Skip to main content

Uraren prezioa

El precio del agua

Sara Diego-ren artikulua, Alboan.

1978an, Bruce Leek ura bezala izatera gonbidatu gintuen; “be water my friend”. Elkarrizketa horretan bertan, honako hau gaineratu zuen: “[…] katilu batean ura jartzen baduzu, katilu bihurtzen da; botila batean jartzen baduzu, botila bihurtzen da; eta teontzi batean jarriz gero, teontzi […]” Eta ura Burtsan kotizatzen jartzen baduzu? Zer bihurtzen da?

Joan den abenduaren 7an, ura erabiltzeko eskubidea Wall Streeteko gerokoen merkatuan sartu zen. Eta zer da gerokoen merkatua? Bi alderdiren artean ondasun batek ondorengo data batean izango duen balioa negoziatzeko merkatu bat da. Hortaz, kasu jakin honetan, negoziazioan ez da gaur egungo ura erosten, baizik eta geroko erabilera-eskubidea; hau da, ura erabiltzeko eskubidea hasi da Wall Streeten kotizatzen. Eta, zergatik? Nazio Batuen “Ura etengabe aldatzen ari den mundu batean” txostenak (2020) azaltzen du azken 100 urtetan seikoiztu egin dela baliabide natural horren erabilera mundu osoan, garapen ekonomikoa, hazkunde demografikoa eta erabilera-eredu berriak direla medio. Gainera, klima-aldaketak eta hondamendi naturalek ere eragina izan dute ura eskuratzeko aukeran. Bestela esanda: nekazaritzako sektorearen eta industriaren erabilerak, giza kontsumoak eta klima-aldaketak gero eta gehiago eskastu dute ura «planeta urdin» delakoan… paradoxikoa da, baietz? Bada, hain zuzen ere eskasia horren ondorioz sartu da ura –gizakiaren eta naturaren bizitzarako funtsezkoa den elementu bat– gerokoen merkatuan, petrolioaren, urrearen, gariaren eta beste baliabide natural batzuen zerrendan.

 

Ura: ondare natural unibertsala edo espekulazio-produktua?

Ongi jakin arren zer ondorio eragin dituen gizartean eta ingurumenean petrolioa, urrea eta gisako lehengaiak merkaturatzeak, aldeko ahotsek baieztatzen dute eragiketa horrek hainbat abantaila dituela: etorkizunari begira prezioak finkatzen ditu, nekazaritzako erakundeen eta udalerrien ur-hornidura bermatzeko kudeaketa errazten du, eta baliabide hidrikoen kudeaketa eraginkorragoa dakar, soberakinak merkatuan salerosi ahal izango direlako. Argudio horien aurka, Kolonbiako gure erakunde lankideetako batek, Nekazarien Institutu Nagusiak (IMCA), adierazi du eragiketa hori «ez dela ezer arraroa, eta besterik gabe, berandutzen ari zela…»; izan ere, ura zein bizkor agortzen ari den eta eskaria zein handia den kontuan hartuta, inbertsio seguruenetakoa eta errentagarrienetakoa da ondare naturala espekulazio-produktu bihurtu dutenentzat, salgai hutsa delakoan eta ondorioei erreparatu gabe.

Ikara ematen du urari buruz horrela pentsatzeak; izan ere, egia da ura produktu bihurtu dela, baina eskubide unibertsala da, eta horregatik nahasgarria da aldi berean espekulazioari eta giza eskubideei buruz hitz egitea. Ildo beretik, 2030 Agendako Garapen Jasangarriko 6. Helburuak ura eskuratzeko aukera unibertsala eta ekitatiboa eta uraren kudeaketa jasangarria bermatu nahi ditu. Hain zuzen, 1.800 milioi pertsona inguruk kutsatutako ur-iturriak erabiltzen dituzte edateko eta munduko biztanleen % 40ri baino gehiagori eragiten dio baliabide natural horren eskasiak. Eskasia hori, nagusiki, herrialde garatuen gehiegikeriek bizkortzen dute, eta bitartean, Hegoaldeko herrialdeek sufritzen dituzte, beste behin ere, eragin bortitzenak.

 

Desberdinkeriak eta ingurumen-krisia

Hortaz, “…ura Burtsan kotizatzen jartzen baduzu, zer bihurtzen da?” Desberdinkeriak eta gizarteko eta ingurumeneko krisia areagotzen dituen mehatxu bihurtzen da, epe ertain edo luzera uraren eta oinarrizko beste produktu batzuen prezioa igoko baitu; giza eskubideen urraketaren aurreko zigorgabetasun bihurtzen da, eta ur askoko eremuak ustiatzeko eta megaproiektuak ezartzeko arrisku. Amazoniako lurraldea eta biztanleak dira, beste behin ere, mehatxu horiek sufrituko dituztenetako batzuk. Izan ere, planetako ur gozoaren laurdena emateaz gain, eskrupulurik gabeko enpresa handiek jadanik arpilatzen dute lurralde hori, estatuen eta gobernuen jarrera laxoaz eta pasiboaz baliatuz. Hain zuzen, Amazoniako aberastasuna eta biodibertsitatea direla eta, munduko “despentsa amaiezina” den okerreko ustea dugu, Frantzisko aita santuak salatu bezala.

Azken batean, ura Wall Streeteko gerokoen merkatuan sartzeak esan nahi du giza eskubide bat eta bizitzaren pareko den natura-ondasun bat gutxi batzuen espekulazio eta etekin ekonomikoaren baitan egongo dela. Gertaera horri aurre egiteko, IMCAk natura zaintzera eta giza bizitza, duintasuna eta eskubideak defendatzera gonbidatzen gaitu: bereziki, pertsona zaurgarrienei dagokienez. Alboanek bere egin ditu erakunde lankide horrek adierazitako mezua eta eskariak, eta, bazterkeria eta desberdinkeriak eragiten dituzten kausa horiek salatzeaz gain, eraldatzeko proposamenak lantzen ditu.

#urarengarrasia