Skip to main content

Kalangarai, "itsasargia" Indiako emakumeentzat

Kalangarai

Teresa Díez, ALBOANeko Lankidetzarako Garapeneko teknikaria

Kalangarai Indiako emakume alargunen eta baztertuen ahalduntzea amesten duen erakundea da. Bulego nagusia Tamil Nadú estatuan dagon, Nagapattinam barrutian; 2004ko tsunamiak, hain zuzen, emakume alargun ugari utzi zituen bertan, bai eta familia asko hautsi ere. Kalangarai emakume alargunen eskubideak bermatzeko sortu zen. Erakundearen helburua da emakume horiei prestakuntza egokia eta baliabideak ematea, beren kasa moldatzeko gai izan daitezen eta beren egoera ekonomikoa hobetzeko jarduerak garatu ditzaten; aldi berean, gizarte-diskriminazioari aurre egin nahi zaio.

Indian askotariko kulturak eta erlijioak daude, bai eta hainbat hizkuntza ofizial eta dialekto ere. Noski, logikoa da; izan ere, herrialde horretan 1.210 milioi pertsona bizi dira, Estatu Batuetako, Brasileko, Indonesiako, Bangladeshko eta Japoniako biztanleria batuz lortuko litzatekeen kopuruaren antzekoa. Aniztasun handi horren baitan, bada emakume gehienak batzen dituen ezaugarri komun bat, gizonarekiko duten desparekotasun-posizioa; egoera hori, gainera, are eta larriagoa da emakume alargunei edo senarrek abandonatutako emakumeei dagokienez. 

Bestalde, ezin dugu ahaztu herrialde horretako kasta-sistemak biztanleak mailen edo kasten arabera banatzen dituztela; mailarik baxuena, zehazki, Dalit komunitatea da (“ukiezinak” esaten diete), eta, beraz, Indian, dalit kastako emakumeek, pobreziak, estatus ekonomikoak edo ikasketarik ez izateak eragindako oztopoei aurre egin behar izateaz gain, klase edo kasta altuagoek -askotan, hinduismoaren dogmek legitimatzen dituztenek- eragindako esplotazio eta zapalketa larriko egoerei aurre egin behar izaten diete

 

[[{"fid":"2059","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"230","width":"344","class":"media-element file-default"}}]]

ALBOANek Kalangarai erakundearekin batera lan egiten du, dalit kastako emakume alargunak gizarte justuago batean bizi daitezen, bizitza publikoan autonomia eta parte-hartze handiagoa izan dezaten, bestelako sarrera batzuk izan ditzaten, estatuko diru-laguntzak eskuratu ditzaten, eta, sarean lan eginez, herrialdeko bizitza politikoan inplikazio eta eragiteko gaitasun handiagoa izan dezaten.

Kalangarai elkarteak (itsasargia adierazten du) 10 urte daramatza ALBOANekin lanean, Tamil Naduko emakume alargunen mugimendua indartu nahian. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatuta 2016tik garatzen ari garen proiektuaren bidez, 124 talderengana iritsi gara, 1.680 emakumerengana, guztira; emakume horien % 85 alargunak dira, eta % 75 dalit kastakoak. Emakumeekin, hiru ardatz nagusiren inguruan egiten da lan: taldeen antolakuntza indartzea eta laguntza psikosoziala; emakumeen eskubideei, nekazaritza ekologikoari eta sarrerak lortzeko bestelako jarduerei buruzko prestakuntza-jarduerak; eta jendaurrean hitz egiteko eta lidergoa izateko trebetasunen garapena. 

Eragiteko beste jarduera batzuk ere gauzatzen dira, hala nola agerraldiak, komunikazio-kanpainak, eta topaketak agintariekin, justizia egin dadin eta emakume horien eskubideak bete daitezen.

Denbora honetan, aurrera egin dugu, argi eta garbi, emakume horien eskubideek publikoki aitorpen handiagoa izan dezaten, diskriminaziozko praktika kulturalak publikoki gaitzetsi daitezen, eta emakumeek, alargun eta emakume diren aldetik, dituzten eskubideen kontzientzia handiagoa izan dadin.

Bestalde, mugimenduko kide diren emakumeek parte hartzen duten prestakuntza-saioei esker, negozio txikien proposamenak garatu dituzte, hala nola baratze ekologikoak sortzea eta Tulasi landare medizinala landatzea, beren egoera ekonomikoa hobetzea lortzeko. Horrez gain, enpleguari buruzko informazio-bulego bat jarri da, eta, horren bitartez, zenbait emakume alargunek lana aurkitu ahal izan dute, lehenengo aldiz.