Skip to main content

Guztiok gara Amazonia, defenda dezagun elkarren etxea

Somos Amazonía

Alboan eta Entreculturas erakundeek herritarrak mobilizatzeko kanpaina bultzatuko dute, Amazonia defendatu eta klima aldaketari aurka egiteko

 

Planetak nahikoa esan digu. Covid-19aren pandemiak eragindako osasun- eta ekonomia-krisiak ezin ditu ezkutatu bestelako krisiak, sistemikoak direnak, eta, beti bezala, lurralde eta gizarte ahuletan modu ezberdinean eta oso gogor eragiten dutenak.  Amazonia da, hain zuzen, horietako testuinguru bat.

Aita Santuak, Elkarren Etxeari buruzko hainbat mezuren bitartez eta “Amazonia maitea” exhortazio apostolikoaren bidez, eta baita gure erakunde aliatuek ere, ohartarazi digute oihan amazoniarraren garrantziaz ekosistemaren jasangarritasunerako eta ingurumen-orekarako, baina, aldi berean, azaldu ere egin digute oso hauskorra dela lurralde hori, interes militar, komertzial eta industrialen mehatxuengatik.

Amazonia bere defentsaren alde ari da borrokatzen. Izan ere, 2020. urtean, lurraldea eta ingurumena defendatzen zituzten pertsonen artean, 227 erailak izan ziren. Hamarretik bat emakumeak dira, eta, horrez guztiaz gain, genero indarkeriaren mehatxuari ere aurre egin behar diote. Beste pertsona asko ere, erailak gertatu gabe, indarkeria mota ugari sufritzen dituzte, soilik natura eta ingurumena defendatzeagatik.

Pertsona horiek gu guztiok defendatzen gaituzte, eta are gehiago, hurrengo belaunaldiak ere bai. Horiei, beraz, planeta zaintzearen ardura zor diegu.

Erauzketarako proiektuak aurreratzen diren heinean, Amazonia gero eta mehatxu larriagoan dago: hainbatek bizilekua utzi behar dute, eta deforestazioa areagotzen da. Horren ondorio zuzenak dira ingurumenaren degradazioa eta herri indigenen kultura eta identitatearen desagerpena, eta herri horiek oihanaren zaindariak dira, hain zuzen. Baina, aldi berean, klimaren egonkortasuna eta planeta guztiaren bizitza ere badaude kolokan, hau da, geure bizitza.

 

Zer egin dezakegu?

Amazoniak, zauriturik, garrasi egiten digu. Hainbat erakunde ari dira mobilizatzen, Amazonia babesteko: erakunde eta mugimendu indigenak, gizarte zibila, Eliza eta Giza Eskubideen edo justizia ekosozialaren aldeko GKEak.

Entreculturas eta Alboan GKEetan indarrak batu ditugu mugimendu global horrekin bat egiteko, eta martxan jarri dugu “Guztiok gara Amazonia, defenda dezagun elkarren etxea” kanpaina.

2022. urtean, gure lasterketa solidarioaren 11. edizioan, “Korrika egin Kausa baten alde” delakoan, Amazoniaren eta bertan bizi diren herri indigenen aldeko defentsarako bilduko dira fondoak. Gure laguntza helburu hauek izango ditu: kulturarteko hezkuntza elebiduna eta ingurumenekoa, gazteen lidergorako prestakuntza, ekonomia alternatibo eta jasangarriaren sustapena, arreta humanitarioa eta Panamazonika eremuko milaka pertsonaren babesa.

Hamabi hiritan antolatutako edozein probatan parte har dezakezu, edo bestela munduko edozein lekutan eman ahal duzu izena modalitate birtualean, eta zirkuituaren edozein unetan parte hartu. Horrela Amazoniaren defentsari lagunduko diozu. Hemen sar zaitezke: www.correporunacausa.org.

Naturaren Emakume defendatzaileak erakusketa interaktiboan ere sartu ahal zara. Bertan, natura defendatzen duten hamar emakumeren testigantzaren bitartez, ikusi ahal dugu zer-nolako eragin kaltegarria duten gure produkzio-moduek eta gure kontsumoak naturaren zainketan, eta horrek guztiak zein arrisku dakarkion planeta guztiko bizitzaren jasangarritasunari.

Erakusketa ikusgai dago online, kanpainaren webgunean, eta modu fisikoan, testigantza-bideoei eta bestelako material osagarriei lotutako 14 irudik osatuta. Material guztiak eskuragarri daude gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz. Halaber, gure kanpainarekin bat egiteko modu ezberdinak ere topatuko dituzu: sare sozialen bidez, gure hezkuntza proposamenetan parte hartuz eta zure laguntza ekonomikoa eskainiz.

Zure partaidetza funtsezkoa da klima aldaketaren aurkako borrokan, eta Amazonia eta herri indigenak zaintzearen aldeko egiteko. Gure planetaren defentsa, elkarren etxearena, pertsona guztioi dagokigu. Guztiok gara Amazonia. Konponbidearen partaide izan nahi baduzu, klik bat besterik ez duzu behar:  https://www.somos-amazonia.org/eus/