Skip to main content

"Etxean gaude, eta itxaropena mantenduko dugu, baita senide-gizateria bidezkoagoa lortzearen aldeko lana ere"

María del Mar Magallón

María del Mar Magallón, ALBOANeko zuzendariak erakundeko kideei bidalitako gutuna

ALBOAN fundazioko adiskide maiteok,

 

Besarkada handi-handia talde osoaren partetik. Espero dugu zuek guztiak, eta zuen familiak, ondo egotea.

 


Koronabirusaren krisialdia ustekabean sartu da gure bizitzetan, eta dena jarri du hankaz gora: gure eguneroko lanak, jarduerak, eta gizartea ulertu eta aztertzeko daukagun modua ere bai. Munduko pandemia honek erabateko egoera ezezagun baten aurrean jarri gaitu, eta ez ditu bereizi gizarte-mailak, herrialdeetako mugak edota hesiak. Nolabait, munduko hainbat lekutan milioika pertsonak bizi ohi duten kalteberatasun eta hauskortasunera hurbilarazten gaituen krisia da hau. Gizaki guztiok daukagu gaitz berberaren mehatxua.

 


ALBOANen ere neurriak hartu ditugu, eta etxean geratu gara, baina lanean jarraitzen dugu bazterturik dauden pertsonen ondoan, baita gure familia handiaren partaide zareten guztion ondoan ere. Martxoaren 15etik on-line eta telefonoaren bitartez mantentzen dugu gure jarduera. Zerbait behar izanez gero, edo kontsultaren bat egin nahi baduzue, oso erraz jarri ahal zarete gurekin kontaktuan, posta elektronikoen edo ohiko telefonoen bidez.

 


Gure aldetik, oso hurbiletik jarraitzen diogu Latinoamerika, Afrika eta Asiako erakunde aliatuek bizi duten egoerari. Kalteberago diren lurraldeetara hedatzen bada pandemia, eraginak Europan bizi ditugunak baino askoz dramatikoagoak izango dira.

 


Erakunde horiek, hain zuen, bidaltzen dizkigute guri animoak eta elkartasuna mantentzeko mezuak (mezu horietarako esteka). Koronabirusak dena eraldatu du. Txaden, Hondurasen edo Indian, hau da, krisialdi iraunkorretan bizi duten herrialdeetan, koronabirusak beren ateetan jotzen duelarik, hango taldeek sentsibilitatea eta eskuzabaltasuna eskaintzen dizkigute, gutaz gogoratzeko eta onena opa izateko. Benetan, ederra eta hunkigarria. Elkarren arteko zainketa-mezu hauek gure itxaropena eta indarrak sendotzen dituzte, mundu bidezkoagoa lortzearen aldeko borrokan jarraitzeko, horrela gizakien familia duintasunean bizi izango baita.

 


Konfinamendu honek hainbat jarduera bertan behera uztera behartu gaitu. Hala ere, besoak gurutzatuta ezin gara geratu. Geure burua eta besteak zaintzeaz gain, garai honetan mundu bidezkoagoaren alde ikasten eta mobilizatzen jarraitzeko aukera daukagu. Krisi honek agerian jartzen du, inoiz baino argiago, munduko erronkek herritartasun arduratsu eta globalaren erantzuna behar dutela. Horregatik, ALBOANen martxan jarri dugu “Munduko pandemiaren aurrean, Herritartasun Globala”. Horrela, jendeak pandemiaren aurrean martxan jartzen dituen jarduerak jakinaraziko dizkizuegu,  etxean erabiltzeko hezkuntza baliabideak eskainiko, eta Hegoaldeko datozkigun informazioen berri emango.

 

Hurrengo egunetan, zenbait informazio argitaratuko ditugu Facebook, TwitterInstagram. Eskertuko nizuke berri horiek zure kontaktuen artean zabaltzea.

 

Gainera, #HerritartasunGlobalaGara erronkan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu. Horren bitartez, bost kontinenteetako pertsonen batasuna ikustarazi nahi dugu kate bat eginez eta #HerritartasunGlobalaGara eta #NiEtxeanGeratzenNaiz mezuak munduan zehar zabaltzen. Elkarri laguntzearen eta herritartasun globalaren ikurra izango da koronabirusaren garaian. Zure katea egitera animatuko zara?

 

Eskerrik asko bihotz-bihotzez gure alboan egoteagatik. Osasuna, animoak eta pazientzia opa dizkizuegu.

 


Besarkada handia,


Mª Mar Magallón, ALBOANeko zuzendaria