Skip to main content

Guatemalako argiak

Edurne y su compañera Nerea durante su estancia con el IGER, Guatemala

Edurne Gonzálezek, Deustuko Unibertsitateko irakasleak, aurreko udan Guatemalara bidaiatu zuen Irrati Bidezko Heziketarako Guatemalako Institutua bolondres gisa aritzeko. Bere esperientzia kontatzen digu.

Erdialdeko Amerika 18 esperientzian parte hartzeko hartu nuen erabakiak orain arte erantzun ezin izan diodan ezinegon bati erantzuten dio; 39 urte inguruekin, uste dut badudala orain heldutasun nahikoa horrelako bizipen bati aurre egiteko. Uste dudala diot; izan ere, bidaia honek niri zerbait ekarri badit, nire bizitzari eta neuri dagozkidan zenbait alderdi zalantzan jartzeko eta birkokatzeko aukera izan da. Gure bizi-ardatz gisa hartzen ditugun oinarrizko alderdi horiei berriro esanahi bat eman beharra ekarri dit horrek, zalantzarik gabe.

Korapilatsua egiten zait hori guztia zer dimentsiotaraino iritsi den zehaztea; ez dakit aski denbora izan dudan, ez eta horren urruneko errealitateetara hurbiltzeak eta, handik pixka batera, berriro gure eguneroko bizitzaren kar bizira itzultzeak eskatzen duen sakontzeko gaitasun aski dudan ere.

Dena den, bada zerbait oso argi dudana: esperientzia honek geldiarazi egin nau, pentsarazi egin dit, eta sentiarazi. Hortik aurrera, idazki txiki honekin batera, makina bat ñabardura, anekdota eta gogoeta aurkez daitezke. Guatemalan egin dudan hilabeteko egonaldi hau definitzeko hitz bakar bat erabili beharko banu, maitemintzea aukeratuko nuke. Baina maitemintze hori ez dagokio eleberri latinoamerikar onenetako maitasun erromantikoari, ezagutzen ez dugunaren aurrean xoratuta eta liluratuta gelditzeari baizik, gogoz bizitzeari, egun berria dastatzeko egunsentiaren zain gogotsu egoteari, egunak dakarrena dakarrela.

Guatemalak maitemindu egiten zaitu. Horixe esan zidaten bidaiatu aurretik, halaxe errepikatu zidaten iristean, eta horixe egiaztatu ahal izan nuen, munduko bazter hura utzi behar izan nuenean; ziur nahiz itzuliko naizela noizbait. Maitasuna jaso eta eman dut; errespetua eta mirespena sentitu ditut, eta erantzun zabala jaso dut; txoko bakoitzean ezustekoren bat gordetzen duen herrialde horren aniztasun izugarria ezagutu ahal izan dut. 

Txapinak, guatemalarrek termino horixe erabiltzen baitute beren burua izendatzeko, goxo eta atseginak dira, prest daude beti laguntzeko eta bisitan datozkienei atsegina emateko; beren arteko bat bazina bezala sentiarazten zaituzte segituan.

 Baina, batez ere, esker oneko pertsonak dira; esker onez erantzuten dute adeitasun-keinu txikienaren aurrean: irribarre soil bat, edo beren komunitatera bisita labur bat egitea, esaterako.

 

[[{"fid":"2621","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"398","width":"594","class":"media-element file-default"}}]]

Argazkia: Edurne eta Nerea, komunitateko neska-mutilen ondoan.

Nereak, esperientzia honetan kide izan nuenak, eta nik neuk, ia hilabetez, Irrati bidezko Heziketarako Guatemalako Institutuan (IGER) lagundu genuen. Helburu dugun proiektua, zalantzarik gabe, obra berezia da, Jesusen Lagundiko gizarte-ekintzaren barnean. Hezkuntza benetako eskubide izan dadin saiatzen da IGER, irrati bidezko eskoletan eta ikaskuntza autodidaktikora zuzendutako liburuen sorkuntzan oinarrituta ikaskuntza-sistema bat garatuz. Bere egituretan ustelkeria sartuta duen eta herritarrak modu iraunkorrean babesik gabe dituen herrialde honetan, hezkuntzarako sarbide unibertsala, gaur-gaurkoz, lorpen-bidean den konkista bat da.

Ez egiturak, ez baliabideak, ez kalitatezko hezkuntza, eta ez estatuko legedia ere ez dira ia ezeren bermatzaile, gizarte demokratikoen duintasunarekin bere kabuz bizitzeko guztia –edo ia guztia- daukan munduko toki honetan. Hala ere, proiektuaren alderdirik liluragarriena haren bizkarrezurra da, jarduera boluntarioan datzana; horrexegatik da, agian, horren liluragarria. Ikasketa-zirkulu deritzenetan oinarritzen da ikaskuntza-sistema. Paulo Freireren proposamen pedagogikoa gogorarazten duen termino horixe erabiltzen dute ikasleek orientatzaile boluntario batekin astean behin egiten dituzten saioak izendatzeko; normalean, komunitatekoa bertakoa izan ohi da orientatzaile hori, eta astean zehar sor dakizkiekeen zalantzei eta galderei erantzutea du xede.

Ikasleekin, maisu-maistrekin nahiz IGEReko kideekin askotariko bizipenak partekatzeko aukera izatea izan da esperientzia honek eman didan gauzarik onena, boluntario gisa; pertsona horiek eta horietako bakoitzaren atzean ezkutatzen diren banan-banako historiak nire memorian gordeta geldituko dira, opari eder gisa.

Horien guztien bidez eta prozesu honetan lagun izan ditudan guztien bidez, nire irabazirik handienetakoa eskuratu ahal izan dut: 20 urterekin, mundu bidegabe batean bizi garen uste osoarekin eta aldatzeko zerbait egin behar dugula pentsatuta gizarte-langile izatea erabaki zuen gazte haren espiritua berreskuratzea. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.