Skip to main content

“Ez gara jaitsiko!”, naturaren betaurrekokin ikusi, entzun, usaindu, dastatu, eta bizitzeko gonbitea

“Ez gara jaitsiko!”

Urriaren 15an Donostiako Cristina Enea parkean “Ez gara jaitsiko!” umeei zuzenduriko ipuina eta diska prentsaren aurrean aurkeztu genituen. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendutako proposamen hau, Katxiporretako Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eta Alboanekook atera dugu aurrera elkarlanean, Leire Bilbao idazleak, Irrimarrako Karmele Gorroño ilustratzaileak, eta Xabier Zabala musikariak lagunduta. Ipuina zein diska Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sustaturiko proiektu pedagogiko baten tresnak dira, Alboan-eko  "Amazonia gara" kanpainaren barruan.

 

Prentsaurrean Alboan-eko Libe Narvarte-k adierazi zuenez, “Amazonia biodibertsitatean eta baliabide naturaletan aberatsa den lurraldea da; 240 hizkuntza hitz egiten dituzten 380 herri indigenetako 33 milioi pertsona bizi dira eskualde horretan. Gaur egun, deforestazioak eta tokiko indigenen komunitateei zuzenean eragiten dieten interes militar, komertzial eta industrialek mehatxatzen dute lurralde hori.

 

“Amazonia gara” kanpainak herritarrak mobilizatzea du helburu, Amazonia eta bertan bizi diren herriak babesteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. “Gatazka ekosozialen eta ekoizpen- eta kontsumo-molde globalen arteko lotura ezagutarazi nahi dugu, mundu justuago, ekitatiboago eta jasangarriago baten alde mobilizatuko diren herritar kritikoak sustatzeko. Kasu honetan, HHko eta LHko lehen zikloko ikasleei zuzendutako ipuin eta abesti ditugu”, gehitu zuen Narvartek.

Joxemari Agirretxe “Porrotx”-en hitzetan, “Alboan elkartetik Amazoniari eskainitako abesti bat egiteko eskaera jaso genuela, abestiaz gain, elkarlanean ipuin ilustratua, diskoa eta ikuskizuna (2023-2024 ikasturterako) egitea proposatu genien bueltan. Halaxe hasi ginen elkartzen mahaiaren bueltan Leire Bilbao, Xabier Zabala, Irrimarra, Alboan eta Katxiporretako lagunak.. Gaur ipuin ilustratua eta diskoa ditugu eskuartean, bertan Amazoniari eskainitako ereserkiaz gain, "Ez gara jaitsiko!" kantua eta "Lurra"ren bertsioa jasotzen dituena, besteak beste.”.

 

“Amazonia munduko birika da eta Euskal Herrikoa Irati Oihana dugu, Europako pagadi, izeidi handienetan bigarrena. Pago eta izeiez gainera, pinuek, arteek, otsalizarrek, astigarrek, sahatsek, ezkiek, zumar hostozabalek eta hamaika zuhaixka ezberdinek osatzen dute Irati, beste hainbat animaliekin batera. Iratik ere badu hizkuntza eta kultura bat, euskara. Eskoletan haurrak eta gau eskoletan helduak berreskuratzen eta etxe zein karriketan biziberritzen ari direnak.” azaldu zuen Porrotx-ek. “Ez gara jaitsiko! proiektuak, zuhaitzetara igo eta naturaren betaurrekokin ikustera, entzutera, usaintzera, dastatzera, ikutzera eta bizitzera gonbidatzen gaitu guztiok.”

 

Ipuinaren egilea Leire Bilbao da aurten Euskadi Literatura Saria haur eta gazteen modalitatean jaso duen idazlea. Bera ez zen aurkezpenean egon ahal izan, baina bai proiektu honetako protgagonistak diren Irrimarrako Karmele Gorroño ilustratzailea eta Xabier Zabala musikaria. Biek proiektuarekin bat egiteagatik ilusioa eta poza adierazi zuten.

 

Azkenik, Libe Narvartek azaldu zuen, “aurkezten ditugun proposamen didaktiko-pedagogikoak irakasle, familia eta beste eragile batzuekin elkarlanean garatuz eta moldatuz joango gara. “Amazonia gara” kanpainaren barruan Alboanek eta Katxiporretak garatzen ditugun material berriak ere  hemen topatu ahalko dituzue proiektuak aurrera egin ahala. Espazio bizia dugu hau, beraz.

 

Gainera, ekimen honen esparruan, Katxiporretak komunitateetako liderrak eta Amazoniako lurraldeko defendatzaileak diren emakumeen prestakuntza babestuko du.

 

Informazio interesgarria:

* "Ez gara jaitsiko!" proposamena

* Amazonia Gara egitasmoa

 

Zuk ere lagundu ahal duzu: