Skip to main content

ALBOAN eta Entreculturas erakundeak elkarlanean Hondurasen justizia eta demokraziaren alde

Honduras por la democracia

Urtarrilaren 27an, Juan Orlando Hernández Honduraseko presidente karguaz jabetu zen Tegucigalpan, Hondurasen, herrialde erabat militarizatuan. Egun horretan zehar, herritarren protesta berriak gertatu ziren, eta berriro ere indarkeriaz erreprimitu zituzten Estatuko segurtasun indarrek.


ALBOAN eta Entreculturas fundazioek informazioa eskaini dute Erdialdeko Amerikako herrialdean azken bi hilabeteetan bizi izan duten krisialdi politiko sakonari buruz, eta, Probintziako Sektore Sozialaren izenean, erantzuna eman diogu nazioarteko elkartasunerako deiari, Erdialdeko Amerikako Probintziak eta Latinoamerikako Probintzien Konferentziak (CPAL) eskatutakoari, hain zuzen.


Joan den astean, nazioarteko ordezkari batzuk (AEB, Kanada eta CPALeko kideak) Hondurasera joan ziren jesuiten taldeei eta Honduraseko Jesusen Lagundiaren obretan diharduten pertsona kolaboratzaileei laguntzera eta animoak ematera, herrialdearentzako une latz hauetan. Bisitaldia amaitu ondoren, Latinoamerikako eta Karibeko jesuitek adierazpen publikoa zabaldu zuten, orrialde honetan bertan argitaratu duguna.


Jesús M. Sariegok, ERIC/Radio Progresoko zuzendaria den Aita Ismael Meloren Nagusiak, elkarbizitzarako modu berri baterako deialdia egin zuen, bakearen aldeko eukaristia batean, San Ignazio parrokian, urtarrilaren 25ean. Indarkeriazko giroaren eta gizarteak pairatzen duen hausketaren aurrean, esan zuen beharrezkoa dela, bakearen aldeko konpromisoan, adiskidetzeko zubiak eraikitzea; egia, justizia eta giza eskubideekiko errespetuaren ondoriozko bakea, hain zuzen. 


Jesuiten eta Hondurasen justiziaren eta giza eskubideen alde diharduten pertsona laikoen elkartasunean, Espainiako Probintziako Sektore Sozialak bat egiten du CPALen jarrerarekin. Berriro ere salatzen dugu hauteskunde-iruzurra eta guztiz nahigabetu egiten gara bizilagunak neurrigabeko indarrez erreprimituak izatean, giza eskubideak urratzean eta gizarte zibilaren taldeak kriminalizatzean.


Espainiako Gobernuari eskatzen diogu lagundu dezan, Tegucigalpako Enbaxadaren bitartez eta Hondurasekin garatzen dituen lankidetza-ekintzen bitartez, baldintza onuragarriak eratzen, zuzenbidezko estatua berreskuratzeko eta, giza eskubideak errespetatuz, herrialdearen gobernagarritasuna bermatzeko. Herri mugimenduaren liderren aurkako indarkeria, errepresioa eta mehatxuak bukatu behar dira jadanik, eta aukera eman justiziari eta demokraziari.


ALBOAN eta Entreculturas fundazioetan jarraituko dugu laguntzen Fe y Alegría eta ERIC/RP direlako erakundeei, hain garai zail eta larri honetan.

CPALek egindako Hondurasi buruzko adierazpena: Justizia eta demokrazia bilatzeko elkarlanean