Skip to main content

Afrikaren eguna. Emakumeok martxan

Victoria Nyanjura

Maiatzaren 25a, Afrikaren eguna  iristen da eta ALBOANetik Afrikako bizitza ospatu nahi dugu, Afrikako emakumeen bizitza, batez ere. Hori dela eta Victoria Nyanjuraren testigantza ekartzen dugu. Victoria ugandar aktibista eskolan bahitu zuten Jaunaren Erresistentzia Armadaren zenbait militantek, hamalau urte soilik zituenean, eta harekin batera, beste 139 neskato eraman zituen Afrikako zenbait herrialdetan oraindik ere jardunean jarraitzen duen erakunde paramilitar horrek

Bahituta egon bitartean, irainak eta bortxaketak sufritu zituen, eta bahitzaileetako batekin ezkontzera behartu zuten. Zortzi urte igaro ondoren lortu zuen ihes egitea, 2004an, eta Garapenaren Soziologiako lizentziatura atera zuen Kyambogoko Unibertsitatean, Kampalan (Uganda). Gaur egun, postratamenduko espezialista lanak egiten ditu giza eskubideak, legea eta justizia defendatzeko aritzen den International Justice Mission erakundearentzat. Iaz, gainera, 2018ko Elkartasunaren Nafarroa Saria jaso zuen.

 

«Ikastea funtsezkoa da, baina laguntza egokia jaso ezean, zaila da bidean dauden oztopoak saihestea»

Victoria Nyanjurak parte hartu zuen ALBOANek antolatutako Emakumeok Martxan kongresuan, eta harekin hitz egin genuen mugikortasun-egoeran eta, zehazkiago, gatazka armatuen testuinguruan sexu-indarkeria sufritu duten emakumeen beharrei eta eskaerei buruz.

“Afrikan aspaldi hasi eta oraindik ere bizirik jarraitzen duten gatazkak daude. Ugandaren kasuan, gatazkak iraun zuen urteetan, emakume gazte asko bahitu zituzten, eta luze egon ziren gatibu, urteak ere. Denbora horretan tratu txar jarraituak jasaten dituzte, bortxatu egiten dituzte, eta denbora luzez oinez egitera behartzen dituzte. Haietako asko ezingo dira inoiz itzuli beren etxeetara. Emakume horiek beren askatasuna, ahotsa eta eskubideak galtzen dituzte. Ihes egitea lortzen duten emakumeetako batzuk errehabilitazio-zentrora bidaltzen dituzte, eta han gaitutako langileen arreta eta laguntza jasotzen dute. Zentro horietan denboraldi bat eman ondoren, familiekin itzultzen dira emakumeak, familiak aurkitu egin ahal izan badira”, azaldu digu Victoriak.

Emakumeek, urte luzez gabezian eta kaltebera egon ondoren, zailtasun handiei egin behar diete aurre. “Errehabilitazio-zentroetan haien zauri fisikoak sendatzen dituzte, aholkularitza jasotzen dute, baina askatasunaz gabetuta egon den norbaitek ez daki nola berregin bere bizitza. Denbora luzea igaro da, zauri psikologikoak sakonak dira. Gainera, batzuetan beren familien eta komunitatearen arbuioa jasan behar dute”.

 

Berriz ikastea ez da horren erraza

Berriz ikastea hasiera bat da, baina emakume guztiak ez daude horretarako prest. Victoria eskolan bahitu zuten, beste hainbat emakume bezala, eta ikasgelara itzultzeak bizitza lapurtu ziotela gogorarazten zion. Emakume horiei laguntzeko lan egiten duten erakundeei dagokienez, Nyanjuraren ustez lan ona egiten dute, oro har, baina garrantzitsua da zenbait alderdi ere kontuan hartzea: adibidez, ardurapean dituzten senideen zaintzak, prestakuntza-programetan parte hartzeko bihotz ematen zaienean. Ikastea funtsezkoa da, baina laguntza egokia jaso ezean, zaila izango dute bideko oztopoak saihesteko. Indarkeriak jasan dituzten emakumeen kasuan, ezinbestekoa da prozesuaren hasierako fasean haiei babesa ematea. Emakume horietako asko blokeo-egoera batean daude, eta horrek “martxan jartzea” galarazten die. Victoriarentzat hasieran oso gogorra izan zen eskolara itzultzea, han bahitu zutenez. Denbora behar izan zuen ikas-zaletasuna, ikasteko gogoa, berreskuratzeko. “Gauza askotan pentsatzeko denbora izan nuen, eta azkenean eskolara itzultzea erabaki nuen, lanpetuta egoteko eta, hala, iragana oroitzeko hainbeste denbora ez izateko”. Baina hezkuntzari buruz hitz egitean, urrunago doa Victoria Nyanjura, beste hainbat emakumek ere egin bezala: “Gure seme-alabak hazten diren heinean, hezkuntza-premiak nabarmenagoak bihurtzen dira. Badaude Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza irakasten duten eskola publikoak, eta garrantzitsua da haiei hezkuntza ona eman ahal izan diezaiegula”.

Emakumeek bahiketari ihes egitea edo handik itzultzea lortzen dutenean, lehenik eta behin oinarrizko premiak ase behar dituzte: janaria, osasun-laguntza… Errehabilitazio-lana egitean, garrantzitsua da erakundeak ez daitezela ahaztu aurrerago egoeraren jarraipena egiteaz. Halako proiektu bat martxan jartzean, ezinbestekoa da kontuan hartzea zer egoera zehatz dagoen tokian-tokian eta inguruan, eta zer behar eta zailtasun dituzten onuradunek.

 

Errehabilitaziorako eta adiskidetzeko giltzarriak

Lanean hasteko premisa nagusietako bat parte hartze bidezko proiektuak egitea da, eta horiek diseinatzean, kontuan hartu behar dira testuinguruaren baldintzak eta berezitasunak.

  • Emakumeentzako eta haien seme-alabentzako hezkuntza, ikasteko dirulaguntzak emanez.
  • Mantenua eta askatasun ekonomikoa ziurtatzea. Laguntzaren, babes ekonomikoaren eta prestakuntzaren bidez.

Emakumeok Martxan kanpainarekin bat egiteko sartu www.emakumeokmartxan.org  webgunean. Zure ekarpenak beren ametsak betetzen lagunduko die.