Skip to main content

Entreculturas eta ALBOAN erakundeen komunikatua, Nikaraguako populazioak bizi duen indarkeria sozialaren aurrean

Violencia social en Nicaragua

Nikaraguak gaur egun bizi dituen indarkeria eta errepresioa direla-eta, hainbat erakunderen erantzunekin bat gatoz pertsonen duintasun eta segurtasunaren aurkako atentatu hauek gaitzesteko: gutxienez 30 hildako, 400 zauritu baino gehiago, eta atxilotu edo desagertu ugari.

Indarkeriazko gertaeren kontrako errefusa eta kezka azaldu nahi ditugu, populazioa modu baketsuan manifestatu baita gizarte-segurtasunaren erreforma errefusatzeko eta herrialdeko gobernantza demokratikoaren gabezia salatzeko. Indarkeriaz egindako edozein erantzun gaitzesten dugu, nola estatuko erakundeen aldetik datorrena hala partikularrengandik eta gobernuak antolatutako taldeetatik datorrena. Erabat gaitzesten ditugu, bereziki, protesta baketsuetan izandako hilketak. Gertaerak era sakonean ikertzeko eta biktimekin justizia egiteko dei egiten dugu.

Halaber, Erdialdeko Amerikako Eliza Katolikoaren eta Jesusen Lagundiaren erakundeekin bat egiten dugu indarkeria errefusatzean eta giza eskubideen errespetua eta elkarrizketa defendatzean. Hauek dira aipatutako erakundeak: Erdialdeko Amerikako Probintzia, Nikaraguako Fe y Alegría, Erdialdeko Amerikako Unibertsitatea (UCA), Nikaraguako Hezkuntza Katolikoaren Federazioa (FENEC), Nikaraguako Apezpiku Batzarra, EJEGUA (Guatemalako Jesusen Lagundiaren hezkuntza jarduerak), eta Karibeko eta Latinoamerikako Probintzien Batzarra (CPAL).

Francisco Aita Santuaren hitzak ere nabarmendu nahi ditugu, eta baita nazioarteko komunitateak indarkeria errefusatzeko eta elkarrizketarako deia egiteko izan dituen erantzunak ere.

Erakunde, talde eta pertsonen aurka erabiltzen diren beldurrarazte, errepresio, indarkeria eta kontrola gaitzesten ditugu erabat, hala nola Nikaraguako Erdialdeko Unibertsitatearen eta bestelakoen kasuetan, bertan herritarren kontzientziaren prestakuntzan  eta gure baliorik funtsezkoen sustapenean dihardute-eta.

Giza eskubideak eta askatasun publikoak babestu behar dira edozein testuingurutan, bizitzarako eta hezkuntzarako eskubidea batik bat: Nikaraguako Fe y Alegría erakundearen 22 ikastetxe ixtera behartuta egon dira, eta, horrela, egunero bere geletara joan ohi diren ia 12.000 ikasleren hezkuntzarako eskubidea urratu da.

“Gobernuari errepresioa geldiarazteko eskatzen diogu, baita herritarrei gizabidezko protesta egiteko eskubidea ez kentzeko eta hilketa gehiagorik ez izateko ere. Halaber, komunikabideentzat adierazpen eta informazio askatasuna egon dadila, atxilotuak izan diren gazteak libre utz ditzatela, modu baketsuan manifestatzeko eskubidea gauzatzeagatik atxilotuak izan baitira.” Horrela salatu du Evarerardo Víctor-ek, Nikaraguako Fe y Alegría erakundearen zuzendariak.

Aldi berean, gure elkartasuna adierazi nahi dugu Entreculturas eta ALBOAN erakundeen bazkide diren Nikaraguako elkarteekin, beren zereginak ondoko hauek direlarik: Fe y Alegría, 12.000 ikasleri laguntzen die, eskolaurrean eta oinarrizko hezkuntzan, hezkuntza teknikoan eta pertsona helduen prestakuntzan, testuinguru ahuletan erabilitako heziketa programen bidez; Juan XXIII; Oinarrizko Eliza Komunitateak (CEBS), nerabe eta emakumeekin aritzen direnak; SJM (Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuita), lekualdatze-egoeran dauden pertsonei laguntzen diena; Juan XXIII; Cantera, Komunikazio eta Hezkuntza Herritarrerako Zentroa, gazteen kontzientzia kritikoaren garapenerako zentroa; ITLAPAN (Ikerketa eta Garapenerako Institutua), generoa kontuan hartuta garapen-ereduak bultzatzen dituena; IHCA (Erdialdeko  Amerikako Institutua), ikerketa eta errealitatearen azterketa eremuan diharduena. Halaber, gure doluminak helarazi nahi dizkiegu biktima guztien familiei, bereziki Loyola Ikastetxeko hezkuntza komunitateari, bertan Alvaro Manuel Conrado Dávilak ikasten baitzuen.

Gure elkartasuna ere helarazi nahi diegu hezitzaileei, lortu nahi dugun kalitate eta ekitatezko hezkuntza inklusiboa lantzeko ardatz nagusiak baitira Nikaraguako elkarte bazkideekin batera. Kontzientzia soziopolitikoan hezkuntza garatzea da erronka, ikasleengan gizartea modu kritikoan ulertzeko gaitasuna sortu nahian, baita giza duintasunaren balioa eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua bereganatu ere, horrek guztiak pertsonak eta planeta muintzat dituelarik.

Nikaraguako gazteen jarrera nabarmendu nahi dugu, erreibindikazioetan garrantzizko zeregina izanik, indarkeria eta errepresioa sufritzen dituzte-eta. Gure elkarteen gazteek laguntasun-loturak eta elkarren arteko konpromisoa mantentzen dituzte Nikaraguako gazteekin. Horiekin partekatzen dituzte gure herrialdeetan ditugun erronka nagusiak, eta guztion arteko bakea eraiki beharra.

Horregatik, Ortega presidenteari exijitu nahi diogu, ahalik eta lasterren, eta indarkeria saihesteko, demokrazia eta giza eskubideak oinarritzat dituen elkarrizketa nazionalerako dei egin dezala. Eta Espainiako Gobernuari, bitartekari-lanak egin ditzala Nikaraguako agintariekin, elkarrizketa hori modu inklusibo eta zabalean gauzatu ahal izateko, irizpide demokratikoak errespetatuz. Elkarrizketa horietan, biktimenganako erreparazioa eta justizia ere aintzat hartu behar dira.