Skip to main content

Burundiko INADES: ““Gizaki guztiek bizitza duina dutela ziurtatzeko aritzen gara lanean”

INADES de Burundi

ALBOANek urteak daramatza Inades-Formation, hau da, Burundiko Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Afrikako Institutua erakundearekin elkarlanean, eta, 2018ko urtarriletik, nekazari-familien eta, bereziki, emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko proiektu bat abian du. Aldi berean, 1900 burundiar familien elikadura-burujabetza bermatzen laguntzen du.

 

Marie Reine, prestakuntzako eta genero-proiektuetako arduraduna, eta Richard Sahinguvu, Inades Burundiko zuzendariaren ari gara hizketan.

 

Richard, hitz egiguzu Inades-Formation erakundearen misioari buruz.

Richard Sahinguvu: Garapen ekonomikoaren eta sozialaren alde lan egitea eta gizartearen parte-hartzea eta eraldaketa nabarmentzea da gure misioa. Horrek guztiak gaur egungo sistema neoliberalari buruz hausnartzera garamatza; izan ere, kontsumo basatiko eredu bat saritzen du, eta arriskuan jartzen ditu baliabide naturalak, bizitza erdigunean ipintzea ahazturik. Inades-ek guztiontzat ona denari buruz gogoeta egin nahi du. Beraz, zerbitzatzeko eta, jatorri soziala, politikoa edo erlijiosoa edozein dela ere, gizaki guztiek bizitza duina dutela ziurtatzeko aritzen gara lanean.

 

Marie, zer-nolako ekintzak egin dituzue kooperatibetan parte hartzen duten emakumeen egoera hobetzeko?

Marie Reine: Zehazki, kooperatibetan parte hartzen duten familien bizi-baldintzak hobetzea da proiektu honen helburua, bereziki, emakumeei dagokienez; izan ere, familia-unitate askok dute emakume bat buruan. Premia horri erantzuteko, CAFOBen lankidetza du Inades-ek. Emakumeentzako laguntzaren arloan eskumenak dituen Burundiko elkarte bat da CAFOB, eta laguntza ematen digu, bai emakumeekin egiten ditugun prestakuntzetan, bai emakumeen lidergoa garatzeko beste batzuetan. Prestakuntzak eta prestatzeko baliabideak gure estrategiaren alderdi garrantzitsuak dira.

 

Zein dira zuen elkarteak aurrean dituen erronka garrantzitsuenak?

Richard Sahinguvu: Burundin, ezinbestekoa da jokaleku politikoa egonkortzea. Horrez gain, funtsezkoa da erakundeak eta beste zenbait kontu –adibidez, lurra eskuratzeko eta jabetzan izateko aukera– ongi araututa egotea. Emakumeekin eta neskatoekin egindako lanari dagokionez, ezinbestekoa da neskatoak eta emakumeak eskolatzen direla ziurtatzeko lanean jarraitzea.

Marie Reine: Funtsezkoa da aldaketa kulturala egotea, emakume gazteen integrazioa ziurtatzeko. Emakumeak bazter uzten dituzten estereotipoei eta ohiko portaerei buruzko ikusmoldeak aldatu behar dira. Burundin, emakumeek nekazaritzako lanetan parte hartzen dute, baina gizonek hartzen dituzte erabakiak: zer landatzen den, nola, zer-nola banatuko den ekoizpena, eta abar. Hortaz, lanean jarraitu behar dugu, egoera hori aldatzeko eta emakumeek eta familiek komunitate osoari eragiten dioten erabaki estrategikoagoak hartu ahal izateko.

 

Zuen apustu instituzionaletik, zerk ematen dizue atsegin handiena?

Richard Sahinguvu: ALBOANekin lankidetzan aritzea esperientzia ona izan da, komunikazio ona dagoelako. Badago proiektu honetan nabarmendu nahiko nukeen beste gauza bat: hain zuzen, helburu orokorragoa duela, eta biodibertsitatea lehengoratzearekin eta ingurumenari buruz kontzientziatzearekin lotuta dagoela. Ingurumena babestu nahi dugu, eta kooperatibetan eragina izan hala ingurumena babesteko eta zaintzeko nola kooperatiben zerbitzuak profesionalizatzeko.