Skip to main content

Justizia Meatzaritzan, "Laudato si´ gauzatzeko sarea

Justicia en Minería

Bere osotasunean plazaratzen dugu hemen “Justizia Meatzaritzan” Sare global inaziarrari buruzko ondoko artikulu hau, Miguel  Ángel Malaviak idatzitakoa, eta 2020ko ekainaren 27an Vida Nueva Digital delakoan argitaratutakoa. Guillermo Otano, ALBOANeko kidea, Sarearen koordinatzailea da gaur egun.


Ignazio Loiolakoaren seme-alabak, gaur egun, Frantzisko Asiskoaren seme-alabak ere badira. Ez da bakarrik Aita Santuak Poverelloren  izena duelako, baita planetaren defentsa egiten duelako ere, munduan zehar bultzatzen dituen ekintzen ardatza delarik injustizia klimatikoaren biktimen eskubideak aldarrikatzea. Horren adierazlea da Justizia Meatzaritzan, Jesusen Lagundiak mundu mailan ezarritako Eragin Globalerako lau Sareetariko bat. 


Pedro Landak, Honduraseko Jesusen Lagundiaren ERIC Hausnarketa, Ikerketa eta Komunikazioko kideak, azaldu du “eragin globalaren sare hauek eratu zirela 2008an egindako 35. Kongregazio Orokorrak adierazitakoa kontuan hartuta. Bertan, prepositu orokor gisa hautatua izan zen Adolfo Nicolás, duela gutxi zendu dena. Preposituak enfasia jarri zuen erronka global berrietan, eta erronka horien aurrean Jesusen Lagundiak “gorputz unibertsal gisa lan egin behar du, misio unibertsala izanik.”


Erantzun zehatzak

Lanerako egitura hauek Lagundiaren SJES Justizia Soziala eta Ekologia Idazkaritzak bideratzen ditu, eta bertako zuzendaria da Xavier Jeyaraj jesuita indiarra. Erantzun zehatzak ematen saiatzen dira “garrantzi handia duten arloetan: behartutako migrazioetan, ekologian, hezkuntzarako eskubidean edo justizia meatzaritzan.” Valeria Méndez de Vigo espainiarrak, SJES sare bidezko Lan, Eragin publiko eta Komunikazioko koordinatzaileak, azpimarratu du “ardura hori”, eta nabarmendu du “eguneroko lanak ardatz nagusitzat daukala beti ikuspuntu globala.”


Landak azaldu duenaren arabera, Justizia Meatzaritzan Sareak bere baitan biltzen ditu “mundu osoko jesuiten zentro sozialak eta erakundeak, inaziotar espiritualitatean eta Laudato sí entziklikan oinarritutakoak. Meatzaritzaren eraginaren menpe bizi diren komunitateei laguntzen diete Latinoamerika, Afrika eta Asiako lurraldeetan. “Gure laguntzaren bitartez, komunitate horiei ahotsa eman nahi diegu beren arazoetan, eta, halaber, aintzat hartzen dugu, meatzaritzaren ondorio negatiboez gain, garapen-ereduari buruzko eztabaida publikoa, askotan garapen motak inpaktuak ekartzen baititu berekin.” 

Koronabirusaren aurrean

Erakunde jesuita honek, bestelako arloen artean, herritarren kontzientziazioa eta eragin politikoa lortzeko modua lantzen ditu. Horrela, adibidez, maiatzaren 11n, komunikatu bat argitaratu zuten azaltzeko “COVID-19aren pandemiak kalte hondatzaileak ekarri dituela bereziki komunitate kalteberentzat, aldez aurretiko abiapuntu-egoera ere guztiz larria baitzen jadanik, meatzaritzako ustiapenak beren ingurumenean sortutako kalteengatik. Kalte horiek hainbat arlotan nabaritzen da: ekonomian, segurtasunean, hezkuntzan, elikaduran eta komunitate eta familien komunitateetan”. “Egoera honetan -defendatu dute-, elkartasun eta lankidetzaren balioak izan beharko genituzke gidatzat; bestela, gizarteko baztertuak eta kalteberagoak direnek pandemiaren alderdi gogorrena izango dute, epidemia bilakatzen den bitartean, eta krisiaren ostean.”

Guillermo Otanok, ALBOANeko kideak  eta Justizia Meatzaritzan Sareko koordinatzaileak, adierazi du “pandemiak izan duen mundu mailako hedapenak larriagotu du hainbat komunitateren egoera. Beraiekin dihardugu lurralde ezberdinetan. Gehienak pobrezian bizi dira, nahiz eta naturako ondasun ugari izan. Ez dute hezkuntzarako, osasunerako edo bestelako oinarrizko beharretarako  sarbiderik. Krisialdi sanitarioan, arazo horiek larriagoak izango dira. Gaur egun, badakigu heriotza-tasa handiagoa dela pertsona kalteberen artean, eta pandemia honek osasunean izango duen eraginari gehitu behar zaizkio kalte ekonomikoak, lurralde horietako konfinamendu-neurrien ondorioz.

Guanipol kasua


Jakina, begirada globala izanda ere, Justizia Meatzaritzan lokatzetan ere bustitzen da, eta interes ekonomikoengatik kolokan dauden komunitateekiko apustua praktikan gauzatu du: enpresa handiak, gehienak nazioartekoak, tokiko gobernuekin elkartzen dira pertsona kalteberen eskubideak deuseztatzeko. Horrela, ERIC-Radio Progreso irratia, gizarte zibileko elkarteekin batera, Guanipol deituriko kasuan erabat konprometituta dago.


“Franciscorekin eta Laudato sí entziklikarekin -ERICeko kideak erreibindikatzen duen moduan-, meategietako ustiapen-energetiko motaren biktimen borroketan laguntza ematen dugu. Hondurasen, iparraldeko parrokia jesuitari dagokion Guanipol komunitatearen kasuan, errealitate horren kasu adierazgarriaren aurrean gaude, duela bost urte baino gehiagotik: Erdialdeko Amerikako familia boteretsuenetariko bati aurre egin behar diogu, familia horrek suntsitu nahi baitu 200 komunitate baino gehiagori ura ematen dion Parke Nazionala.”


Botere ekonomikoari aurre eginez 


Landak zehaztu duenez, “horrela da: hasieran, 14 komunitateren borroka izan zen, baina gaur egun izaera nazionala du. Borroka horrek 32 lider dauzka, eta horietako asko San Isidro Labrador Parrokiako pastoraltza-eragileak dira. Meategietako enpresei eta kapital handien menpe dagoen epai-sistema ustelari aurre egin diete. Gatazkaren ondorioz, errepresio militarrak eta polizialak hiru hildako, gutxienez, utzi ditu; 32 lider akusatuak izan dira gorte nazionaletan, eta horietako zortzi, bidegabe kartzelatuak; horrez gain, kalte ekologiko larriak ere sortu ditu boteretsuen ekintzak. Borrokan ura eta bizitza besterik ez dute defendatu komunitateek.”


“Badakigu -giza eskubideen defendatzaile hondurastarrak gehitu du amaieran- ustiapen-sistemaren aldaketa ez dela erraza izango, baina uste osoa dugu une historiko honetan Jaungoikoak eskatu digun zeregina dela. Beraz, eginkizun hori bete behar dugu. San Inazio Loiolakoak gogorarazten digunez, ´maitasuna ekintzetan jarri behar da hitzetan baino gehiago´. Zerbitzua eta maitasuna emateko gaitasuna erakusteko garaia da”.