Skip to main content

Charles Chilufya apaiz jesuita: “Jendearen boterea herriak aldaketa eragiteko duen gaitasuna da”

Charles Chilufya sj y Rigobert Minani sj

Argazkia. Charles Chilufya et

Afrikako gizarte-zentroen oraina eta etorkizuna

Charles Chilufya eta Rigobert Minani apaiz jesuitak ALBOANen bulegoetan izan berri dira otsailean. Biei esker, lehen eskutik ezagutu ahal izan ditugu Afrikarako eta Madagaskarrerako Justizia Sozialeko Idazkaritzaren (JESAM) eta Afrikako Jesuiten Gizarte Zentroen Sarearen (Jascnet) berrikuntzak, erronkak eta ilusioak. Batak zein besteak sarean lan egiten jarraitzeko beharra nabarmendu dute; izan ere, Charles-ek esan bezala, “bat gehi bat ez baitira bi, askoz gehiago baizik”.

JESAM idazkaritzak Nairobin du egoitza. Idazkaritzaren barruan hainbat erakunde daude, eta erakunde horietan, 1.600 jesuitak baino gehiagok hartzen dute parte. Helburu komun bat dute, garapenarekin eta bestelako gizarte-gaiekin loturiko kontuetan lan egitea. Bestalde, Jascnet sareak prestakuntza-alorrean duen esperientziaz laguntzen du; zehazki, 11 gizarte-zentro biltzen ditu bere baitan. Orain arte, Rigobert Minani apaiz jesuitak zuzendu ditu bi erakunde horiek, eta pasa den urtarrilean, Charles Chilufya apaiz jesuitari eman dio lekukoa.

 

Lidergo berriak indartzea, aldaketa-eragile izan daitezen

JESAM eta Jascnet erakundeen lan-arlo nagusietako bat “Lidergoa eta gobernantzaren sustapena” izeneko programa da. Programa horrek bi helburu nagusi ditu: pobrezia errotik moztea eta ahuldurik dauden lidergoak indartzea. Izan ere, une honetan, lidergo indartsurik ez izatea arazo da Afrikako herrialde askotan. Beraz, proiektu hau aurrera eramateko, gazteen aldeko apustua egin behar da. Afrika kontinenteko biztanleen % 70 inguru 21 urtetik beherakoa da, eta, beraz, funtsezkoa da talde horrekin lan egitea, sektore publikoan nahiz pribatuan lidergoa har dezaten. Gaztediak bultzatu behar du aldaketa; horregatik, beharrezkoa da kolektibo horrekin garapen-eredu berri eta iraunkorren beharrari buruz hitz egitea, eredu horiek babestu ditzaten eta horietan sinetsi dezaten.

Orain artean, JESAM eta Jascnet erakundeek zenbait proiektu pilotu jarri dituzte martxan hainbat lekutan, hala nola Kongoko Errepublika Demokratikoan, Zambian, Madagaskarren eta Kenyan, eta, momentuz, ondo doaz. Oso erantzun ona jaso da, bai proiektuetan parte hartzen ari den jende andanari dagokionez bai emandako prestakuntza-saioetan lortutako emaitzei dagokienez. Charles Chilufya apaiz jesuitaren hitzetan: “Jendearen boterea herriak aldaketa eragiteko duen gaitasuna da”.

 

Gizarte-zentroak Afrikan

JESAM eta Jascnet erakundeen arteko lan koordinatuari esker, ahalik eta jende-kopuru handienera iritsi nahi da. Bide horretan, arazo nagusia finantzaketarekin dago lotuta, beharrezkoa baita inbertsioak egitea proposamen hau garatzen jarraitu eta beste leku askotara eraman ahal izateko. Charles Chilufya apaiz jesuitak zenbait gako eman dizkigu:

 

Jesuiten lanak ba al du behar beste babes Afrika kontinentean?

"Oro har, nahikoa babes dugu. Esan dezakegu “jesuitok” egoera ona bizi dugula Afrikan; gainera, gazteengana iristeko hainbat bide ditugu: parrokiak, ekintza pastorala, eskolak…”.

 

Zure ustez, garrantzitsua al da JESAM eta Jascnet elkarteek koordinatuta lan egiten jarraitzea?

Oso garrantzitsua da; egiaz, uste dut hori dela lan egiteko modurik onena, horrela inpaktu handiagoa lortzen baitugu. Koordinatuta lan egitea ez da aukera bat, behar bat baizik. Talde bakoitzak bere kasa lan egingo balu, inpaktua txikiagoa izango litzateke, eta denbora gehiago beharko genuke aldaketa lortzeko. Koordinazio-prozesua oraindik ez da amaitu, eta, nire ustez, oraindik denbora eta baliabideak behar ditugu.

 

Emakumeek ere hartzen al dute parte lidergo-programan?

Bai, emakume asko ari dira programan parte hartzen; gainera, taldeetako parte-hartzaileen erdia emakume gazteak dira.

 

Zure ustez, garrantzitsua al da Afrikako gizarte-zentroek eta Europako gizarte-zentroek elkarrekin lan egitea?

Ez da erraza, baina prozesu beraren parte dira, munduko leku desberdinetan dauden gizarte-zentroek helburu eta xede berak baitituzte. Kezka sortzen diguten gai asko tokian-tokian nahiz era globalean landu behar dira. Esaterako, ekologiaz eta baliabide naturalez hitz egiten dugunean, ezin dugu Afrikatik soilik egin, zenbait gai elkarren artean lotuta baitaude. Europan sortzen den poluzioak eragina du Kongon eta Amazonian, munduko arnasgunetzat hartzen diren bi lekuetan. Zuhaitzak mozten jarraitzen badugu, Guztion Etxea suntsituko dugu, mundu osoko oxigeno-erreserba suntsituko dugu. Gauzak beste modu batean egiten hasten ez bagara, ingurumenaren degradazio-maila handi bati eta baliabide-urritasunari aurre egin beharko diogu etorkizunean.

-----

Teknologiaren gure kontsumo-ereduak ingurumenean zer eragin duen jakin eta horri buruzko informazio gehiago lortu nahi baduzu, sartu webgune honetan:  https://www.tecnologialibredeconflicto.org/eu/ingurumena/  (klik ikonoa)