Skip to main content

Kakaotik txokolatera: lurraren balioa eraldatzen duten emakumeak

Del cacao al chocolate

Piurako eskualdean, Peruko iparraldean, Piurako Kakao Ekoizle Txikien Elkartearen (APPROCAP) inguruan antolatutako ehunka familiaren bizimoduari eusten dio kakaoak, CIPCA Peru Alboanen erakunde aliatuaren laguntzarekin. 2003an sortu zen, 150 ekoizleren ekimenez. Nekazaritza-kooperatiba bihurtu da erakundea, eta hobetu egin du laborearen kalitatea, bai eta merkatu nazional eta nazioartekoetarako sarbidea ere.

Prozesu horretan, gero eta leku nabarmenagoa hartu dute emakumeek, batez ere kakaoaren eraldaketan. Laborantzaz harago, balio erantsia duten produktuen lanketan topatu dute parte hartzeko, diru sarreretarako eta gaitasunak garatzeko espazio propioa.
 

Produkziotik transformaziora

Urte luzez, kakao alearen ekoizpena eta merkaturatzea izan zen lanaren ardatza. Bilketa-zentro bat sortzeak aukera eman zuen kalitatea hobetzeko, prozesu egonkorragoak bermatzeko eta merkatu gero eta lehiakorrago baten eskakizunei erantzuteko, bai nazionalari, bai nazioartekoari.

Bazkideen helburu nagusia izan da lehengaia saltzetik produktu eraldatuak egitera igarotzea, jatorrian balio handiagoa sortzeko gai direnak. Ildo horretan, kooperatibak kakao-pastaren eta txokolateen ekoizpena bultzatu du, etekin ekonomikoaren zati handiena lurraldean geratzea ahalbidetzen duten prozesuak txertatuz.

Kakaoaren ekoizpena


 

Emakumeak kakaoaren eraldaketan

Eraldaketa-etapa horretan, emakumeek funtsezko zeregina betetzen dute. Lidergo-talde batek, bazkide diren emakumeekin eta bazkideen alabekin batera, aktiboki parte hartzen du txokolatea eta kakaotik eratorritako produktuak egiten.

Gainera, balio erantsiko produktu-sorta bat sustatu da, Intensso markakoa. Produktu basatiekin egindako kontserbekin betetako txokolateak eta % 100 purua den kakao-pasta sartzen dira hor, bai erabilera gastronomikoak dituztenak (postreak edo katiluko txokolatea), bai kosmetikoak.

Diru-sarrerak ez ezik, prestakuntza, aintzatespena eta aukera ekonomiko berriak ere sortzen ditu gune horrek emakumeentzat, kooperatibaren barruan.
 

Kakaoaren balioa biderkatzen denean

Emakumeek kakaoaren eraldaketan egiten duten lanak erakusten du produktu baten balioa handitu egin daitekeela tokiko elaborazio-prozesuak sartzen direnean. Kontua ez da soilik lehengaia ekoiztea, baizik eta kate osoan parte hartzea, diru-sarrera gehiago, autonomia gehiago eta aukera gehiago sortuz.

Hala ere, prestakuntza, baliabideak eta parte hartzeko guneak lortzea erronka handia da landa-ingurune askotan. Hori dela eta, prozesu horiek indartzea funtsezkoa da emakume gehiagok finkatzeko beren zeregina honelako ekimen produktiboetan.

Zure laguntzari esker, APPROCAP bezalako prozesuek hazten jarraitzen dute, emakume gehiago trebatu daitezke eta kakaoaren eraldaketan parte hartu dezakete, eta sortutako balioa lurraldean geratzen da.

Baina badira bestelako sostengu moduak ere. Kontsumo kontzienteago baten alde egitea, bidezko merkataritzako produktuak, hurbilekoak edo jatorrian baldintza duinak bermatzen dituztenak aukeratzea, hau bezalako ekimenei jarraipena ematen laguntzeko modu zehatz bat da.
Emakumeek kakao-kate osoan parte hartzen dutenean, ez delako produktua bakarrik eraldatzen: bizi-aukerak ere eraldatu egiten dira.

Lagundu Ekintzaileak ekimenean