Iristen ez den ikasgela

Gatazka armatuak, tentsio politikoak eta desberdintasun sozialak hezkuntza-eskubidea desegiten ari dira munduko leku askotan, isil-isilik. Sirian, Yemenen, Nigerian edo Hego Sudanen, esaterako, gune seguru izateari utzi diote eskolek, eta erasoen jomuga, base militar edo arrisku-eremu ari dira bihurtzen. 2013 eta 2017 artean, gatazka-eremuetan zeuden ikastetxeen aurkako mila eraso baino gehiago erregistratu zituen NBEk. Errealitate horren erdian, neskak dira kaltetu nagusiak, ez bakarrik ikasgeletatik kanpo geratzen direlako, baizik eta sexu-indarkeriari, larderiari eta are azido-erasoei ere aurre egin behar dietelako, ikasten saiatzeagatik soilik.
17 herrialdetan, eskoletarako bidean sexu-indarkeriako kasuak dokumentatu ziren. Haietatik 18tan, zuzenean ikasi nahi izateagatik eraso egin zieten neska batzuei. Urraketa sistematiko horrek, haien bizitzak arriskuan jartzeaz gain, egiturazko desberdintasun bat betikotzen du, etorkizun duina izateko aukera ukatzen diena. Hezkuntza Erasoetatik Babesteko Mundu Koalizioaren arabera, hezkuntza benetako gudu-zelai bihurtu da.
Oztopo bat lehen hezkuntzaren ondoren
Azken hamarkadetan Lehen Hezkuntzan izandako aurrerapenak gorabehera, neskek oraindik oztopoak aurkitzen dituzte haratago jarraitu nahi dutenean. Saharaz hegoaldeko Afrikan, Lehen Hezkuntzan matrikulatutako 100 mutikoko, 93 neskato baino ez daude. Gatazkan dauden herrialdeetan, hala nola Afganistanen, 80ra jaisten da kopuru hori. Baina ikasketak hastea lortzen dutenek ere oso gutxitan amaitzen dituzte: Nigerren edo Mauritanian, esaterako, Lehen Hezkuntza hasten duten nesken erdiak ez dira Bigarren Hezkuntzara iristen.
Kausak elkarri lotuta daude. Pobreziak oztopo ikusezin baina gupidagabea jartzen du. Matrikula doakoa izan arren, zeharkako kostuak –uniformeak, materialak, garraioa– ezinezko zama dira familia askorentzat. Krisialdi ekonomikoetan, mutilen hezkuntzak izan ohi du lehentasuna. Gainera, landa-eremuetan, neskek etxeko ardurak dituzte: anai-arrebak zaintzea, etxeko lanak egitea edo ura biltzea. Txaden, 100 mutileko 46 neska baino ez dira matrikulatzen Bigarren Hezkuntzan.
Etendako milioika istorio
Oro har, 264 milioi adingabe eta nerabe daude hezkuntza-sistematik kanpo. Eskolara joaten ez diren 6 eta 11 urte bitarteko 61 milioi haurretatik, % 53 neskak dira. Saharaz hegoaldeko Afrikan, 9 milioi ez dira inoiz ikasmahai baten aurrean eseriko. Etiopian, adibidez, landa-eremuetako neskarik txiroenen % 11k baino ez du lortzen Lehen Hezkuntza amaitzea; familia aberatsenetako mutilen % 85ek bai, ordea.
Baina eskoletara joateak ez du ikastea bermatzen. Herrialde askotan, hezkuntzaren kalitatea arriskuan jartzen dute ikasle gehiegi dituzten ikasgelek, prestakuntza eskaseko irakasleek eta baliabide-faltak. “Ikaskuntzaren krisi” deritzona da. Ghanan eta Malawin, bigarren mailako ikasleen % 80k baino gehiagok ezin ditu hitz sinpleak irakurri, hala nola, “katua”.
Aurkako ingurune horretan, genero-estereotipoek ere eragina dute. Neskak irakurketan nabarmentzen diren arren, mutilek emaitza hobeak lortzen dituzte matematiketan, eta ez gaitasun desberdinak dituztelako, baizik eta rol tradizionalak betikotzen dituzten faktore kulturalengatik eta gizarte-itxaropenengatik. Goi-mailako hezkuntzan ere jarraitzen du arrakala horrek: STEM diziplinetan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika), ikasleen % 35 baino ez dira emakumeak. Emakumezko ereduen faltak, haurtzarotik motibazio eskasa izateak eta oraindik irauten duten estereotipoek aukerak mugatzen dituzte.

Jomuga premiazko eta kolektiboa
Egoera horren aurrean, nazioarteak premiazko helburu bat ezarri du: doako eta kalitatezko 12 hezkuntza-urte bermatzea munduko haur guztientzat. Nazio Batuen 2030 Agendaren konpromiso nagusietako bat da. Hori lortzeko, ikasle bakoitzaren eskubideak babesteaz gain, gizarte justuagoak, ekitatiboagoak eta baketsuagoak eraiki behar dira.
Hezkuntza ez da, ez pribilegio bat, ez sari bat: eskubide bat da. Eta hura babestea, batez ere, krisialdietan, etorkizuna babestea da. Eskolarik gabe, ez dago berreraikitzerik. Hezitako neskatorik gabe, ez dago berdintasunik. Istorio hau ez da oraindik amaitu. Baina, amaituko bada, beharrezkoa izango da egunen batean neska bakoitzak itzultzeko ikasgela bat izango duela berma dezaketenek benetako konpromisoa izatea horretarako.