Skip to main content

Hegoaldeko Muga. Nador hiriko Elizbarrutiko Migrazio Ordezkaritza: mugako lagunaren eskua

Delegación Diocesana de Migraciones de Nador

Hegoaldeko Mugan pertsona ugari hiltzen ari dira, Espainiak eta Europar Batasunak ezarri duten migraziorako politikaren ondorioz. Hala ere, ehunka gizon eta emakume muga gurutzatzeko zain daude, pobrezia, desberdinkeria eta indarkeriatik ihes egin nahian.

 

María Jesús Martín eta Claudia Astorqui, Nador hiriko Elizbarrutiko Migrazio Ordezkaritzakoak, Alboan fundazioan egon ziren Hegoaldeko Mugan gertatzen ari denaren lekukotasuna emateko.

Elizbarrutiko Migrazio Ordezkaritza Tanger Elizbarrutiko erakundea da, eta lau egoitza ditu: Tanger, Tetuan, Alhucemas eta Nador. Horiekin ere elkartu dira Oujda hiriko taldeko batzuk. Migrazio Ordezkaritzak, jarduera-ildoen artean, arreta soziosanitarioa eta laguntza humanitarioa ematen dizkie hiriaren inguruko basoetako edo kanpoaldeko egonleku informaletan bizi diren migratzaileei. Horrez gain, iragaitzazko populazioaren eta tokian tokiko administrazio eta erakundeen arteko bitartekari lanak ari dira egiten.

 

Zer-nolako aliantzak ditu Elizbarrutiko Migrazio Ordezkaritzak bere misioa aurrera eramateko?

Claudia: Toki mailan, HIESaren aurkako Elkarte Marokoarrarekin eta Saharaz hegoaldeko Migratzaileen Kolektiboarekin ari gara lanean. Tangerren, toki-erakundeekin dihardugu, hala nola, Familia-plangintzarako Elkarte Marokoarrarekin; eta baita ama ezkongabeak diren migratzaile zein marokoarrekin diharduen beste elkarte batekin ere.

Bestelako erakundeekin ere ari gara pertsona migratzaileen integrazioa errazteko lanbide-prestakuntzan, alfabetatze orokorrean eta hizkuntzetan.

María Jesús: bitartekari lanak ere egiten ditugu erakunde eta elkarte marokoarrekin osasun-ekintzetan, hala nola, ospitale eta osasun publikoaren zentroetara joateko laguntza emanez. Administrazio-prozeduretan ere laguntzen dugu, adibidez, jaioberriak erregistroan sartzeko, lur-emateko prozeduretan… Nazioarteko erakundeekin ere dihardugu, ACNURekin edo IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearekin, borondatezko itzulera-eskaerak tramitatzeko.

 

Nolakoak dira zuen laguntza behar duten pertsonak?

María Jesús: Gizon gazteak dira batik bat, eta gehienak Saharaz hegoaldekoak, Ginea-Konakry, Senegal eta Boli Kostakoak nagusiki. Baina, 2019. urte amaieratik igo da Ekialde Ertainetik, batez ere Yemen eta Siriatik, etorritako pertsonen kopurua. Nador hirira datozen emakumeen kopurua ere igo da.

Claudia: Emakume gazteak izan ohi dira, eta askotan seme-albekin datoz, edo ibilbidean izaten dituzte umeak.

 

Zer-nolako eragozpenak dituzue eguneroko lanean?

María Jesús: Zailtasunik handiena izaten da beti mugimenduan dagoen populazioarekin aritzea, populazioa aldatzen da, eta epe luzerako jarraipena eragozten du horrek.

 

[[{"fid":"4645","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"355","width":"507","class":"media-element file-default"}}]]

 

Zer-nolako eragina izan du Covid-19aren pandemiak Hegoaldeko Mugan, migratzaileen mugimenduan?

Claudia: Orain murrizketak daude mugimenduan. Lehen, jendeak, Nador hirian aukerarik ez zegoela ikustean, beste hiri batera alde egiten zuen, baina hori oso mugatua dago orain.

María Jesús: Basoetan materiala banatzeko momentuan, taldearen dinamikak egokitu behar izan ditugu pertsona horiei laguntza ematen jarraitu ahal izateko.

 

Nador hirira heltzen diren emakumeen kopurua areagotu dela diozue. Zer lan mota ari zarete egiten haiekin?

María Jesús: Nadorren, esku-hartze espezifikoa daramagu. Alde batetik, haurdun dauden emakumeekiko jarraipena, baita, erditzea datorrenean,  ospitalera joaten lagundu, eta ondoren, posible baldin bada, haurrentzako arreta pediatrikoa eman ere bai. Prestakuntza-tailerrak ere egiten ditugu, bertan Alboanekiko lankidetza dugularik “Emakumeak martxan” proiektuaren bidez, eta leku seguruak dauzkagu: egoitza eta apartamentuak,  emakumeei erditu ondorengo errekuperazioan laguntzeko, baita bestelako arazoei arreta emateko ere: kirurgiei, traumatismoei… Susperraldia izan dezaten, basoetara itzuli baino lehen.

Esku-hartzeko proiektuak ere abian jarri ditugu jatorrizko herrialdeetan, migratzeko ibilbideetan arriskuak murrizteko helburuaz. Horrela, jatorrizko herrialdea uztea erabakiz gero, egiazko informazioa izan dezaten, normalean horrelakorik ez baitute. Proiektu hori Ginea-Konakryn hasi zen. Bertan, herritarren plataforma bat sortu da eta toki-erakunde ezberdinekin ari da lanean itzultzen diren migratzaileei laguntza emateko: pertsona horiek alde egiten dute, eta ondoren inolako baliabiderik gabe itzultzen dira. Aurten, antzeko ekimena jarri da abian Senegalen.