Kolonbia eta Venezuelaren arteko muga gurutzatzen duten istorioak

Gerson Cárdenasek gertutik ezagutzen du mugaren pultsua. Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuko (JRS) lurralde-koordinatzailea da Araucan (Kolonbia), eta migratzaileei, errefuxiatuei, itzulitakoei eta tokiko komunitateei laguntzen dien talde baten buru da. Mugako eskualde horretan istorioak gurutzatu egiten dira: elkartu nahi duten familiak, segurtasun bila iristen diren pertsonak eta etxe berri bat eraikitzeko geratzen direnak. Migrazio-testuinguru konplexua da, bai bi herrialdeen egiturazko arazoengatik, bai Kolonbiako gatazka armatuagatik, bai Venezuelako konbultsio politikoagatik, bai eskualdeko eta munduko klima-aldaketagatik.
2014tik, Gersonek giza mugikortasun testuinguruetan lan egin du, migrazio ibilbideak nola aldatu diren behatuz. Pandemiaren aurretik, pertsonen joan-etorria etengabea zen, Peru, Ekuador, Argentina edota Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialdeetara iristea bilatuz. Gaur egun, pertsonek migratzen jarraitzen dute, baina askok gelditzeko lekua aurkitu dute Kolonbian.
Entzutea eta orientatzea
Araucako JRSko taldeak laguntza integrala eskaintzen du: orientazio juridikoa, laguntza psikosoziala eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea. Erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratu du Gersonek. «Erakunde bakoitzak ekarpen bakarra egiten du. JRSk entzun, orientatu eta konektatu egiten ditu ondoen lagun diezaieketen pertsonak».
Hala ere, lana ez dago erronkatik salbu. «Egun batzuetan, pertsona asko iristen dira laguntza bila, eta beste batzuetan, berriz, fluxua oso txikia da. Baina beti gaude prest babesa eskaintzeko», azaldu du Gersonek. Muga ez da igarobide hutsa; pertsona askorentzat aukera berriak eskaintzen dituen lekua da.
Eta iristen direnen profila galdetzen diogunean, erantzuna berehala etortzen da: «Momentu honetan familiak iristen dira. Lehenengo istantean, ama edo senarra irten zen, eta atzean utzi zuen umea. Gero, jatorrizko herrialdean egoera oso zaila dela ikusita, seme-alabekin etortzea erabaki dute, bizi-kalitate hobea izan dezaten. Bakarrik dauden gizonak edo etxaburu diren emakumeak ere iristen dira, eta horiek ere eramaten dituzte amona, aitona, osasun egoera nahiko zailetan. Emakumeak beti etortzen dira egoera zaurgarriagoetan eta karga emozional handiagoarekin. Eta bakarrik dauden adin txikikoak ere ikusten ditugu, mugara euren gurasoen bila iristen direnak, duela urte batzuk migratu zutenak. Kasu horiek oso frustragarriak dira».
Ahotsak mugan
Maria, Venezuelako gazte bat, Araucara iritsi zen, hilabete batzuk lehenago migratu zuen anaiaren bila. «Ez nekien aurkituko nuen ala ez, baina JRSren babesak behar nuen orientazioa eman zidan modu seguruan bilatzeko», gogoratu du.
José eta Luisa, Venezuelan urtetan bizi izan zen bikote kolonbiarra, krisi ekonomikoaren ondorioz itzuli ziren. «Galduta sentitzen gara iristean. Baina hemen topatu genituen entzun eta berriz hasteko gidatu gintuzten pertsonak», partekatzen dute esker onez.
Gersonek eta bere taldeak badakite istorio bakoitza bakarra dela, eta migrazio ibilbideak zalantzazkoak izan daitezkeen arren, beti dagoela itxaropenerako tartea.
«Kontua ez da soilik lerro geografiko bat gurutzatzea. Segurtasunerantz, berrelkartzerantz eta, kasu askotan, bizitza berri baterantz doan bidaia da», hausnartu du Gersonek. Araucan, JRSk hasiera berri baten bila dabiltzanei laguntzeko konpromisoa du.