Gatazkarik Gabeko Teknologia, aztergai

Alboan Alboan
15/11/2016

Milioika ikuslek erreparatu zioten gatazka-mineralek eragindako biktimen dramari

La Sextako Salvados programak atzo gauean bota zuen eVictims saioarekin, 2,2 milioi ikuslek ezkutuko errealitate bat ezagutu zuten: sakelako telefonoen eta egunero erabili ohi ditugun beste gailu elektronikoen arteko lotura eta Kongoko Errepublika Demokratikoko gerra “ahaztuan” gertatzen diren giza eskubideen urraketak. Saioa target komertzialaren liderra izan zen sharearen % 12,8rekin, eta nagusi izan zen 35 eta 54 urte bitarteko ikusleen artean ere.

Erreportajea egiteko, Jordi Évole eta haren taldea Kongora joan ziren, lurpean planeta osoko koltan-erreserbarik handienak dituen herrialdera. Koltan-erreserbarik handienak edukitzea, aukera-iturri izan ordez, ezbehar bihurtzen da kongotarrentzat. Eskualde horretan koltana eta beste mineral asko dago, eta mineralok izugarri gutiziatzen dira teknologia berriak fabrikatzeko. Mineral horiek legez kanpo ateratzeak eta merkaturatzeak diruz laguntzen du herrialdeak orain 20 urtetik baino gehiagotik duen gatazka armatua. Biktima nagusiak emakumeak eta neskatoak dira, sexu-indarkeria sistematikoa jasaten baitute, haiek beraiek eta beren komunitateak suntsitzeko helburuz. Hori dela eta, Kongo emakume jaiotzeko munduko lekurik okerrena da.

Jordi Évolek honela deskribatu du hango egoera: "herritarrak egoera lazgarrian bizi dira: eskualde askotan kaosa da nagusi, eta emakumeen gorputza beste gudu-zelai bat bilakatzen da. Horregatik, emakumeek denetariko erasoak, torturak, mutilazioak eta bortxaketak jasan ohi dituzte".

ALBOANek Salvadosekin lan egin zuen. Hala, María Álvarez Urturik, ALBOANeko Nazioarteko Lankidetza – Afrika saileko teknikariak, erreportajean azaldu du nola bizi diren hango emakumeak, zer neurri hartzen diren haiei lagundu eta euren bizimodua berregin ahal izan dezaten, eta zer erantzukizun partekatu sortzen diren auzi horren inguruan.

ALBOANek urteak daramatza Afrikako inguru horretan, lekualdatuekin, errefuxiatuekin eta sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeekin lan egiten. Halaber, hemen bertan “Gatazkarik Gabeko Teknologia” (http://www.tecnologialibredeconflicto.org), jendea sentsibilizatzeko, gizartea mobilizatzeko eta politikan eragiteko asmoz.

Gatazkarik Gabeko Teknologia (GGT)

Egitasmo hau hainbat esparrutara zabaldu da: ikastetxeetara, Eusko Jaurlaritzara, Nafarroako Parlamentura, Europar Batasunera, kalera eta atzokoa bezalako prime timeko emankizunetara, besteak beste.

Datozen egunotan, GGT kanpainak zenbait gune hartuko ditu, Justine Masika kongotar aktibista eta “Synergie des femmes contre les violences sexuelles” taldearen koordinatzailearen eskutik, eta Amparo Sánchez garai bateko Amparanoia taldeko abeslari eta konpositorearen eskutik. Amparo Sánchezek bat egin du kausa honekin, eta elkarlan horretatik sortu dira Mama África abestia eta bideoklipa, bai eta hark Kongoko EDra eginiko bisitari buruzko dokumentala ere; aurki aurkeztuko dira biak ala biak.

  • Azaroak 16. Justine Masikaren hitzaldia, Gasteiz en Conexión zikloaren barruan. Aldabe zentroa. Vitoria-Gasteiz.
  • Azaroak 21. Justine Masikaren eta María Álvarezen hitzaldia, “Una Ventana al mundo” egitarauaren barruan. Gaztediaren Etxea. Iruñea.
  • Azaroak 22. LibreCon 2016. Justine Masikaren hitzaldia eta Amparo Sánchezen musika-emanaldia. Euskalduna Jauregia. Bilbo.
  • Azaroak 23. Prentsaurrekoa Justine Masikarekin eta Amparo Sánchezekin, Amparo Sánchezek GGT kanpainarekin egin duen elkarlana eta Mamá Africa bideoklipa aurkezteko. Arrupe Etxea. Bilbo.
  • Azaroak 24. "Emakumeak eta natur errekurtsoak: bortizkeriari irtenbidea bilatzen" mintegia. Arrupe Aretoa. Donostia.
  • Azaroak 26. Walikale Webquest lehiaketa. Deustuko Unibertsitatea. Bilbo.

Europar Batasuneko legegintza-prozesua

Guk konpromisoa dugu KED ekialdeko indarkeria-egoerak baretzeko. Hori helburu, Europar Batasunak hornidura arduratsuari buruzko lege bat onar dezan lortu nahi dugu, gatazka-eremuetako mineralak erabiltzen dituzten enpresen gardentasuna eta erantzukizuna bermatze aldera. Bi urte negoziatzen eman ondoren, legeria hori 2016aren amaieran onartuko da. Hala eta guztiz ere, arrazoi nahikoa dugu pentsatzeko etorkizuneko legeak ez dituela behar besteko eraginkortasunez moztuko mineralon legez kontrako merkataritzarekin aberasten diren talde armatuak finantzatzeko bideak. http://www.tecnologialibredeconflicto.org/firma/

Informazio gehiago jasotzeko edo elkarrizketak egiteko:
Edur Mintegi. 660 445 247. e.mintegi@alboan.org

Kategoria: