Skip to main content

Europako bira amaitu du estraktibismo garaietako ekologia integralaren aldeko karabana latinoamerikarrak

caravana latinoamericana por la ecología integral

Joan den apirilaren 5ean, Alboanek parte hartu zuen Estraktibismo garaietako ekologia integralaren aldeko Karabana latinoamerikarrarekin izandako topaketan, Lotu zaitez Justiziaren alde mugimenduko erakundeekin batera (Cáritas España, Manos Unidas, Justicia y Paz erakundeko Elizbarrutiko Batzordea, CONFER, CEIS eta REDES). Karabana osatzen duten kideak Latinoamerikako megameatzaritzak kalteturiko komunitateen pastoralistak, lider erlijiosoak eta aktibistak dira, eta, azken hiru asteetan, Europar Batasuneko hainbat herrialdetan egon dira, beren esperientziak azaltzeko eta elkartasun zubiak eraikitzeko eliz erakunde eta  kongregazio europarrekin.

 

Karabana CNBB Brasilgo Apezpikuen Konferentzia Nazionalak antolatu du, CEEM Ekologia Integraleko eta Meatzaritzako Batzorde Bereziaren eta IyM Elizak eta Meatzaritza Sareak lagundutako komunitateen bitartez. Karabanaren burua Monsinore Vicente Ferreira izan zen, Brumadinho herria barnean daukan elizbarrutiko apezpiku laguntzailea. Herri hori Brasilgo Minas Gerais Estatuan dago, eta, zoritxarrez, ezaguna da hondamendi sozioanbientalarengatik: 2019. urtean, meatze-garbiketarako presa baten hausturaren ondorioz, 272 pertsona hil ziren (11 desagertuta daude oraindik), baita lurraldeko komunitateentzat kalte handiak eragin ere.

 

Bi helburu ditu birak. Alde batetik, Brasilgo eta Kolonbiako lau herritan gertatutako meatzaritzaren eragin kaltegarriak, karabana latinoamerikarrari buruzko txosten berezian bildutakoak, ezagutzera ematea eta Europako Elizei, kongregazio katolikoei eta beste inbertsio-fondo batzuei aurkeztea Desinbertsioa Meatzaritzan kanpaina, Elizak eta Meatzaritza Sareak bultzatutakoa. Beste alde aldetik, biraren helburua da Europako erakunde katolikoei eta beste gizarte-mugimenduei laguntzea, enpresa europarrentzat eta beren balio kateentzat lege marko sendoak sortzea eskatzen duten mugimenduei, hain zuzen.

 

Belgika, Alemania, Austria eta Italian egon ondoren, joan den apirilaren 3an Espainiara ere heldu ziren, topaketa batzuetan parte hartzeko. Lotu zaitez Justiziaren alde mugimenduko erakundeekin izandako bileran, karabanako zenbait kidek partekatu ahal izan zituzten beren esperientziak eta itxaropenak.

 

Pedro Landak, giza eskubideen aldeko aktibista hondurastarra eta Elizak eta Meatzaritza Sarearen kidea denak, azpimarratu zuen Nazio Batuetan negoziatzen ari den Enpresa eta Giza Eskubideen Itun Loteslearen garrantzia. Itun horrek esparru juridikoa eskaintzen du Estatuek sendo konprometitu daitezen giza eskubideen errespetuan eta, aldi berean, enpresen betebeharra ezartzen du beren jarduerak sor ditzakeen balizko kalteak prebenitzeko eta konpontzeko. Horrez gain, adierazi zuen Behar Adinako Arretari buruz egingo den Zuzentarau europarrak bide hori hartu beharko lukeela.

 

Marina Oliveirak, Belo Horizonteko Artxidiozesiko proiektuen koordinatzaileak, oso testigantza argia azaldu zuen. Marina bizirik atera zen Brumadinhoko hondamenditik, eta 2019. urtetik hona tokian tokiko komunitateei laguntzen die justiziaren bila jarduteko. Hasieratik Minera Vale S.A. enpresa, hondakinak kudatzearen arduraduna, bere betebeharra minimoan ezartzen saiatu da. Kalteturik gertatu ziren 7.000 langileetatik, adibidez, Vale S.A. enpresarako zuzenean lan egiten duten 500 langileak soilik sartu dira enpresak Estatuarekin sinatu zuen erreparatze-akordioan. Besteak kanpoan gelditu dira, enpresa subsidiarioentzat lan egiteagatik. Horregatik, Marinaren ustetan, betebeharrak zabaldu behar dira balio kate osoan, eta enpresa batzuetan soilik mugatu gabe.

 

Brumadinho ez da kasu bakan bat. Pedro Sánchez Elizak eta Meatzaritza Sareko koordinatzaileak adierazi zuenez, ingurumenean kalteak eta giza eskubideak urratzea ohikoak izaten dira. Hori dela eta, egoera larriagotzen ari da, trantsizio energetikorako mineral berrien eskaeragatik eta Ukrainako gerrak sortutako krisiagatik. Panamazoniako lurraldeetan, azaltzen du Sánchezek, ia ibai guztiek badituzte merkurioa edo beste metal astun batzuk.

 

 

Mikael Carvallok, Justicia Nos Trilhos mugimenduko kideak, azaldu zuen Brasilgo Amazoniako Piquiá de Baixo delako komunitateak borrokatzen aritu direla, hiru hamarkada baino gehiagotan, meatze-galdategietako eragin kutsagarrien kontra. Komunitate horiek, hain zuen, ordaintzen dituzte Europako industriek eskatzen duten burdina ekoiztearen ondorio sozialak eta ingurumenekoak. Carvalloren ustez, beharrezkoa da Behar Adinako Arretari buruz egingo den Zuzentarau europarrak estandar zorrotzagoak jartzea, bestela enpresek probetxua atera dezakete utzitako hutsuneetatik status quo mantentzeko.

 

Alboan eta Entreculturas erakundeetatik, sinaduren bilketa bultzatu dugu Guztiok gara Amazonia kanpainaren barnean, Behar Adinako Arretari buruz egingo den Zuzentarau europarrak eskubideak urratzen dituzten enpresen inpunitatea amaitutzat eman, eta kalteturiko pertsona eta komunitateak justiziarako sarbidea erraztu dezan.

 

Sar zaitez hemen, visibles.org, eta justizia egingo duen lege baten alde sinatu.

 

Ekologia integralaren aldeko Karabana Latinoamerikarra Lotu zaitez Justiziaren alde mugimenduko erakundeekin. Egilea: Gonzalo Violero