Skip to main content

Fe y Alegría Venezuela. Amazonas: Denon etxea zaintzen

Fe y Alegría Venezuela

Amazonia eskualdea osatzen duten herrialdeak bederatzi dira, Amazonas ibaiaren arroan lurraldeak dituztenak, hain zuzen: Kolonbia, Venezuela, Ekuador, Bolivia, Brasil, Guyana, Guyana Frantsesa eta Surinam. Fe y Alegría Nazioarteko Federazioa aspalditik ari da lanean hain eskualde zabaleko komunitateei ahalik eta onena eskaintzeko, eta horretarako koordinazio-ekintzak egiten ditu SJPAM Panamazoniako Zerbitzu Jesuitarekin eta Xavier Sarearekin, besteak beste. Horrela, 2017. urtean, aldez aurretiko ikerketa prozesua burutu ostean, Federazioak eskualde honetan lan egiteko hiru ildo nagusiak identifikatu zituen, hezkuntza proiektuaren arloan: Amazonas: Denon Etxea Zaintzen, lurralde honetako Fe y Alegría Federazioaren zenbait eskolatan garatzen dena: kulturarteko hezkuntza; hezkuntza elebiduna; ingurumena zaintzea.

 

Modu koordinatu batean egiten ari da proiektu hori Venezuelan, Perun, Ekuadorren, Brasilen, Bolivian eta Guyanan. ALBOANek hartu zuen bere arduran Xavier Sareak, garapenerako erakunde jesuiten nazioarteko sareak, eskatutakoa, hots, Fe y Alegría Nazioarteko Federazioaren eta Panamazoniako Zerbitzu Jesuitaren ekimena bermatzea eta sustatzea.

 

Elluz Pernia, Fe y Alegría-Venezuelako irakaslea: “Ikasleek beren kultura ezagutu eta aintzat hartzea nahi dugu.”

Beste “bidaideak” bezala, Fe y Alegría-Venezuela ari da lanean aipatutako ildoetan. Elluz Perniarekin mintzatu gara, esperientzia nola doan ezagutzeko.

[[{"fid":"3470","view_mode":"default","fields":{"format":"default","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"type":"media","attributes":{"height":"512","width":"371","class":"media-element file-default"}}]]

 

Zer-nolako ondorioak ditu Amazonaseko Fe y Alegría taldearentzat kulturarteko ikuspuntutik lan egiteak?

Mendebaldeko kulturak eta kreoleak beretzat hartu dituzte Venezuelako Amazoniako komunitate indigenak. Fe y Alegría beti egokitzen da  lan egiten dueneko lurraldera, hau da, bere lankidetzako herrialde, lurralde, herri eta komunitateetara, eta tokiko kulturak eta beren ezaugarriak eta behar zehatzak errespetatzen ditu.

 

Irakasleei tokiko hizkuntzetan prestakuntza eskaintzea zaila izaten da?

Uste dugu oinarrizkoa dela herri indigenek daukaten hezkuntzarako eskubidea bermatzea. Kontua ez da bakarrik testuliburuak tokiko hizkuntzetara itzultzea. Askoz gehiago da. Ikasleak bere kultura ezagutu eta aintzat hartzea nahi dugu, historian zehar ikuspegi kolonialistatik mespretxatua izan baita. Fe y Alegría Fundazioarentzat funtsezkoa da indigenak ez diren irakasleek tokiko hizkuntza ikastea. Baina tokiko hizkuntza aipatzen dugunean, ez gara hizkuntza bakar batez ari, eskualde honetan talde etniko ezberdinak bizi dira eta. Asmoa da irakasleek beren ikasleekin hitz egin ahal izatea, ikasleen ama-hizkuntza eskolan sartzen joateko. Horrela ikus dezakete beren hizkuntzak balio duela, orain arte nolabaiteko konplexuaz hartu baitute.

 

Irakasle indigenek ere parte hartzen dute proiektuan?

Gure eskoletan, irakasleen %17-20 bakarrik da indigena. Baina espero dugu proportzio hori handituko dela, gero eta gazte gehiagok batxilergoa bukatu eta irakasleak izateko prestakuntza hartu nahi baitute, baita beren ikastetxeetara itzuli nahi izan ere. Horretarako, eskolak ere eskaintze die laguntza une guztietan.

 

Nola lantzen da ingurumen-hezkuntzaren lana?

Amazonia babestu behar da, bere narriadurak kolokan jartzen ditu, bai bertan dauden herrien bizitza, bai planetako bestelakoena. Fe y Alegría Fundazioan egiten dugun ingurumen-hezkuntzarako proposamenaren bidez komunitate osoa inplikatu nahi dugu, eta ez bakarrik bere ikasleak. Eskualde honetan, gazteek bertan behera uzten dituzte ikasketak urre-meatzeetan lan egiteko. Gazteek nekazaritzan etorkizuna ikus dezaten nahi dugu; azken finean, bizitzaren iturburua dela eta enplegurako aukerak eskaintzen dituela ikus dezaten. Eskolan, lurra lantzen irakasten diegu, konukoak direlakoak egiteko -hitz indigena horren bidez izendatzen da elikagaiak ipintzeko lurra-. Lursaila garbitzen eta uztarako produktuak aukeratzen ikasten dute. Etxeetan, beren familiekin batera, esperientzia berregitera animatzen ditugu, baita uzta txikiak (juka, artoa) abian jartzera ere. Gero, etxeetarako bisitak antolatzen ditugu eskolan, konukoa nola doan ikusteko. Modu honetan, familiak motibaturik sentitu, eta esperientziarekin jarraitzera eta beren produktuak uztatzera animatzen dira, familiaren barnean kontsumitzeko eta beren auzokideekin trukatzeko asmoz.

Ingurumenari buruzko proposamen horrek badu pentsaera kritikoa garatzeko aldea ere. Ingurumen-hezkuntzaren alderdi garrantzitsua da, hain zuzen, gazteek meatzeetan egiten duten lanari buruz hausnarketa kritikoa egitea. Horretarako, beren komunitateetako pertsona zaharrekin elkarrizketatu dira, jakiteko nolakoa zen lurraldea meatzeen ustiapenak hasi aurretik. Lehen, leku horiek ederragoak eta garbiagoak ziren, eta bertan ura edan zitekeen.

Meatzariei ere elkarrizketak egin dizkiete beren lana zertan datzan ezagutzeko. Ariketa batean, Venezuelako Herri Indigenen Lege Organikoa aztertu behar dute. Horrelaxe ikasten dute bide legalak existitzen direla beren kultura, bizimodua eta ingurumena defenditzeko, eta ez daudela behartuta beren lurraldeak meatzeen ustiapenetara ematera.

 

Elluz, nola uste duzu izango dela Amazoniako Fe y Alegría-Venezuelaren etorkizuna?

Proiektuan sinesten dut. Ekipoak nola egiten duen lan ikustean, hunkitu egiten naiz: nola inplikatzen diren ikastetxeak hezkuntza-komunitatearekin, eta nola bilatzen dituzten arazo zehatzetarako konponbideak. Badaude motibazio eta konpromiso sendoak, eta horrek bideratzen du etorkizuna positiboa izatea.