Skip to main content

430 erakundek salatu dute Europar Batasunak jarrera pasiboa agertu duela Grezian eta Balkanetan dauden errefuxiatuei eragiten dien hotz polarraren inguruan

personas refugiadas en Grecia y los Balcanes

Argazkia: MARKO DJURICA | REUTERS

Espainiako Jesusen Lagundiak eta bertako erakundeek bat egin dute giza eskubideen, migratzaileen, errefuxiatuen eta gizarte zibilaren alde egiten duten herrialde osoko 430 erakunderekin, eta denen artean eskaera bat sinatu dute azken 48 orduetan, «Hotzez hil ez daitezen» izenburupean; horren bidez, Europa mailan errefuxiatuak babesteko operazio bat abian jartzeko eskatu dute, azkar eta behar bezala hotzetik babestuta egon daitezen. Inaziotar familiako 100 erakunde baino gehiago daude 430 erakunde nazional horien artean: gizarte-institutuak, ikastetxeak, pastoralak, komunitate laikalak, gazteen zentroak, parrokiak, unibertsitate-ikastegiak…

Azken egunotako irudietan ikusi dugu milaka errefuxiatu hotz polarra jasaten ari direla, inolako aterperik gabe, eta askori gorputz-adarrak izozten ari zaizkiela; kasurik okerrenetan, hiltzen ere ari dira batzuk. Hori horrela, aipatutako erakundeek (eta agiriarekin bat egin duten ehunka partikularrek) beharra ikusi dute Europako Batzordeari eta Espainiako Gobernuari eskatzeko operazio egoki bat abian jar dezala berehala, errefuxiatuen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bermatzeko.

Agiria sinatu duten erakundeek kezka handia erakutsi dute; izan ere, Grezian eta Balkanetan errefuxiatuta dauden milaka pertsonen egoera larria da (haietako askoren bizitza ere arriskuan dago) eta, praktikan, Europar Batasunak ez ditu eskaintzen berez eskaini behar dituen gutxieneko bermeak. Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak, lehenengo bi artikuluetan, giza duintasuna eta bizitzeko eskubidea zaintzeko, babesteko eta errespetatzeko konpromisoa ezartzen du. Sinatzaileen ustez, bi elementu horiek zalantzan jartzen ari dira egunotan.

Hori horrela, erakunde sinatzaileek Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari eskatzen diete jarrera aktiboagoa hartzeko, hotzaren aurkako premiazko operazio bat abian jar dadin Europan, Greziako eta Balkanetako herrialdeetako gobernuekin lankidetzan. Horretarako, Babes Zibileko Europako Mekanismoa edo Batasuneko Gobernuek abian jar ditzaketen beste premiazko ekintza batzuk erabiltzeko eskatzen diete, errefuxiatuei konponbide bat emateko, premiaz eta berehala, haien dokumentazio-prozesuen eta/edo errefuxiatu-izaeraren egoera edozein delarik ere.

Zer egin dezakezu?

Hona hemen deialdiaren testua:

Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari eginiko eskaera

HOTZEZ HIL EZ DAITEZEN:

EUROPAR BATASUNAK SOROSPEN-BETEBEHARRA BETE BEHAR DU

 

430 erakundek salatzen dute Europar Batasunak jarrera pasiboa daukala Greziako eta Balkanetako larrialdi humanitarioaren inguruan

75.000 migratzaile eta errefuxiatu daude herrialde hauetan harrapatuta: Grezia, Mazedoniako Antzinako Errepublika Jugoslaviarra, Serbia, Eslovenia, Kroazia, Hungaria eta Bulgaria; horietako asko Europako beste herrialde batzuetara noiz bidaliko dituzten zain daude. Negua heltzearekin batera, pertsona horien sufrimendua larriagotu egin da; izan ere, aurtengoa azken urteotako negurik gogorrena izaten ari da. Asteotan Europara iritsi den hotz polarraren ondorioz, errefuxiatuek zero azpiko tenperaturak jasan behar dituzte. Horietako askok lehendik ere bazituzten bizi-baldintzak negargarriak direla eta, osasun-arazo ugari sortu dira; batzuei gorputz-adarrak izoztu zaizkie eta beste batzuk hiltzeko arriskuan daude.

Ahalegin handiak egin badira ere, ezin izan dira kanpamendu guztiak negurako prestatu, eta errefuxiatu askok dendetan bizitzen jarraitzen dute.

