Skip to main content

Gazteen PartEkintza: bestelako herritarrak sortzen, parte-hartze antolatuaren bidez

Sabrina Burgos y Alto Volumen

Sabrina Burgosek koordinatzen eta bideratzen du Kolonbiako Fe y Alegría erakundearen PartEkintza programa.

Gazteen PartEkintza (ParticipAcción Juvenil) ekintzarako proposamen bat da, Kolonbian baztertuen eta babesgabeen dauden sektoreetako 13-25 urte bitarteko gazteei zuzendua, eta prestakuntza eta laguntza ematen die, herritarrek parte hartzeko eta partaidetza sozialeko prozesuetan aurrerapausoak emateko.  2017an, ia 2.000 gaztek hartu zuten parte, denak ere Fe y Alegríako zentro komunitarioetakoak edo ikastetxeetakoak.

 

Zer partaidetza-mota lortu nahi duzue programa honen bidez?

SABRINA BURGOS: Partaidetzaz ari garenean, buruan darabilguna da gazteak espiritu kritikoa lantzeko gai izatea eta, gainera, horretarako tresnak izatea. Horretarako, hiru jardun-ildo lantzen ditugu:

  • Herritarrek partaidetza sozialerako dituzten gaitasunak sendotzeko prestakuntza ematea, gero lagungarri gerta dakizkien giza eskubideen edo beste edozeren alde mobilizatzeko, begirada kritikoa garatzeko…
  • Jendeari eta gazteen kolektiboei laguntzea, bai Fe y Alegríako prozesuen esparruan eta bai aholkularitza-beharra duten bestelako kasuetan (proiektu bat egiteko, adibidez).
  • Mobilizazio-ekintzak. Ekintza zehatzak izaten dira, edo esperientziak partekatzea, edo benetan interesatzen zaien gai baten inguruan kanpainak martxan jartzea, baina betiere benetan herritar gisa jokatuz eta ditugun eskubideak erabiliz.

 

Nola jartzen da martxan mobilizazio-ekintza bat?

S.B.: Lehenik eta behin, testuingurua aztertzen dute. Alde horretatik, PartEkintza orain bertan sumindura-fase betean dago: onartezina dena ez onartzea. Arte- eta kirol-hizkuntzak erabiliz, komunitateko gainerakoekin elkarrizketa-prozesu bati ekiten diote, beren testuinguruko zerk ematen dien min mahai gainean jartzeko, eta gainera, gai horretan tartean diren beste eragile eta talde batzuekin harremanetan jartzeko.

 

Zer adierazpen-modu dituzte gustukoen?

S.B.: Sormen handiko pertsonak dira, eta indar handiko adierazpen-modu bat aurkitu dute artean eta kulturan. Gainera, arteari balio erantsi bat ematen diote beren ekintzen bidez, zeren eta egoera zail eta oso konplexuak adierazteko tresna bihurtzen baita artea gazte horien eskuetan. Gehien erabiltzen duten adierazpen-moduetako bat antzerkia da; zehazki, zapalduaren antzerkia. Partaidetzazko prozesu baten bidez eraldaketako ekintza bat lortzea izaten da halakoetan helburua. Teknika horrek lagundu egiten die aldaketarako bidea agerira ekartzen eta bide horretan zer alternatiba egon litezkeen ikusten. Musika ere erabiltzen dute; horren adibide da, esate baterako, Alto Volumen. Talde hori musikaz baliatzen da interesatzen zaizkien gaiez hitz egiteko, eta garrantzi handiko mezua ari dira zabaltzen: pertsona zintzoak gehiago gara. Alto Volumen taldeak, gainera, Fe y Alegría erakundearen kultur-etxea koordinatzen zuen Calin.

 

Ez dira nekatzen? Zein da talde horien etorkizuna?

S.B.: Prozesuaren barruan kontuan hartzen da belaunaldi berriek aurrekoak ordezkatu beharra. Bogotan, adibidez, bada ikastetxean irratsaio bat egiten hasi zen talde bat; Nacho Stéreo du izena saioak. Irratsaio horretan eragin politikoa lantzen dute. Martxan jarri zuen taldeko guztiek amaitu dituzte ikasketak, eta proiektuari jarraipena eman diezaioten gazteak prestatzen dituzte orain, horrela jarraitzen dute proiektuan lanean.