Skip to main content

Charles Chilufya, Justizia eta Ekologiako Jesuita Sarearen zuzendaria: «Gazteekin egiten dugun lanak Afrikako etorkizuna erabakiko du»

Charles Chilufya SJ

Duela urtebete baino gehiago, 2018ko udaberrian, Rigobert Minani sj eta Charles Chilufya sj jesulagunen bisita jaso genuen ALBOANen: lehena Gizarte Etxe Jesuiten Afrikako Sarearen, Jascnet, zuzendari-kargua uzten ari zen; bigarrena, haren lekukoa hartzear zegoen. Urtebeteren ondoren, aro bati itxiera eman, eta Jascnet-ek Justizia eta Ekologiako Afrikako Jesuita Sareari, JENA, utzi dio bere lekua. Jesusen Lagundiaren Afrikako erakunde eta zentro sozialak biltzen dituen komunitatea da JENA, eta barnean hartzen ditu ALBOANen ohiko hainbat lankide: adibidez, Fe y Alegría eta Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua. Guztira, 15 erakundek eta gizarte-etxek osatzen dute sarea, eta koordinaturik lan egiten dute, lurralde-mugetatik harago, beren garapen-ekintzek eta estrategiek eragin handiagoa dutela ziurtatzeko. ALBOANek babesa agertu nahi dio JENAk Afrikako hainbat biztanle-sektoreekin egiten duen lanari eta, bereziki, gazte jendearekin egindakoari.

 

JENAk aurrean dituen erronkei buruz hitz egin dugu Chilufyarekin. Charles, aldaketa asko egon al dira lanari ekiteko moduan?

Sarea eraldatu egin da, baina guk lanean jarraitzen dugu eta helburu berberak ditugu oraindik. Pobreziari, ingurumen-arazoei eta desberdintasun ekonomikoei nahiz genero-desberdintasunei aurre egiteko beharrak eta premiak bultzatzen gaitu. Besteak beste, funtsezko alderdi batzuetara (esaterako, hezkuntza eta osasun publikoa) bideratutako gobernu-baliabideen kudeaketa lantzen dugu. Jarraipen estua egiten diegu zergak eta tasak biltzeko sistemei, finantzaketa iturri gisa. Gure ustez, pobreziari amaiera emateko, ezinbestekoa da justizia fiskaleko jokalekuak ziurtatzea, gehien irabazten dutenek beren aberastasuna handitzen ez jarraitzeko, eta behartsuenak gero eta pobrezia handiagoan ez hondoratzeko.

 

Zein da, gaur egun, JENAren helburu nagusia?                                                  

Bultzatzen gaituen funtsezko auzietako bat gazteen egoera da. Afrikako biztanleen % 77k baino gehiagok 35 urte baino gutxiago ditu, eta % 60 inguruk ez ditu oraindik 20 urte. Afrikako gazteekin egiten dugun lanak gure kontinentearen etorkizuna erabakiko du. JENAn, etorkizun ona lortzen lagundu nahi diegu. Gaur egun, ez dituzte aukerak eta, langabezia-tasa handiak daudenez, beren herrialdeak utzi behar dituzte etorkizun hobea bilatzeko.

 

[[{"fid":"3085","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"448","width":"677","class":"media-element file-default"}}]]

Zer eragin dute gazteen migrazioek Afrikako kontinentean?

Migrazioetan talentuak galtzen ditu Afrikak. Prestakuntza, jakintzak eta trebetasunak dituzten gazteak dira, eta galdu egiten ditugu. Afrikako gobernuek erantzukizun bat dute gazteekiko: etorkizunerako aukerak eman behar dizkiete, jokaleku politiko egonkor eta baketsuak, gazteek beren abaguneak sortu ahal izateko. JENAn, «Gazteria, gaikuntza eta lidergoen garapena» programa jarri genuen martxan. Haren bidez, gazte horiek beren ahalmenaren eta gauzak aldatzeko gaitasunaren jabe izatea lortu nahi dugu.

 

Non ari da garatzen programa hori?

Saharaz hegoaldeko zenbait herrialdetan, hirietako gizarte-etxeetan, unibertsitateetan, parrokietan eta ikastetxeetan. Gazteei denbora, indarrak eta baliabideak eskaintzearen aldeko apustua egin dugu, argi eta garbi. Auzi nagusietako bat kalitateko hezkuntza sustatzea eta eskolatzeko eskubidea bermatzea da.

 

Eta, emakumeen alorrean egindako lanari dagokionez, zer estrategia du JENAk?

Gure kezka nagusietako bat pobrezia amaitzea da, eta ongi dakigu ezin diogula konponbiderik eman aurrez emakumeen egoerari erreparatu gabe. Berdintasunik eta ekitaterik gabe, ezingo dugu aurrera egin. JENAn, genero-berdintasuna sustatzeko ahalegin handiak ari gara egiten. Gure lan osoa eta martxan jartzen ditugun ekintza guztiak zeharkatuko dituen genero-estrategia bat prestatzen ari gara.

 

Emakumeen erakundeekin koordinatuta lan egiten duzue?

Orain arte ez dugu asko garatu halako lana, baina aholkulariekin lanean ari gara, emakumeen eta ingurumenaren alorrak lantzeko zer erakunderekin batera aritu gaitezkeen ikusteko.  Afrikan hirietara iristen ari diren herritar errefuxiatu asko daude. Landa-guneak oso eremu gogorrak dira bizitzeko, eta baliabideak eskuratzeko arazoak daude. Errefuxiatuentzako Jesuita Zerbitzuarekin lankidetza hertsian ari gara konponbideak bilatzeko, batez ere, egoera horretan dauden emakume eta neskatoentzat.

 

Ezagutu JENA