«Kontua biziak salbatzea da, ez paperak egitea eta xedapen burokratikoak betetzea», adierazi du ACNUR Errefuxiatuentzako Goi Mandatarien Elkarteak. Aurreko ostegunean Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak salatu zuenez, Belgraden harrapatuta dauden 2.000 migratzaile eta errefuxiatu ingururi gorputz-adarrak izoztu zaizkie; izan ere, azken egunotan tenperaturak zero azpian daude hiri horretan. «Ziur nago astearen amaierarako askoz ere izozte-kasu gehiago egongo direla», gehitu du Andrea Contentak. Azpimarratu du, halaber, aurreko asteburuan zero azpitik 16 gradutara iritsi zirela Serbiako hiriburuan, eta 30 zentimetroko elur-geruza batek estaltzen duela hiria.

Aurreko astean, Greziako eremuetan lan egiten duten errefuxiatu eta elkarteek hotzak eragiten dituen bizi-baldintza izugarrien berri eman zuten WAKE UP EUROPE adierazpenaren bidez. Greziatik, Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuak milaka pertsonaren sufrimendua salatu zuen: «Grezia iparraldean afganiar errefuxiatu bat izoztuta hil da, zero azpitik 14 gradutan zeudelako», esan zuen Cécile Deleplanque-ek. «Uharteetako kanpamenduak gainezka daude eta pertsona askok dendetan bizitzen jarraitzen dute».

Badirudi errefuxiatuak negutik babestera bideratutako laguntza ekonomikoak ez direla guztiz eraginkorrak izan. ACNURek Samos uharteko egoera larriaren berri eman du; han, 1.000 pertsona inguru berogailurik gabeko kanpin-dendatan bizi dira, haurrak dituzten familiak barne. Balkanetako bideko egoera are larriagoa da, bereziki Kroazia, Hungaria eta Serbiaren arteko mugan; izan ere, hotz handia egiten badu ere, errefuxiatu asko aire zabalean bizi dira, eta agintariek alboratu eta, batzuetan, zigortu egiten dituzte.

Negua fenomeno naturala da eta ezin dugu kontrolatu, baina pertsona kaltebera horien berehalako beharrak babestu ditzakegu, eta hala egin behar dugu. Europak ezin du onartu errefuxiatuak hotzez hiltzea; bere ardura da pertsona horiek duintasunez tratatzea.

Larrialdi batek herrialdearen erantzuteko ahalmena gainditzen duenean, estatu kideek laguntza koordinatua ematen dute, Europar Batasunaren Babes Zibileko Mekanismoaren bidez. Mekanismo horrek estatu kideek beren babes zibileko zerbitzuak mobilizatzeko laguntza eta erraztasunak ematen ditu, hondamendi bat jasan duten edo jasateko arriskuan dauden herrialdeei laguntzeko.

Larrialdietarako Erantzuna Koordinatzeko Europako Zentroa (CECRE) da Babes Zibileko Europako Mekanismoaren nukleo operatiboa. CECRE lankidetza estuan aritzen da Mekanismoan parte hartzen duten estatuetako babes zibileko agintariekin, Europa mailako erantzun azkarra koordinatzeko. CECREk erantzuna gainbegiratzeko eta koordinatzeko ahalmen logistikoa dauka eguneko 24 orduetan. EBko estatu kideez gain, herrialde hauek ere parte hartzen dute Batasunaren Babes Zibileko Mekanismoan: Islandia, Norvegia, Serbia, Turkia, Mazedoniako Antzinako Errepublika Jugoslaviarra eta Montenegro.

Babes Zibileko Europako Mekanismoa 2015eko eta 2016ko une jakin batzuetan aktibatu izan da errefuxiatuei laguntzeko asmoz, baina, gaur egun, Greziari bakarrik ematen dio zerbitzua (behean dago urtarrilaren 6rako esteka), eta ez da bizi dugun hotz-boladari aurre egiteko bitarteko handiagoak eskainiko dituen larrialdi-operazio espezifikorik antolatu.

Neguak eta hotz polarrak Europan eragindako larrialdi humanitarioa ikusita, honako hau premiaz eskatzen dugu:

1. Barne Ministerioari eta Espainiako Gobernuari, Babes Zibileko Europako Mekanismoa aktibatzeko eska dezatela, Europa mailan koordinatutako premiazko erantzun bat antolatzeko eta, horren bidez, Grezian eta Balkanetan hotz-boladaren eragina jasaten ari diren errefuxiatuei laguntzeko.
2. Europar Batasunari, Babes Zibileko Mekanismo horren bidez berehalako laguntza eman diezaiela Greziari eta Balkanetako herrialdeei, bertan dauden errefuxiatuak babesteko asteotan Europan erregistratutako tenperatura baxuetatik.

ADIERAZPENA SINATZEN DUTEN ERAKUNDEA