Burundin erresilientzia ereiten duten emakumeak
Burundin, klima aldaketaren eragina indartsu sentitzen da zelaietan. Lehorte luzeek, euri irregularrek eta uholdeek nekazaritza-zikloak aldatu dituzte, eta oinarrizko elikagaien ekoizpena murriztu dute, hala nola artoarena eta babarrunena. Uztak galtzeak elikadura-ziurtasunik eza larriagotu ez ezik, familia asko lur emankorragoen bila joatera bultzatzen ditu.
Eszenatoki horren aurrean, agroekologia alternatiba sendo eta jasangarri gisa azaleratzen ari da. Ikuspegi horrek nekazaritza-jarduera tradizionalak berreskuratzen ditu, laboreen aniztasuna sustatzen du eta lurzorua hondatzen duten sargai kimikoen mendekotasuna murrizten du. Gainera, komunitateei elikagai anitzagoak eta elikagarriagoak ekoizteko aukera ematen die, autonomia indartuz.
Baina eraldaketa horretan funtsezko elementu bat baldin badago, emakumeen papera da. Burundin, gehienak nekazaritzaren mende daude bizirauteko, nahiz eta oraindik ere oztopo handiak dituzten lurra, baliabideak eta erabakiak hartzeko. Egiturazko desberdintasun hori dela eta, bereziki ahulak dira klima-aldaketaren eraginen aurrean.
“Emakumeak nekazaritza-ekoizpenaren erdigunean daude, baina ezin dute beti horri buruz erabaki”, azaldu du Marie Reine Ndoricimpa Alboanen aliatua den Inades-Formation Burundiko proiektu eta genero arduradunak.
Formakuntza eta emantzipazioa, eskutik helduta
Errealitate horri aurre egiteko, Inades-Formation Burundik, Alboanen laguntzarekin, prestakuntza agroekologikoa eta emakumeen ahalduntzea uztartzen dituzten ekimenak bultzatzen ditu. Programa horien bidez, emakumeek teknika jasangarriei buruzko ezagutzak lortzen dituzte, baina baita beren eskubideei eta komunitatean duten zereginari buruzkoak ere.
Alderdi eraldatzaileenetako bat da aurrezki-taldeen bidez kreditu txikiak eskuratzea. Tresna horiei esker, emakumeek diru-sarrerak sortzen dituzten jarduerak has ditzakete, eta beren baliabideak izan ditzakete. Horrek eragin zuzena du emakumeen autonomian eta etxean erabakiak hartzeko gaitasunean.
Genero indarkeria edo parte-hartze politikoa bezalako funtsezko gaiak ere jorratzen ditu lanak. Formazio eta elkarrizketa guneen bidez, emakumeen zein gizonen pentsamoldea aldatzea sustatzen da, harreman berdinzaleagoak eta komunitate justuagoak sustatuz.
Klimaren ziurgabetasunak markatutako testuinguruan, Burundiko landa-eremuko emakumeak aldaketarako funtsezko eragileak direla erakusten ari dira. Agroekologiaren eta bere lidergoaren alde egiteak elikagaien segurtasuna hobetzeaz gain, etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterako bidea irekitzen du.







