«Baliabiderik gabeko bakea, bakerik gabeko baliabideak»: eredu globala birpentsatzeko deia gazteriak

Deustuko Unibertsitateak eta Alboan Fundazioak indarrak batu dituzte gazteek armen erauzketari eta salerosketari buruz dituzten ahotsak entzuteko.
Apirilaren 7tik 11rako astean “Baliabiderik gabeko bakea, Bakerik gabeko baliabideak” jardunaldiak egin ziren Donostiako eta Bilboko Campusetan. Hainbat jarduera egin ziren, eta bi campusetako 200 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Jardunaldi horiek unibertsitateko ikasle gazte talde batek antolatu eta gidatu zituen. Ikasle horiek 2030 Agendaren helburuak lortzeko euskal herritarrek duten rolari buruz gogoeta egitera gonbidatu zituzten ikasleak, ikuspegi globaletik eta Giza Eskubideen ikuspegitik.
Jardunaldiei hasiera emateko, parte-hartzaileek hurbilagotik ezagutu ahal izan zituzten erauzketa-jarduerek hegoalde globaleko komunitateetan dituzten ondorioak. Horrez gain, kontsumo-ohiturei eta parte-hartze politikoari dagokionez, herritarrek iparraldean duten rolari buruzko hausnarketa bat egiteko gonbita egin zuen saioak.
Asteartean, Donostian, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak ekoiztutako “Gerra hemen hasten da” dokumentalaren proiekzioaren txanda izan zen. Bertan, planeta osoko gatazka armatuetan euskal armagintza industriak jokatzen duen papera eta plataformak bake kultura sustatzen egiten duen lana ezagutzeko aukera izan zen.
Asteazkenean eta ostegunean, Donostiako eta Bilboko campusetan, Foessa Fundazioko ordezkariek ikasleekin partekatu ahal izan zuten Espainiako gizarte-bazterketari buruz egin duten ikerketa-lana. Lan horren bidez, gaur egun pertsona eta familia askok bizi duten eta herritarrentzat oharkabean pasatzen diren bazterketari buruzko errealitateak ezagutarazi ziren.
Hainbat egunetan ikuspegi ezberdinak ezagutu ostean, ostegun arratsaldean gazte talde bat –horien artean proiektuaren talde motorreko pertsonak– bildu zen “Nola eraldatu iparra-hegoa harremana eredu justuago eta jasangarriago baterantz?” galderaren inguruko eztabaida izateko.
Aurreko egunetako jardueretan jasotako ikaskuntzak bildu zituen eztabaida horren ondorioak aurkeztu zitzaizkien ostiralean Aitziber Aranzazu Unibertsitate Komunitateko eta Agenda 2030eko errektoreordeari eta Mary Tere Guzman eta Eva Rodriguez Alboan Fundazioko zuzendari nagusi eta albokoari.
Jardunaldien ondorioak ezagutu nahi dituzu? Egin klik hemen.