Skip to main content

Munduko pandemiaren aurrean, Herritartasun globala 

Ante la pandemia mundial, Ciudadanía Global

COVID-19 birusak sortutako krisi honek agerian jartzen du, inoiz baino argiago, munduko erronkek herritartasun arduratsu eta globalaren erantzuna behar dutela. Horregatik, ALBOANen martxan jarri dugu “Munduko pandemiaren aurrean, Herritartasun Globala”. Horrela, pandemiaren aurrean herritarrok martxan jartzen dituzten jarduerak jakinaraziko dizkizuegu, etxean erabiltzeko hezkuntza baliabideak eskainiko, eta Hegoaldeko datozkigun informazioen berri emango.

Herritarrok bi erronka nagusi dauzkagu. Alde batetik, ardura handienaz jardutea eta, birusaren hedadura ekiditeko helburuaz, toki bakoitzari dagozkion erakunde publikoek ezarritako neurriei jarraitzea. Eta, bestetik, gure elkartasunerako eta enpatiarako gaitasuna sendotzea, eta herritartasun globalaren sentimendua eta identitatea eraikitzeko urratsak ematea.

 

Ardura aintzat hartuta, ALBOANetik Koronabirusaren krisiaren aurrean gure ekintza publikoak bertan behera utzi ditugu, eta talde osoaren jarduera, profesionala eta boluntarioa, antolatu dugu, etxetik lan egiten jarraitu ahal izateko. Hori posible ez denean, salbuespenezko egoeretan, lan-baldintzak bermatuko ditugu, segurtasun-neurriak bete ditzaten.

 

Argi daukagu, #NiEtxeanGeratzenNaiz. Ikusi hemen gure proposamenak


 

Herritartasun globala

Mundu globalizatuaren lehenengo krisialdi handia da pandemia, eta denon betebeharra da arduraz jardutea, epidemia lehenbailehen eten egiteko. Baina pandemia ere bada aukerak sortzeko garaia.

Kidetasun partekatuaren eta enpatia globalaren sentimendua eraikitzen jarraitzeko aukera dugu orain: denok  “osotasun interkonektatu bat” osatzen dugulako kontzientzia bultzatzeko aukera. Kideak gara ardura horretan eta, ondo dakigunez, planetako beste leku batzuetan, beste pertsona batzuei gertatzen zaienak gurekin ere badauka zerikusia.


Konexio horrek berekin dakar gurea eta besteena zaintzea. Geure burua zaindu ahal eta behar dugu, eta bestelako pertsonak ere zaindu ahal eta behar ditugu. Kontua da bizitza erdigunean jartzea.
ALBOAN erakundean adi-adi gaude, pandemiak komunitate kalteberetan, baztertuetan eta babesik gabekoetan duen eraginaren berri izateko, gure lana eta ardura komunitate horietan garatu ohi da-eta. Nazioarteko laguntza eta konpromisoak mantentzeko lanean ari gara. Erakunde aliatuei ematen diegun laguntza sendotzen ari gara, eta tokian-tokiko proposamen solidarioen berri zabaltzen dugu.

Gure gizatasuna indartu behar dugu, geure buruari begiratzea beharrezkoa da, eta baita bestelako pertsonei eta babesten gaituen Denon Etxera ere.

Horrela, elkartuta, erantzun bateratuan, lortuko dugu herritarrok krisialdi hau gainditzea. Hain zuzen ere, bost kontinenteetako herritarren batasuna ikustarazteko ALBOANetik #HerritartasunGlobalaGara erronkan parte hartzen animatzen zaitugu. Munduan zehar, #HerritartasunGlobalaGara mezua daraman katea egingo dugu. Zuk ere egingo duzu zure katea?