Justizia sozioanbientalaren kontua da

Alboan Alboan
05/04/2022
Justizia sozioanbientalaren kontua da

Martxoaren 28tik 31ra, Loiolan izan zen Justizia eta Ekologiaren I. Kongresu europarra. Bertan, Europa eta Ekialde Hurbileko gizarte-apostolutzarako 26 herrialdetako 153 ordezkarik parte hartu zuten. Kongresuaren helburu nagusia izan zen gorputz apostolikoaren integrazio handiagoa ahalbidetzea, eta baita sare guztiak (Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita, Xavier Sarea, Gizarte Zentroak, Ecojesuit Europa Sarea eta gizarte ordezkarien sarea) Lehentasun Apostoliko Unibertsalen arabera eratzea ere. Alboanen delegazio batek ere parte hartu zuen topaketan, Martín Iriberri, gure zuzendaria, delegazioaren buru izan zelarik.

 

Kongresuak larrialdi klimatikoa izan zuen hizpide, eta premiazkotzat hartu zen Jaungoikoarekin, Kreazioarekin eta gizakiekin bizitzeko eta izateko era berria. Frantzisko Aita Santuak Laudatio Si’ eta Fratelli Tutti entzikliketan egiten digu deiaz kontziente izanik, eraldaketa egiteko gogo bizia adierazi zuten partaideek, suntsiketa ekologikoaren eragile nagusia populazio handitzea ez delako uste osoan zeudelarik.

 

Pertsona asko bidean bizi direla azaldu zuten, askotan itxaropenik ezean sufritzen, baina, aldi berean, partekatzean zentzua topatzen. Gerrak, pobrezia, klima aldaketa eta larrialdi ekologikoak direla kausa, desplazamendu masiboen garaian bizi gara. Ezin gara isilik geratu Mediterraneoan ikusten dugun etengabeko izuaren aurrean. Itsaso horretako migrazio-ibilbidea eta atxilotze-zentroak munduko arriskutsuenak dira.

 

Errealitate horren aurrean, Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitak egunero aintzat hartzen ditu pertsonan migratzaile eta errefuxiatuen harrera, sustapena eta integrazioa. Emandako testigantzak interpelatzen gaitu, eta gonbidatu ere bai, familia ignaziar gisa, hospitalitate-kultura bultzatzera.

 

Halaber, dei sendoa ere sentitzen dugu gure bizimodua, kontsumoa, harreman pertsonalak eta naturarekikoak beste era batera egitera. Ondorio gisa, esan beharra dago gure aldaketak islatu behar duela bizitzeko modu ezberdina eta xumeagoa, gure komunitate eta erakundeetan bertan hasiz, hain zuzen. Aurrean ditugun arazoak guztiz konplexuak dira; horregatik, funtsezkoa da urrats txikiak ematea, baina bitartean gazteekiko lankidetzan aritu, sistemaren aldaketa eraldatzailea lortu ahal izateko.

Kategoria: