Skip to main content

"Gatazkarik gabeko Teknologia bezalako proposamenek hiritar aktiboak sortzen dituzte"

Harri Beobide

Harri Beobide Ikastolen Elkarteko DBHko Gizarte Zientzietako koordinatzailea da.

Nola ezagutu zuen Ikastolen Elkarteak Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainaren proposamena?

DBH 3 -rako unitate bat egin nahi genuen desberditasunen gaia lantzeko. Konpetzentzietan oinarritzen da gure lana eta desberdinatasun motak eta horien kausa eta ondorioak aztertzeaz gain, desberdinkeriei aurre egiteko ekintzak martxan jarri ahal izatea bilatzen genuen. 15-16 urteko adinean simulazioekin lan egin beharrean egoera erreal bati benetan aurre egiteko garaia zela pentsatu genuen. Gizarte Zientzietan gai bereko unitateak bagenituen aldez aurretik eta bertan Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuen jarduerak jasotzen genituen, ALBOANen batzuk barne, ALBOAN beraz aldez aurretik ezagutzen genuen. Material berrirako Euskal Herri osoa hartzen zuen erakunde bat behar genuen, Ikastola guztiek izan zezaten parte hartzeko aukera, eta denboran zehar iraupena izango zuen kanpaina bat. ALBOANeko Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpaina egokia zela ikusi genuen: gai garrantzitsu eta interesgarria, ikasleak kontzientzia hartzeko aproposa eta  ikasleen parte hartze aktiboa ahalbidetzen baitzuen.

Laburbildu dezakezu nola lantzen duzuen kanpaina?

Ikasleak arazo egoera baten aurrean jartzen ditugu eta horri aurre egin behar diote unitatean zehar ikasten dituzten eduki eta prozedurak erabiliz. Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainaren bideo bat jartzen zaie eta ikasleek bertan agertzen diren  desberdikeriak aztertzen dituzte, horien jatorriak,  sortzen dituzten ondorioak  etb. Horrekin batera egoerari aurre egiteko modu desberdinak daudela ikusten dute. Proiektu bat aurrera eramaten dute, ALBOANeko kanpainan parte hartzeko kanpaina bat sortzen dute nolabait eta modu honetan ekarpen konkretu bat egin dezaketela ikusten dute. Ikasleak asko inplikatzen dira, eta hori beraien gizarteratze prozesuan, hiritar aktibo sentitze horretan, oso garrantzitsua da.

Kanpaina beraz eraginkorra da hiritartasun global ikuspegia lantzeko, hiritartasun ikuspegia zabaltzeko…

Bai.  Ikaslea persona bezala hezi behar dugu beti, baina konpetentziatan pentsatzen hasten garenean hori areagotu eta indartu egiten da, batez ere DBHko mailatan, HHn oso garbi baitaukate. Norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta ekintzailetasuna irakatsi eta ikasi egiten da. Ikastolen Elkartean hiritar aktibo eta kritiko bihurtze hori gure konpetentzia sozialen lanketan oso barneratuta daukagu. “Sentitu, pentsatu, ekin” metodologia jarraitzen dugu: gertatzen denaren aurrean ikasleek euren sentimenduak hausnartu behar dituzte, pentsatu behar dute nola kokatu aztertutako errealitate horretan eta nola ekin horren aurrean jarduera konkretuak martxan jarriz.

Gatazkarik Gabeko Teknologia bezalako kanpaina batek eskoletan eragina izan dezan, nola landu beharko litzateke?

Gai bat garrantzitsua bada eta ikaslearengana iritsi behar dela uste badugu, kurrikulumean sartu behar da, programazioan, gelan. Kasu honetan gizarte zientzietan dago kokatuta, guk egin nahi genuenarekin lotura duelako. Ez da “aparte” egiten den zerbait edo orduz kanpo. Programa barruan egiten da, klase normaletan.