Errefuxiatuei buruzko hitzaldia eta erakusketa Iruñean
ALBOAN Fundazioa eta SEI erakundearen eskutik, otsailaren 20an, asteartean, Gizarte Justiziaren Nazioarteko Egunean, Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitaren (SJR) ikuspuntutik Europara iristen diren errefuxiatuen harrerari buruzko hitzaldia izango da Iruñeko Gaztediaren Etxean. Halaber, errefuxiatuen eguneroko bizitza hurbiltzen duen argazki erakusketa aurkeztuko da.
“Errefuxiatuen harrera, Europarako erronka” izeneko hitzaldia 18:30etan hasiko da, eta José Ignacio García, Europako Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita erakundeko zuzendariak emango du.
José Ignacio García jesuitak eskarmentu handia dauka Europa kontuetan, 2009tik 20016ra Europako Gune Sozial Jesuita (JESC) zuzendu zuen, bertan migrazioa, klima-aldaketa eta gizarte justiziari buruzko ikerketak eta lana burutu zituela. Horrekin batera, Europako Ministerio Sozial Jesuita delakoa koordinatu zuen, gizarte sektore zaurgarriak eta baztertuak babesten dituzten erakunde jesuitak laguntzen zituelarik.
Bestaldetik, saio berean Ivan Benítez argazkilariaren “Stand by” izeneko erakusketa zabalduko da. Aipatu erakusketa martxoaren 5erarte Gaztediaren Etxean izango da ikusgai. 30 bat irudi dauzka -gehienbat Siriako- errefuxiatuen bizitza isladatzen dituela.
Egilearen esanetan, “errealitate horri bihotza, aurpegia eta izen-abizenak jarri nahi dituzte” argazkiek, eta “edonori gertatu ahal zaiola ulertaraztea” du helburu.
Ekitaldia “Leihoa mundura” izeneko elkartasunerako sentsibilizazio eta trebakuntzarako egitasmoan kokatzen da, eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak babesten dute.