Skip to main content

Entreculturas eta ALBOAN erakundeek Boluntariotzaren nazioarteko eguna ospatzen dute

día internacional del Voluntariado

Gaur, abenduak 5, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da eta Entreculturas eta ALBOAN garapenerako lankidetzaren erakundeek, herritartasun globalaren alde lan egiten baitute, konpromisoa eta gorputz eta arima aritzea eskertu nahi dizkiete beren boluntarioei.

Borondatezko lana bi erakundeen identitatearen muina da. Konpromiso hori herritartasun globalaren adierazpenik nagusienetako bat da, begirada globala duen tokiko konpromisoan parte-hartzeko eta inplikatzeko aritzen baitira boluntarioak. Ez diote bizkarra ematen gure munduaren sufrimenduari, eta egunero konprometitzen dira errealitatea eraldatzeko. Eguneroko bide horretan, beren burua eraldatzen ari direla nabaritzen dute, eta pertsonak eraldatzen dituzte mundua eraldatzeko.

Entreculturas eta ALBOAN erakundeek, beren 31 egoitzetan, badituzte ekintzak eta sormena zabaltzen dituzten 800 boluntario eta kolaboratzaile baino gehiago. Gure boluntarioak eraldaketaren egile sentitzen dira, eta beraientzat eguneroko konpromisoa aldaketa pertsonalaren prozesua ere bada, hau da, bizimodua, pentsamoldeak eta munduarekiko ikuspegia ere aldatzen dituzte; bizkortu egiten da beren lanbide-bokazioa eta inplikazio pertsonal eta globala ere handitzen da. ALBOAN eta Entreculturas erakundeen boluntarioek konpromiso- eta egonkortasun- maila altua daukate -batez beste, 5 urte baino gehiagoko iraunkortasuna-, baita motibazio handia ere, eta bi erakundeen balio eta misioarekin biziki identifikatzen dira.

Horrez gain, ALBOAN eta Entreculturas erakundeek 43 nazioarteko boluntario dituzte iraunaldi luzean -bat edo bi urte dagokien lekuan-, Pedro Arrupe Boluntariotza (VOLPA) programan parte hartzen dutenak, eta 34 boluntario, iraunaldi laburrean. Esperientzia horien helburu nagusia da topaketaren bideak sortzea herrien eta pertsonen arteko hurbiltasun pertsonalaren bitartez, pertsona boluntarioen bizi-konpromisoa bultzatzea, sentsibilizatzeko eta aldaketa sozialerako eragile gisa garatu dezaten beren burua. Horrela, pertsona horiek munduko milioika pertsonek bizi duten errealitatearen lekuko onenak bihurtzen dira. Gure “leihoak” dira beste errealitate batzuk ikusi ahal izateko, epel uzten ez gaituzten errealitateak, eta eraldaketarako hazi ezin hobeak beren inguruetan.

Horregatik, egun honetan, Entreculturas eta ALBOAN erakundeek boluntariotzaren aldeko apustu sendoa adierazi nahi dute, tokian-tokikoa eta nazioartekoa. Boluntariotza eraldatzailea, hau da, mundua eraldatzen duten pertsonek osatua; bihotza duen boluntariotza, eta begirada irekia eta globala; justiziaren aldeko borrokan, egunero koherentzia bilatzen duena; mundu bidezkoagoa, berdintasunezkoa eta jasangarria amets duena, eta egunero amets hori errealitate bihurtzeko jaikitzen dena.

Bi erakundeek, egun honetan, MILA ESKER esan nahi dizuegu bihotz-bihotzez, zuen hitzak biltzen dituen bideo honen bitartez.