Skip to main content

Bolondresak. Nerabe-eromen bedeinkatua!

Aída

Aída García Oriok duela bost urte hasi zuen boluntariotza Alboanen, erabaki zuenean Gazte Sarearen jardueretako batean parte hartzea. Duela gutxi langile-taldean sartu da, gure erakundeak kontratatuta.

 

Nerabe-eromen bedeinkatua! Aída García Oriok idatzia

Nire izena Aida da, ia 25 urte ditut eta bilbotarra naiz; arlo profesionalean, hezkuntzan eta esku‑hartze sozialean egiten dut lan. Gaur egun, aste batzuk daramatzan Alboanen lanean, Emakumeok martxan proiektuan, baina erakundearekiko harremana duela bost urte hasi zen, Gazte Sarean hasi nintzenean boluntario gisa. Baina, nola ezagutu nuen erakundea?

Unibertsitate-ibilbidean zehar, bi ikaskide ezagutu nituen, eta hasieratik lagunak egin ginen. Biek hainbat urte zeramatzaten lanean begirale eta laguntzaile gisa Gazte Sarean, eta zirraraz hitz egiten zuten horri buruz: "Asteburu honetan gainerako begiraleekin topaketa antolatuko dugu” “Lantzen ari garen gaia Gatazkarik gabeko teknologia da” “Barrez lehertu ginen koordinatzaileekin bileran”- esan ohi zidaten. Aitortzen dut horrek gogoa pizten zidala.

Txiki-txikitatik jakin izan dut gizarte-laguntzarekin, lankidetzarekin eta aniztasunarekin lotutako zerbaitetan egin nahi nuela lan, baina nire aurreko boluntariotza-esperientziek ez zuten zerikusirik izan Alboanekiko lehen harremanarekin. Egun batean, klasean, esan zidaten laguntza behar zutela Deustuko Unibertsitatean egingo zuten Webquest baterako, eta, hitzaren esanahia jakin gabe ere baietz esan nuen. Nerabe-eromen bedeinkatua!

Heldu zen eguna, eta aitortzen dut urduri nengoela; hala ere, nire aktore-gaitasunek lagundu zidaten hori disimulatzen. Ez nekien zer egingo nuen, zenbat pertsona egongo ziren bertan, landuko ziren gizarte-gaiak zein izango ziren eta are gutxiago izerditzeko jertse laranja berri batekin eta mugikor apurtuarekin itzuliko nintzela etxera. Zelako abentura! Barrez, ikaskuntzaz eta lagunez betetako eguna izan zen, oraindik gertatzen den zerbaiten hasiera. Urduritasunaren eta zirrararen ondorioz, nire Errege Eguneko oparia komunera erori zen eta betirako hondatu zen; hala ere, oroitzapen eder asko ditut ekitaldi horretatik, eta bestea anekdota gisa gelditu da, eta gogora ekartzen dugun bakoitzean barrez lehertzen gara.

 

[[{"fid":"5759","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"513","width":"759","class":"media-element file-default"}}]]

Aída, irudiaren eskumaldean, Deustuko Unibertsitateko webquest ekitaldian, 2016ko azaroan.

 

Lehen une horretatik aurrera, laranja koloreak beste esanahi bat hartu zuen nire bizitzan, eta milaka espaziotan hartu dut parte. Izan ere, atzera begiratuta, Gazte Sarearen hiru topaketa baino gehiagotan, boluntariotza-topaketatan, otordu solidariotan eta hitzaldi nahiz prestakuntza ugaritan egon naiz, eta hainbat artikulu idatzi ditut. Horrez gain, lankide boluntario batekin “Somos Marea” abestia konposatu dut, magia hau denboran mantentzea ahalbidetzen duten pertsona guztiei eskerrak emateko.

Baliteke GKEko ibilbideari buruz idaztean fantasiazko ipuin baten antzekoa izatea, baina ezinezkoa egiten zait urte hauetan jaso dudan guztia gogoratzea aurpegian irribarre erdi bat agertu gabe. Maitasuna, besarkadak, barre-algarak, negarra, poza, tristura... Mota guztietako emozio eta bizipenak bizi ditut Alboani esker. Zalantzarik gabe, behin eta berriro berretsi dut hau dela nire ogibidea eta bidea, eta horretan jardun nahi dut bizitza osoan zehar.

Hori gutxi balitz, nazioarteko lider zoragarriak ezagutu ahal izan ditut, eta euren bizipenak entzun ditut: euren jatorrizko kontinenteetan egiten dute lan, biztanleria minoritarioekin, Ama Lurra defendatzen dute, haurren eskubideak babesten dituzte eta sexu-indarkeriak salatzen dituzte, besteak beste. Halaber, herrialdeko eremu eta elkarte desberdinetako jendearekin partekatu ditut esperientziak; hainbat historia ezagutu ditut, eta benetako lagunak egin ditut.

Ez dakit ziur zergatik erabaki nuen boluntario egitea eta zer eman ahal izan diodan Alboani, baina pozten nau erabakia hartu izanak; izan ere, bidaia honetan asko hazi naiz pertsona eta profesional gisa, eta sortu dudan ezagutzen eta pertsonen sarea ezingo nuke sortu beste modu batean.

Horrekin batera, boluntariotzari esker gehien erakarri eta kezkatzen nauten bi gauak lortzen dituen proiektu batean lan egin ahal izan dut: migrazioak eta genero-desberdinkeriak. Erakundea ezagutu gabe eta esperientziak partekatu gabe hori ezinezkoa litzateke.

Laburpen gisa, esan dezaket eskerrak ematen ditudala maila eta norabide guztietan bizi dudan guztiagatik eta oraindik biziko dudanagatik, eta konposatu genuen abestia ekarri nahi dut gogora: "y como amigas, desafiaremos vientos, tormentas, huracanes, sombras traicioneras, pues juntas somos marea".