Skip to main content

“Eskola gizartea eraldatzeko eragile bat da"

Flor Russo

Flor Russo, Jesuitak Indautxuko Hezkidetza Lantaldea


Badira sei urte Begoñako Andra Mari ikastetxean (Jesuitak Indautxu) emakumezkoak ahalduntzeko eta haien ekarpenak ikusarazteko nahikoa ahalegin egiten ez dela entzuten hasi ginenetik. Hori dela-eta, “Historia aldatu duten emakumeak" diziplina anitzeko proiektu bat sortu zen, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakasleek landu zutena. Era berean, jada EDUKALBOAN fundazioan aipatu izan dugun Talde Feminista sortu zuten ikasleek. 2013-2014 ikasturtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeek hezkidetza-planak egiteko antolatutako kanpainaren ostean, Begoñako Andra Mari ikastetxeak parte hartzea erabaki zuen, eta lehenengo itundutako zentroetako bat izan zen, ALBOAN fundazioarekin bat eginda. Ordutik, Flor Russok lantalde horretan dihardu lanean, eta bere esperientziaz mintzo zaigu.

 

Zerk bultzatu zintuen lantalde horretara batzera?
Hasiera-hasieratik ikusi zen taldeak hezkuntza-komunitate osoko ordezkariak behar zituela, guztiok laguntzen baitugu ikasleen hezkuntza integralean eta ikastetxean bultzatzen den pertsona motaren garapenean. Proiektuko koordinatzaileak taldean sartzeko esan zidan, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen (AZL) ordezkari gisa, eta ezin izan nuen ezetzik esan; izan ere, gonbidapen hura aukera paregabea iruditu zitzaidan nire pentsaerarekin bat egiten duen proiektu batean parte hartzeko. Gainera, aukera ona iruditu zitzaidan hezkidetza, arlo akademikoaz gain, ikastetxeko beste arlo batzuetan ere lantzeko, eta uste dut egin nahi ditugun aldaketak egiteko behar-beharrezkoa dela inplikatzea eta konprometitzea.

 

Zure ustez, zein egoeratan dago ikastetxea, berdintasunari dagokionez? 
Ikastetxean bizi dugun egoera gizartearen isla da, baina lanean ari gara gauzak aldatzeko. Neska-mutilek helburu berberak lortzea nahi dugu, baina oraindik ere oztopo eta aurreiritzi batzuk gainditu behar ditugu. Oraindik bide luzea dugu egiteko.

 

Hezkidetzaz hitz egiteak erresistentzia eragiten al du?
Edozein aldaketak edo ohikoa ez den bestelako pentsaerak erresistentzia eragiten du. Batzuetan ikasitakoa baztertu behar izaten da, eta hori ez da batere erraza. Hezkidetzarekin hori gertatzen da, aurreiritzi asko ditugula. Pertsona batzuek oso garbi ikusten dute, baina beste batzuei kosta egiten zaie zer den, zer ekartzen duen eta guk arlo horretan zer ekarpen egin dezakegun ulertzea. Are gehiago, bada irudipen bat hezkidetzarik behar ez dugula eta jada dena lortu dugula sinestarazten diguna, eta horren ondorioz, zailagoa egiten zaigu lantzen eta sakontzen jarraitzea.

 

Abian jarri duzuen prozesuan, zein da zuen hurrengo erronka?
Hezkidetza-plana Ikastetxeko Planaren benetako zati izatea, hezkidetzan hezitzaileok, familiak eta ikasleak inplikatzea, eta gure Hezkuntza Proiektuaren oinarrizko zeharkako alderdi gisa planteatzea.