Alboan-ek eta Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030eko Zuzendaritzak “Euskal enpresek GJHei egiten dieten ekarpena: estrategiatik neurketara” argitalpena aurkeztu dute
Alboan-ek eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030eko Zuzendaritzak argitalpen berri bat aurkeztu dute, Euskadiko enpresa-sareari gure garaiko erronka handienetako batean laguntzeko: mundu globalean modu jasangarrian lehiatzea.
Dokumentua Euskadiko Enpresetatik Mundura programaren lehen fasearen emaitza da. Eusko Jaurlaritzak sustatzen du ekimen hori, eta Alboan-ek koordinatzen du.
Enpresen arteko lankidetzatik eraikitako proiektua
Esparru teorikoa izatetik urrun, programaren lehen edizioan parte hartu duten enpresen esperientzia zuzenetik sortu da argitalpena. Hausnarketa estrategiko partekatuko prozesu baten bidez, ikaskuntzak, erronka komunak eta benetako aukerak identifikatu dira, lehiakortasunik galdu gabe jasangarritasunean aurrera egiteko.
Emaitza ibilbide-orri bat da, iraunkortasuna euskal enpresen ezaugarri bereizgarri gisa sendotzea bilatzen duena, eta, erakunde askok oraindik konplexutzat edo zehaztugabetzat jotzen duten eremu horretan argitasuna ematen duena.
Hobeto eta arduraz lehiatzeko gakoak
Argitalpenak lehiakortasun jasangarrian jartzen du arreta, pertsonak eta giza eskubideak enpresa-jardueraren erdigunean jarriz. Bere ekarpen nagusien artean hauek nabarmentzen dira:
- Lehentasunezko erronkak: nazioarteko esparru handiak enpresa txiki eta ertainen errealitatera ekartzeko beharra, jasangarritasuna sinplifikatuz, betebehar administratibo gisa ulertzeari utzi eta berrikuntzaren eta balioaren eragile gisa uler dadin.
- Jardunbide egokiak: GJHak beren negozioan txertatu dituzten eta emaitza nabariak lortzen ari diren enpresen kasu errealak, batez ere ekonomia zirkularraren edo giza eskubideen arloan behar den arduraren esparrukoak.
- Azelerazio-palankak: aliantza publiko-pribatu eta sozialen, inpaktu-inbertsioaren eta gardentasunaren funtsezko zeregina, ekoizpen-ereduan egiturazko aldaketak bultzatzeko.
- Eskura dauden tresnak: enpresei segurtasun eta eraginkortasun handiagoz aurrera egiten lagun diezaieketen Euskadiko ekimenen, baliabideen eta programen mapa.

Tokian tokitik globalera
Argitalpenak ideia nagusi bat azpimarratzen du: Euskadiren lehiakortasuna nazioarteko merkatuetan arduraz jokatzeko duen gaitasunaren arabera ere neurtzen da. Dokumentuaren arabera, enpresa-nazioartekotzearekin batera, koherentzia, giza eskubideekiko errespetua eta balio partekatua sortu behar dira.
Ekitaldi honetan, jarraipena emango zaio 2025ean hasitako ibilbide-orriari. Prozesu hori amaitzeko, jardunaldi bat egingo da urtearen amaieran, amaierako emaitzak aurkezteko eta ixteko mugarri gisa. Alboan-ek etengabe emango du proiektuaren aurrerapenen eta enpresa-sarerako parte hartzeko hurrengo bideen berri.
