Lurraldeak eraldatzen dituen indar gaztea

Gazteriaz hitz egiten denean, etorkizuna direla esaten da askotan. Hala ere, Sabrina Burgos Kolonbiako Fe y Alegríako hezitzaile eta gazte laguntzailearentzat ideia hori motz geratzen da. Bere esperientziak erakutsi dio gazteak beren komunitateak eraldatzen ari direla hemen eta orain.
"Neskek eta mutilek gehien erakutsi didaten gauzetako bat da seguruenik gainerakook ikusi ez genituen alternatibak sortzeko aukera dutela", azaldu du.
Fe y Alegría, Alboanen erakunde aliatua da aspalditik, eta Kolonbiako hainbat lurraldetako gazteei laguntzen die parte hartzeko, trebatzeko eta lider izateko prozesuetan. Kasu askotan, haiek identifikatzen dituzte beren auzoetako arazoak, eta haiei erantzuteko ekimenak jartzen dituzte martxan.
Horixe gertatzen da Cartagenan. Hango gazte batzuek erabaki zuten hiri barruko manglar-erreserba baten zainketan parte hartzea. Garbiketa-jardunaldiak antolatzen dituzte, ingurumen-sentsibilizazioko ekintzak sustatzen dituzte eta ekosistema hori babesteko landare berriak ereiten parte hartzen dute.
Artea elkargune
Baina eraldaketa ez da ingurumen-proiektuen bidez bakarrik lortzen.Arteak ere leku zentrala hartzen du. Musika, dantza edo antzerkia loturak sortzen, autoestimua indartzen eta topaguneak sortzen laguntzen duten tresnak dira.
Jarduera horien bidez, gazte askok lehen indarkeriarekin, segurtasunik ezarekin edo droga-kontsumoarekin lotuta zeuden lekuak berreskuratzea lortu dute, bizikidetzarako eta parte-hartze komunitariorako gune bihurtuz.
2015ean, lan horren ondorioz, "gazteria suminduak" izeneko ekimena bultzatu zuen gazte-sare bat sortu zen. Urtero, taldeek beren komunitateen errealitatea aztertzen dute, kezkatzen dituzten egoerak identifikatzen dituzte eta horiek aldatzen saiatzeko ekintzak garatzen dituzte.
Esperientzia handituz joan da eta mugak zeharkatu ditu. Fe y Alegríaren eta Alboan-en arteko elkarlanari esker, ikaskuntza horietako asko Euskadira ere iritsi dira, Alboan-Gazte Sarearekin trukeak egiteko espazioen bidez.
Sabrina Burgosentzat, harreman horren balio handienetako bat elkarrekiko ikaskuntza da, hain zuzen ere. Gazteen boluntariotza eta pandemiaren osteko osasun mentalarekin lotutako erronkak aipatzen ditu, besteak beste, bi erakundeek elkarrekin eraikitzen jarraitu dezaketen esparru gisa.
Zaintzan oinarritutako herritartasuna ulertzeko modu bat ere aldarrikatzen du: pertsona berarena, inguratzen dutenena eta bizi den ingurunearena.
