Skip to main content

Ellacuría Fundazioak erlijioari eta espiritualtasunari buruzko jardunaldia antolatu du

Berdintasunaren, bizikidetzaren eta gizarte anitz batean komunitatea eraikitzearen erronkei helduko die
Encuentro espiritualidad

Nola eraiki sinesmen, espiritualtasun eta uste desberdinak dituzten pertsonen arteko berdintasunezko elkarbizitza? Zer aukera eskaintzen dituzte gure ezberdintasunek bizitza komunitarioa indartzeko? Hauek dira “Erlijioa eta espiritualtasuna euskal gizartean. Berdintasuna, bizikidetza eta komunitatearen eraikuntza” jardunaldiaren ardatz izango diren galderetako batzuk. Ellacuría Fundazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Aniztasunaren, Bizikidetzaren eta Belaunaldien arteko Elkartasunaren Zuzendaritzarekin batera.

Topaketa datorren larunbatean, azaroaren 28an, izango da, 9:30etik 14:00etara, Tabakaleran (Donostia), eta bertan bilduko dira Euskadiko erlijio- eta sinesmen-aniztasunari buruz hausnartzeko esperientzia komunitario desberdinetako adituak eta ordezkariak.

Sinesmen eta espiritualtasun aniztasuna gure gizartearen eguneroko errealitatearen parte da. Aniztasun horrek errekonozimenduarekin, identitatearekin, tratu-berdintasunarekin eta parte-hartzearekin lotutako erronkak planteatzen ditu, baina topaketarako eta komunitatea eraikitzeko aukerak ere zabaltzen ditu. Jardunaldiak erlijioen arteko eta konbikzio arteko elkarrizketa sustatzen lagundu nahi du, erlijio eta kontzientzia askatasuna errespetatuz

Ottawako Unibertsitateko Lori G. Beaman eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Maria del Mar Griera soziologoek hitzaldiak emango dituzte, biek ala biek nazioartean ibilbide handia egina baitute alor horretan.

Horrez gain, komunitate-esperientziei buruzko mahai-ingurua egingo da, eta honako hauek parte hartuko dute: Joseba Ossa, GUNE erlijioen arteko elkarrizketa-elkarteko kidea (Zumaia); Palmira Dual, Kera emakume ijitoen elkarte feministako kidea (Irun); Jon Mentxakatorre, Mondragon Unibertsitatekoa; eta Sundus El Farah, erizaina eta Ellacuría Fundazioko Erlijioen arteko Elkarrizketa Taldeko kidea.

Jardunaldia amaitzeko, erlijioen arteko eta konbikzio arteko ospakizuna egingo da, Ellacuría Fundazioko gazteen Erlijioen arteko Elkarrizketa Taldeak koordinatuta.

Jardunaldiaren informazioa

  • Data: 2026ko azaroak 28, larunbata.
  • Ordutegia: 9:30etatik 14:00etara.
  • Tokia: Tabakalerako Prisma aretoa, Donostia (sarrera Zigarrogileen plazatik, 1).
     

Eman izena hemen