Skip to main content

Inades-Txad: ur-tanta bat basamortuan

INADES de Burundi

Txaden, INADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Institutu Afrikarrak helburutzat dauka ekonomia sozial eta solidariorako ekimenak abian jartzea, kalteberetasunean bizi diren pertsonak ekimen horien muina izan daitezen.

Inades-Txad erakundeak diseinatu duen proiektuaren xedea da Txad lakuaren arroan bizi diren emakumeentzat gaitasunak eta bizibideak sortzea, lehorteak, langabeziak eta generoaren desberdintasunak kalteturiko inguru latzean bizi baitira. Ekimenaren bidez, Garapenerako Euskal Agentziaren laguntza ekonomikoa duenak, nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten 30 elkarte ingururentzako ekintzak garatzen dira. Guztira, 740 pertsonak parte hartzen dute prestakuntza teknikoetan -10etik 9 dira emakumeak. Halaber, hezkuntza eskaintzen da eskualdeko gazteentzat, Bougoudang-eko Nekazaritza Elkargo Profesionalean. Emakume partaideen artean, 40 ama nerabe ari dira lanbide ezberdinetan prestakuntza hartzen. Proiektuaren barnean ere badago ur-putzuak eraikitzeko helburua, eta horretarako, hain zuzen, bultzatzen da emakumeen partaidetza, beraiek izan daitezen putzuen kudeaketa eta komunitatearen bestelako jarduerak eramango dituzten arduradunak.

 

Ivere Togueyam-ekin hitz egin dugu, modu sakonagoan, Txaden daukaten lana antolatzeko  moduaz:

Inades-Txad erakundearen ekimenak helburutzat dauka emakume gazteekin lan egitea. Zer dela-eta?

Inades-en, emakumeen autonomia bermatu nahi dugu, eta, hori ahalbidetzeko, hau da, emakumeek beren bizimodua era autonomoan atera dezaten, ekintzak garatzen ditugu. Emakume gazteak dira, nerabeak, baita neskatoak ere. Bermatu nahi dugu lanbide bat ikas dezaten eta, finantzaketa- eta kreditu-sistemarako sarbidea lor dezaten, beren ekimenak abian jartzeko helburuaz. Prestakuntza mistoak eskaintzen ditugu, baina ahalik eta emakume gehienengana heldu nahi dugu. Prestakuntza horietan, kontu orokorrak lantzen ditugu, eta, baita emakumeen egoerari dagozkionak ere, uste dugulako oso garrantzitsua dela gizonek ere arazo horretaz ohartu behar dutela.

[[{"fid":"3466","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"501","width":"546","class":"media-element file-default"}}]]

 

Zure ustez, zeintzuk izango lirateke ildo sendoenak, hezkuntzaren alde duzuen erronkan?

Uste dut prestakuntza eskaintzeak bideak zabaltzen dituela populazio gaztearentzat, jarreretan aldaketak gerta daitezen. Adibide xumea da hurrengoa, baina, aldi berean oso adierazkorra egoera zein den ikusteko: emakumeak, azokara doazenean, oinez joan ohi dira, eta zama eraman behar dute; gizonak, berriz, bizikletaz joaten dira. Prestakuntzari esker, emakumeek, orain, bizikletaz eraman ahal dute karga. Garrantzirik gabeko xehetasuna dirudi, baina adierazten du, bide luzea oraindik geratu arren, urrats txikiak eman daitezkeela.

Inades-entzat, zeintzuk izango lirateke bestelako gai garrantzitsuak?

Kontu politikoak ere oso garrantzitsuak dira, baita finantza-ziurtasuna eta oso jende gutxik duen lur asko erosteko ahalmenaren murrizketa ere. Inades-ek Familiako Nekazaritzaren Plataforman parte hartzen du, hausnarketa-gunea baita. Mota hori bezalako sareetan egotea oso garrantzitsua da, nekazaritza-munduaren ahotsa aintzat hartzen dela bermatzeko asmoz. Txad-en, lursailak metatzea lur aberatsetan gertatzen da, eta horien %60 Chari eta Logon ibaien ertzean daude. Inbertsoreek kanporatu dituzte handik familia nekazariak eta abeltzainak, eta atzerriko inbertsioen eskuetan geratu dira.

 

Aintzat hartu behar dugun beste arazo bat haur-ezkontzak dira. Komunitateekin dihardugu Antzerki Foroa lantzen. Komunitateekin aritzeko  ohiko teknika da, parte hartzen dutenei aukera ematen baitie aurkeztutako arazoei konponbideak asmatzeko. Metodologia gisa, familiei azaltzen die garrantzitsua dela 18 urte bete baino lehenago neskatoak ez ezkontzea, baita ikasten eta lan egiten jarraitzea ere.

 

Haur-ezkontzak, Txaden

Txaden, emakumeen %67 ezkontzen dira 18 urte bete baino lehenago. Ezkontza goiztiarrek ondorio kaltegarriak dituzte neskatoentzat:

  • Hezkuntza bertan behera uztea: behin ezkonduta, eskolara joateari uzten diote neskatoek.
  • Osasun-arazoak: adibidez, haurdunaldi goiztiarrek haurren heriotza-tasa eta amatasunaren ondoriozko heriotzak areagotzen dituzte. Neskato nerabeak ere ahulagoak dira sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak harrapatzeko.
  • Tratu txarrak: ezkontza goiztiarretan ohikoak dira. Horrez gain, ezkontzari uko egiten dioten edo, gurasoen nahiaren aurka, bestelako mutil-lagun bat hautatzen duten neskak zigortuak izan ohi dira, edo baita beren familiek hildakoak ere.