Elkartasuna, ekoizpen jasangarria eta kontsumo arduratsua Donostian bateratu ziren

Alboan Alboan
20/11/2019
Brunch Café Solidarioa

Azaroaren 17an, igandean, hurbileko produktuak, eta era sozialean eta, ingurumenaren aldetik, modu jasangarrian egindakoak sustatzeko Brunch Kafe Solidarioa delakoa burutu genuen Donostian. Ekimena “Kafe-sorotik kikarara: kontsumo kontziente eta arduratsuaren alde” proiektuaren barnean kokatzen da.  ALBOAN eta Deusto Business School erakundeen elkarlanaren emaitza izan da. Ekitaldiak hainbat partaide izan ditu: Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartea eta Mexiko eta Kolonbiako kafe kultibadoreen komunitate-proiektuen ordezkariak (hain zuzen, Chiapaseko Yomol A´Tel talde kooperatiboa, Nariñoko Villa Loyola Ingurumen Berrikuntza Agroekologikorako Zentroa). Halaber, Donostiako Udalaren, Donostia Kulturaren eta Kutxa Fundazioaren finantziazioa izan dugu.

 

Libe Narbartek, ALBOANeko Hezkuntza teknikariak, azaldu zuenaren arabera, “neurri handi batean, gaurko krisialdi klimatikoaren arrazoiek lotura dute gaur egun daukagun produkzio-ereduarekin eta kontsumo globalizatuarekin. Gure planetak deiadar egiten du produkziorako eta kontsumorako eredu jasangarri eta arduratsuaren alde. Eta, horretarako, beharrezkoa da gure gizarteko estamentu guztien inplikazioa. Badaude jadanik bestelako produkzio-ereduak eta kontsumo alternatiboak: bidezko merkataritza, Km 0 edo hurbileko produktuen kontsumoa, eta agroekologia. Ekimen honen bitartez, elkartu nahi izan ditugu erakunde ezberdinak, hain beharrezkoak diren aukera horiek ezagutarazteko eta bultzatzeko.”

Guztira, 50 brunch eskaini ziren Antiguo auzotegiko antzinako Merkatuan, eta Tximistarri jatetxean (Andestegi, 4) eta Etna Kafean (Andrestegi, 8). Establezimendu horiek beren eskuzabaltasuna eta profesionaltasuna eskaini zituzten eta, horrela, izugarri lagundu zuten jardunaldiaren arrakastan.

  

Ongietorri laburra egin ondoren, ekitaldian parte hartzeko ziren pertsonak, erakunde antolatzaileak eta dastatzeko zegoen menua aurkeztu ziren. Menu osoa zen, Km 0 produktuez egindakoa: Valentziako laranjez eginiko zukua; “The loaf” donostiarraren ogia eta bizkotxoa; Orendaineko Larreta Esnekien jogurtak, eta Tolosako Aldaba Zahar Elkarteko gazta; Juka frijituak, Oxfam-ek banatutakoak, eta Pakta Mintalay Elkarteko txokolatez bustitako fruitu lehorrak. Horren guztiaren ondoan, Capeltic kafe bikaina zegoen, Mexikoko Chiapaseko Yomol A´Tel talde kooperatiboak landutakoa.

Brunch egiten genuen bitartean, hain zuzen ere, Cristina Méndez, Yomol A´Tel taldeko zuzendariordea, eta José Aguilar SJ, Kolonbiako Nariñoko Suyusama Fundaziokoa eta Villa Loyola proiektukoa, mintzatu ziren bertara etorritako pertsonekin, ekonomia solidario eta sozialaren ikuspegitik garatutako esperientziak azaldu eta partekatzeko. Era berean, bidezko merkataritzaz eta kontsumo arduratsuaren garrantziaz aritu ziren.

  

Laburbilduz, jardunaldi bikaina izan zen, produkziorako eta kontsumo arduratsurako alternatibak ezagutarazi eta azaldu baitziren, giro ezin hobean ere eginda, eta Donostiako herritarren eta ostalaritzako establezimenduen aldetik harrera eta partaidetza bikaina ere eskainita.

 

Suyusama Fundazioak eta Yomol A´Tel talde kooperatiboak, Latinoamerikako beste zenbait zentro sozialekin eta ekimen ekonomiko-produktiboekin eta ALBOAN GKEarekin batera, ekonomia inklusibo eta jasangarrirako aukerak formulatzen dituen COMPARTE sarea partekatzen dute.

 

 

Kategoria: