Hektarea bat, hogei emakume eta aldaketa geldiezina

Gisumo muinoan, Mugina udalerrian (Burundi), emakume talde batek lurra lantzetik askoz harago doan bidea egin du. Duela bost urte baino gehiago baliabide- eta aukera-faltak markatutako talde informal gisa hasi zena gaur egun diru-sarrerak sortzen dituen, komunitatea indartzen duen eta etorkizunerako aukera berriak irekitzen dituen kooperatiba da, CAFOBek eta Alboanek lagundutako prozesu batean.
Hasierako urteetan, Gisumoko ELTDF eskolako emakumeek ez zuten ia prestakuntzarik eskubideetan, lidergoan edo ekintzailetzan. Erabakiguneetan parte-hartze mugatua zuten eta baldintza ekonomikoek aukerak murrizten zizkieten.
Baina abiapuntu hori aldatzen hasi zen.

Transformatzeko ikastea
Formakuntzari esker hasi zen aldaketa. Emakumeen eskubideei, lidergoari, gatazken konponbideari, kudeaketa kooperatiboari eta negozio-planei buruzko tailerren bidez, taldeko kideak beren garapen pertsonal eta kolektiborako funtsezko tresnak eskuratzen joan ziren.
Ikaskuntza horrek laster gainditu zuen alderdi teorikoa: parte-hartze handiagoa ekarri zuen komunitate-bizitzan, presentzia handiagoa erabaki-guneetan eta barne-kohesio sendoagoa. Gaur egun, 20 emakumeek parte hartzez gain, beren ingurunean aldaketa-prozesuak gidatzen, proposatzen eta mantentzen dituzte.
Taldetik kooperatibara
2025ean, taldeak urrats erabakigarria egin zuen, ofizialki kooperatiba gisa eratu baitzen, Kooperatibak Sustatzeko eta Arautzeko Agentzia Nazionalak (ANACOOP) aitortuta.
Lorpen horrek aukera berriak zabaldu zituen. Gerath Hakizimana presidentearen gidaritzapean, anbizio handiko nekazaritza-proiektua bultzatu zuten: anana haztea hektarea batean, Rusumo muinoan.
Finantzazioa lortzea ez zen erraza izan: 60 kilometro baino gehiago egin zituzten Bujumburaraino, beren proposamena Emakumeentzako Inbertsio eta Garapen Bankuari aurkezteko. Hasieran zalantzak izan arren, Burundiko 5.000.000 liberako kreditua lortu zuten.
Bultzada horrek inflexio puntu bat markatu zuen. Gaur egun, modu antolatuan anana ekoizten du kooperatibak, diru-sarrera erregularrak sortzen ditu 20 kideentzat, eta Burundiko 25 milioi libera baino gehiagoko ondarea du.

Prozesu horren eragina dagoeneko sentitzen da emakumeen eguneroko bizitzan. Presidenteak ondorengoa azaltzen du:
“Gaur pozten nau ikusteak emakumeek gehiago laguntzen dutela beren etxeetako gastuetan, bizitza komunitarioan aktiboki parte hartzen dutela eta etorkizunari konfiantza handiagoz begiratzen diotela”.
Etekinak ez dira zelaian bakarrik geratzen. Lehenengo uztaren ondoren, kooperatibak barne-maileguen sistema bat jarri zuen martxan, eta horri esker, emakume batzuek negozio txikiak hasi dituzte. Horixe da Evelyne kooperatibako bazkidearen kasua: mailegu horietako bati esker, denda bat ireki ahal izan zuen, eta diru-sarrera propioak sortu, gaur egun bere familiaren bizi-baldintzak hobetzeko aukera ematen diotenak.
Erein gaur, eraldatu bihar
Hurrengo urratsa martxan da: ananaren eraldaketarantz aurrera egitea eta balio erantsi gehiago sortzeko aukera emango duen nekazaritzako elikagaien unitate txiki bat eraikitzea; diru-sarrerak biderkatu eta inguruko emakume gehiagorentzako aukerak zabaldu litzakeen helburua, hain zuzen.
Horrelako ekimenak bultzatzean, tokikotik sortzen diren, emakumeen autonomia ekonomikoa indartzen duten eta haien komunitateetan benetako eragina duten prozesuak bultzatzen dira. Zure laguntzari esker, Gisumorena bezalako prozesuek hazten jarraitzen dute, emakume gehiago ekintzaile bihurtzen dira eta etorkizuna, pausoz pauso, ereiten da.
Izan ere, emakumeek aukerak dituztenean, haien bizitza aldatzeaz gain, inguruan duten guztia aldatzen dute.



