Skip to main content

Nikaraguako indarkeria eta errepresioaren aurrean: elkarrizketa eta bakea exigitzen dugu

Ante la violencia y represión en Nicaragua: exigimos diálogo y paz

Gaur bat egiten dugu Madrilen dagoen Nikaraguako ordezkaritza diplomatikoari eskutitzak emateko nazioarteko ekintzarekin. Horrela, herrialdean gertatzen den indarkeria geldiaraztea exijitzen dugu eta, aldi berean, elkarrizketa eratzea.

Maiatzaren 18tik, Nikaraguak herriaren erantzun gogorra bizi du Daniel Ortega eta Rosario Murilloren gobernuaren aurka. Hasieran, herrialdeko unibertsitateetako ikasleek egin zituzten pentsioen sistema aldatzearen aldeko protestak. Daniel Ortegak gidatzen duen gobernuaren erantzuna erabat ikaragarria izan da lehenengo momentutik. Horrela jardun dute gobernuaren kide diren indar paramilitarrek eta matxinaden aurkako polizia destakamentuek.

Zifra ofizialak eskuratzea oso zaila izan ohi da, baina Giza Eskubideen aldeko hainbat erakundek ehun pertsona inguru hil direla eta berrehun baino gehiago espetxeratu dituztela kalkulatzen dute. Hamarnaka pertsonak desagertuta jarraitzen dute, eta pertsona zaurituen kopurua oso handia da.

Ikasleen sumindura indartu dute gizarte zibilaren hainbat taldek, enpresen sektoreko batzuek, elizak… Modu baketsuan irten dira bikote agintariaren aurka protestatzera eta, hilketa eta desagerketen aurrean, justizia eta errepresioa geldiaraztea exijitzera, baita Nikaragua demokrazia eta bakearen bideetara itzul dadila ere.

Halaber, Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko (UCA) Errektorea den Aita José Alberto Idiáquez SJk jasan dituen mehatxuen berri eman nahi dugu. Mehatxuak gertatu dira Apezpiku Konferentziak antolatutako Elkarrizketarako Mahaian parte hartzeagatik. Era berean, Giza Eskubideen Konferentzia Interamerikarraren  (CIDH) jarrerarekin ados gaude erabat: “giza eskubideen urraketa larriak” salatu ditu eta egindako zenbait gomendio entzun ere ez ditu egin gobernuak.

UCA unibertsitate jesuitak eraso bortitza ere jaso zuen maiatzaren 30ean, hildakoen aldeko elkartasunean egindako manifestazio jendetsua amaitzean. Milaka pertsona UCAn babestu ziren, manifestariei frankotiratzaileek egindako tiroengatik eta gobernuaren kide diren “indar parapolizialen” erasoagatik. Bi manifestari hil zituzten eta zauritu ugari gertatu ziren.

Fe y Alegría erakundearen Nazioarteko Federazioak, herrialdeko hainbat lurraldetan herri hezkuntzarako mugimenduak (ALBOAN partaide da), errepresioaren eta indarkeriaren gaitzespena adierazi du.

Entreculturas eta ALBOAN, Nikaraguako anai-arrebekiko elkartasunean:

Manifestarien kontra egin den bidegabeko eraso ikaragarria gaitzesten dugu, biktimekiko eta beren familiekiko elkartasuna adierazten dugu, baita gure laguntza Erdialdeko Amerikako Unibertsitateari (UCA) ere. Halaber, apezpiku nikaraguarrak egiten ari diren bitartekaritza-lanaren alde jokatu, eta premiazko deialdia egiten diegu Nazioarteko Erakundeei, bereziki Amerikako Estatuen Erakundeari (OEA) eta munduko gobernu demokratikoei herrialdearen demokratizazioa exijitzeko eta babesteko, orain elkarrizketarako bideak zabalik daudenean.

Hainbat herrialdetan garatzen ari diren ekintzen barnean, gaur bertan Nikaraguako Enbaxadari eman diogu eskutitz bat, hango herritarrekiko elkartasuna adierazteko. Ahal dugun heinean, laguntza eskaini nahi dugu gure testuinguruan hango egoeraren berri emateko eta krisialdi honen irtenbide demokratikoa lortzeko beharraz ohartarazten duten gizarte eragileekin ekintza bateratuak bultzatzeko, Nikaraguako herri maiteari krisialdiak sufrimendu latzak ematen dizkio-eta.