kopurua milioi erdikoa izango litzatekeelarik. Egia esan, inork ez daki noiz arte iraun dezakeen egoera honek.

 

Indiatik heltzen zaizkigun zenbakiak eta irudiak guztiz kezkagarriak dira, baina, “hala ere, horrela ez dugu lortzen ondo jakitea zer sentitzen duen jendeak, egunero hurbileko norbait, maite duen edota duela gutxi hitz egin dion norbait hil delako berriak jasotzean”, Fernando Franco SJk, Gujerat Estatuko garapenerako jesuiten bulegoko zuzendariak, adierazi digunez.


 

Osasun-sistemak gainezka egin du krisiaren bigarren boladaren aurrean

Ospitaleek ezin dituzte hartu kutsatutako pertsona guztiak. Oheak eskasak dira, baita oxigenoa eta medikamentuak ere. Eta egoera are larriagoa da landa-eremuetan.

 

Eskolek eta unibertsitateek beren ateak zabaldu zituzten modu mailakatuan eta segurtasun-neurri zehatzak kontuan hartuta, baina momentuz itxi egin dira berriro. Muturreko arrisku egoera dago, zailtasunez beterikoa.

 

Agintariek herritarrei eskatzen diete kontaktuak murriztea, eta hainbat herrixketan erakunde aliatuetara hurbiltzen dira pertsona ugari, Gujerat estatuan, egoteko leku baten eske, ezin baitute ospitalean oherik lortu. Landa-eremuetan, egoera guztiz beldurgarria eta iluna da. Inoiz ez dugu jakingo zehatz-mehatz pertsona kutsatuen kopurua, eta jende askok uko egiten dio txertoa hartzeari, istorio eta gezur ugari entzuten baitituzte, telefonoz telefono igarotzen direnak.

 

Telebista kateek errausketa-labeen irudiak erakusten dituzte, baina itxarote-zerrendak luzeegiak dira. Beste komunitate batzuetan, induskatzeko makina handiek hobiak zabaltzen jarraitzen dute, zendutako pertsonei lurra ematearren. Bigarren bolada honek gogora ekartzen dizkigu duela 20 urte Gujeratek 2001eko lurrikaran bizi zuen tragedia. Hala ere, ezberdina da, drama hura behin gertatu baitzen, eta oraingoa, aldiz, egunez egun errepikatzen da, eta inork ez daki noiz arte.

 

Dena den, komunitateetan, parrokietan eta ikastetxeetan jarraitzen dute itxaropen-sareak zabaltzen, familia ahulen beharretan laguntza emateko. Berriro, kaos eta tragediaren erdian, onberatasun eta elkartasun seinaleak topatzen jarraitzen dugu.

 

Une hauetan, laguntza ematen zaie 10.000 pertsona ingururi elikagai, higiene eta babeserako kit, material mediko eta medikamentuen banaketaren bidez, eta baita tokian tokiko osasun-langileei laguntza emanez, eta kutsatzea prebenitzeko informazio eta sentsibilizazio kanpainak eginez.

 

Zeuk ere lagundu dezakezu.