Skip to main content

Boluntariotza, lehen pertsonan. Fernando Sánchez Aranaz

Voluntariado, en primera persona

Fernando Sánchez Aranaz Alboaneko boluntarioa da Gasteizko egoitzan 2016az geroztik. Lehen pertsonan kontatzeko eskatu diogu zerk ekarri zuen Alboanera eta nolako esperientzia izan duen.

"Donostian jaio nintzen, zehatzago esateko, Grosen, ez baita gauza bera. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat Arabako Lautadako herri batean. Grosen, Nafarroa hiribidea eta Ulia mendiaren magalaren artean zegoen, eta hantxe jarraitzen du, Jesusen Lagundiko San Ignazio ikastetxeak; han sartu nintzen sei urte bete baino lehen eta ia hamabi urte egin nituen ikastetxe horretan eta gaur egun oraindik ere, erabat ez dudala utzi esan dezaket.

Historian lizentziaduna naiz, elkarteen kudeaketa-gaietan eta kultur kudeaketan ibili naiz, kazetaritzan ere bai, eta ohikoa denez, baita historian ere; fikziozko narratiba ere landu dut.

[[{"fid":"5974","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"403","width":"265","class":"media-element file-default"}}]]

Niretzat aire freskoa izan zen Jorge Mario Bergoglio jesuita aita santu egitea 2013ko martxoan; Frantzisko izena hartu zuen. Jesusen Lagundiak nigan utzitako aztarnaz ez nintzen gehiegi ohartzen ordura arte, eta orduan azaleratu zen, batez ere “axolagabekeriaren globalizazioa” salatzen zuen “Evangelii gaudium” aholku-hitz apostolikoa eta “Lumen fidei” eta “Laudato si” entziklikak irakurri ondoren. Edozein ontzitara egokitzen den pentsamendu likidoaren, are pentsamendu gaseosoaren, garai honetan berraurkitu nuen Jesusen Lagundian hainbesteko mira nion pentsamendu solidoa.

Besteak beste, garai bateko ikastetxearekin berriro harremanetan jartzea erabaki nuen, 2016an berpiztu zen Ikasle Ohien Elkartearen bidez.

Bestalde, beti uste izan dut gizateria ez dela askotan elkarren aurka dauden konpartimentu estankoen multzo bat, baizik eta errealitate independenteen osotasuna dela; horregatik interesatzen zitzaidan Alboan. Gizakien arteko elkartasunari buruzko esperientzia izan nuen garai batean zenbait erakundetan, baita errefuxiatuei harrera egin ere Bosniako gerran, baina Alboanen aurkitu nuen elkartasunaren dimentsio oso garrantzitsu bat, hau da, hezkuntzari eskaintzen zaion dedikazioa; logikoa zen hala izatea, Jesusen Lagundiaren karismetako bat izan baitzen hasieratik.

Horrela iritsi nintzen Arabako Alboanen taldera 2016an eta, besteak beste, Mateo Aguirre jesuita ezagutzeko pribilegioa izan dut. Garai hartan beste herrialde batzuetatik etortzen ziren kideekin topaketak eta hitzaldiak antolatzen genituen, haien nahiez eta gorabeheren berri izaten genuen, Gatazkarik gabeko teknologia sustatzeko kanpainan lankidetzan aritu ginen, Emakumeak martxan ekimeneko kolektiboak babestu genituen eta, urtero hartzen genuen parte lasterketa solidarioaren antolaketan. Pandemia aurreko fasea gure lehenengo ekitaldi “Gastrosolidarioarekin” amaitu zen.

Pandemiaren ondorioz bi urtez jarduerarik egin gabe egon ondoren, nahiz eta boluntario‑taldearen arteko komunikazioa ez eten, orain Araban boluntario-taldea berreraiki beharra dugu; bide onetik doa, garai batean Alboanekin lankidetzan ibili zirenen laguntza ordainezinari esker, baita Alboaneko gainerako kideei esker ere; denen izenak esan nahiko nituzke eskerrak emateko, baina hainbeste direnez, aldizkari honetan gainerako albisteentzako tokirik gabe geratuko ginateke.

Denok elkarrekin aurrera eraman nahi ditugu Alboanen Marko Estrategikoan adierazitako Bidezko bost kausak, lehen aipatu dugun hezkuntzara sarbidea bermatzea eta beste hauek: pertsona errefuxiatu eta migratzaileen babesa, ingurumen-justiziaren sustapena, partaidetza eta herritartasun globala sendotzea eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea.

 

Fernando Sánchez Aranaz