Skip to main content

Mary Tere Guzman: “Itxaropena nola sortzen den ikusten dugu”

Alboan-eko zuzendariarekin batera, Garapenerako Lankidetzaren egoera eta berehalako erronkak jorratzen ditugu
Entrevista a Mary Tere, directora de Alboan

Zer esan nahi dute Alboan-en bost Bidezko Kausek?

Kausa horiek elkarrekin lotuta daude eta arazo handiekin zerikusia daukate. Horietako batean aurrera egiten dugun bakoitzean, aurrerapenak sortzen ditugu beste guztietan. Elkartasun-eskaerak eta -ekimenak bideratzeko moduak dira.

Gizarte- eta ingurumen-justiziaren kasuan, ingurumen-krisiarekin eta pertsonen bizitzari nola eragiten dion aztertzen da.

Giza Mugikortasunaren kausak pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak hartzen ditu kontuan. Pertsonek bizitza duina izan dezaten erreklamatzeko bidea da, edonon daudela ere. Batez ere, etxea utzi behar izan duten pertsonak. Horren bidez, munduko leku askotan egiten dugu lan, baina baita gure inguru hurbilean ere.

Genero-berdintasuna lortzeko ere lan egiten dugu. Nahiz eta erakunde globalak eta nazionalak berdintasunaren alde ari garen lanean, oraindik lan asko dago egiteko.

Azkenik, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da sustatu nahi ditugun aldaketez jabetzeko, defendatzeko eta horiei eusteko, eta hezkuntzarako eskubideak gaitu egiten ditu pertsonak beste edozein eskubide defendatzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.


Alboan-ek hiru hamarkada daramatza pobreziaren eta desberdintasunaren aurka lanean. Nola aldatu da urte hauetan lankidetzaren testuingurua?

Zibilizazioaren aldaketa azkarrenak ikusten ari gara: teknologia berriak sortzea, finantza-merkatuen hazkundea, ingurumenaren hondamena, migrazio-mugimendu handiak. Munduko konfigurazioa ere aldatu egin da. Lankidetza gizarte-mugimendu handi gisa hasi zenean, herrialde batzuetan aurrerapen-sentsazioa zegoen, baita elkartasun-beharra ere. Testuinguru hori ez da hain argia, ez eta Iparraldea eta Hegoaldea non dauden ere, eta uste dut hori dela sortu den aldaketa nagusietako bat. Lankidetzan aritzen garen herrialde askotan, hazkunde ekonomiko handia izan da, nahiz eta desberdintasunak bere horretan jarraitzen duen, eta gure inguruan, pobrezia- eta bazterketa-poltsa handiak daude. Beraz, munduaren konfigurazioa aldatu egin dela uste dut. Baina pobrezia-poltsekin, aberastasunaren birbanaketarekin eta generoak, sexuak, jatorriak eta abarrek eragindako desberdintasun konplexuagoekin zerikusia duten erronkek bere horretan jarraitzen dute.

Izan dugun aldaketa azkarrenetako bat indibidualismoa areagotzea eta gizarte askoz ere bakanagoak izatea izan da. Hurrengo urteetan izango dugun erronkarik handienetako bat da guztion ongiaren bila eta pertsona guztien eskubideen alde borrokatzen jarraitzea, eta munduko edozein lekutan gertatzen dena axolagabea ez izatea.


Zer lortu nahi zenuke Alboan-etik etorkizun hurbilean?

Gustatuko litzaidake jende asko inplikatzea munduan gertatzen dena ezagutzen, uste baitut errealitateak hainbeste izutzen gaituela, ez begiratzeko tentazioa egon daitekeela. Alboan-en mundu errealista eta aldi berean itxaropenez betea ikusi nahi dugu. Izan ere, lan egiten dugun leku horietan guztietan “kimu berde” asko daude, elkartasunerako gune asko, gertatzen ari denaz arduratzen diren eta inplikatzen diren erakundeak. Itxaropena nola sortzen den ere ikusten dugu, eta niri gehien gustatzen zaidana da kausa horietan gero eta jende gehiagok parte hartzea.


Zer esango zenieke Alboan babesten duten pertsona guztiei, boluntarioei eta erakunde aliatuei?

Lehenik eta behin, eskerrak ematen dizkiet, Alboan bizirik dago, gure lanak zentzua du, pertsona horiek hor bait daude. Lagun egiten digun jendea da, gurekin fidatzen dena. Alboan-en xedeari leial zaizkio, eta bat egiten dute gure ondoan eraikitzearekin, konfiantza dute gure lanean, irakurri, partekatu, zabaldu eta bat egiten dute beste mundu bat posible dela uste dutelako.

Hegoaldeko erakundeei eta pertsonei ere eskerrak eman nahi dizkiet, baita gure ingurukoei ere, horiekin partekatzen baitugu misioa. Gurekin lan egiten duten erakunde eta sare asko dira, guregan konfiantza dutenak eta gurekin daudenak.