Skip to main content

COP26: Porrotak arrakastak baino gehiago

COP26

“Puntu hauetan aurreratzen ez bada, COP26 porrot handia izango da.” Adierazpen hori egin dute garapen bideko 100 herrialdek baino gehiagok, Goi Bilera hasi baino aste batzuk lehenago. Azalpenean, hainbat eskaera adierazi zituzten, negoziazioetan lehentasuna eduki behar zutenak, eta, neurri handi batean, COP26 egin aurretik Alboan eta Entreculturas elkarteok zabaldu genuen komunikatuaren funtsa zena. Horrela, bat egin genuen hainbat eskaerarekin: premiazkoa zela CO2-isurpenak murriztea, finantzaketa klimatikoa, egokitzea, kalteen ondoriozko konpentsazioak eskaintzea, eta nazioetako plangintza klimatikoak aplikatzea. Egia da arazo horiek hartu dutela esparru handia Goi Bileraren agendan, baina ez da nahikoa izan, COP26ak porrot egin baitu larrialdi klimatikoaren aurrean, eta arrakasta sendoa lortu behar baitzuen.

 

COP26 honen helburua Pariseko Akordioetan lortutako konpromisoen jarraipena egitea zenez, balizko lorpenetarako itxaropen handiak sortu zituen, eta horregatik Parisen, 2015ean, egindako bilera baino askoz garrantzitsuago bihurtu zen COP26. Izan ere, Pariseko Akordioetako puntu nagusien arteko bi ez betetzeak kolokan jartzen ditu modu larrian Estatuen benetako borondatea eta krisi klimatikoari aurre egiteko esfortzuak. Horrela, tenperatura globala 1,5 gradutik behera mantentzearen helburuan porrot egin dute. Gaur egun, adituek uste dute muga hori gaindituko dela; eta, bestalde, karbono isurketen murrizketa ez betetzeak berekin ekarri du negoziazioetan 2015ean hartutako akordioen luzapenak eskatzea. Izan ere, Glasgow-eko Akordioan planteatzen da isurketen %45 gutxitzeko beharra 2030. urterako. Neurria goragarria da, baina ez da izaera loteslekoa.

 

Beste gai garrantzitsu bat finantzaketa izan zen. Bereziki, herrialde aberatsen aldetik, 100.000 milioi dolar emateko beharra, 2020rako finantzaketa klimatikoaren fondoan, eta aurrekontu horren %50 herrialde pobretuagoen egokitzapenean. Dokumentuaren zirriborroan, 44. paragrafoan, aipatzen zen “atsekabe handia” zela herrialde aberatsetako gobernuek helburua ez lortzea eta hitza ez betetzea. Amaierako dokumentua tankera horretan mantentzen da, eta horren ondorioz arrisku handian geratzen dira milioika pertsona, gizarte eta herrialde, kalteberatasun handian egoteagatik, aldaketa klimatikoaren ondorioak larriagoak izango baitira beraientzat.

 

Goi Bileraren puntu nagusien porrota nabarmena izanda, zenbait adostasunen bidez oinarrizko alderdi batzuk jarri dira mahai gainean, krisi klimatikoari aurre egiteko beharrezkoak,  hori guztia nahikoa ez izan arren. Hauek dira: basoen degradazioa eta deforestazioa saihesteko aitorpena, metano-isurketak murrizteko konpromisoa, erregai fosiletan inbertsioak bukatzeko asmoa. Azken hori nabarmendu behar da, oso polemikoa izan baita COP26 Bileran. Puntu horren arrakasta honetan datza: lehen aldiz aipatzen da desinbertsioa, eta horrela onartzen da enpresa kutsakorrek eta inbertsio publikoek eragin kaltegarria dutela planetan. Hala ere, zirriborroan gai hori lantzen da oso modu argian, baina Glasgow-eko Azken Akordioan gomendio gisa geratzen da: “ahaleginak areagotuko dira ikatzerako diru-laguntzak, ingurumenaren ikuspuntutik efizienteak ez direnak, ez emateko”.

 

Dena den, COP26 Bileraren hasieran nabarmen agertu zen Estatuen konpromiso eta borondate falta, eta ez da jarrera hori aldatzea. Horregatik, amaierako akordioak galdu egiten du izaera loteslea. Ez dago atxikitze legalik, ekiteko edo plan zehatzak egiteko derrigortasunik. Akordio hutsa da eta, partaideen sinesgarritasuna kolokan dagoela kontuan harturik, porrotetik arrakastatik baino hurbilago dago.

 

Baina, alderdi batean COP26 Goi Bilera arrakastatsua izan da: mobilizazioa eta gizarte zibilaren partaidetza Glasgow-eko kaleetan eta planetako hainbat lurraldetan. Eta COP 26 barruan zenbait pertsonak murrizturik izan dute beren partaidetza: emakumeak, berriro ere negoziazioetan eta erabakietan bazter geratu baitira; gazteak, hainbeste urtetan “kaleak hartu” ondoren, oraingoan ere mobilizatu dira; herrialde, kultura eta etnia anitzeko herritarrak. Pertsona, mugimendu, erakunde anitzek … lortu dute Goi Bilera honetan gune bat egitea, eta milioika pertsonaren bozeramaleak izatea. Bestela, ahots horiek entzun gabe geratuko zitezkeen. Horrela da: Estatuek luzapenak eta aitzakiak eskaintzen dituzten bitartean, gizarte zibilak gero eta argiago dauka arazoa: ez dago denborarik. Premiazkoa da lan egitea eta krisi klimatikoaren aurkako konpromisoa hartzea.