Justizia Klimatikoaren aldeko Jesuitak SB62 eta COP30 kanpaina

Krisi klimatikoa jada ez da urruneko mehatxua. Gogor kolpatzen duen errealitatea da, bereziki planetako komunitate ahulenak. Muturreko ekaitzak, lehorte luzeak, itsas mailaren igoera eta oinarrizko ekosistemen kolapsoa milioika pertsonaren bizibideetan eragin zuzena izaten ari dira. Desberdintasun klimatiko horrek garapen eredu bat islatzen du, epe laburreko onura ekonomikoa lehenetsi duena Etxe Komuna zaintzearen gainetik.
Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Aditu Taldearen (IPCC) azken txostenak ohartarazpen argia eta premiazkoa egiten du: «Aukera-leiho bat ixten ari dira berehala, denontzako etorkizun bizigarri eta iraunkorra ziurtatzeko». Ez dago denbora galtzerik. Testuinguru horretan, COP30 hitzordu garrantzitsua da nazioarteko komunitatearentzat. Aukera erabakigarria da gobernuek, erakundeek eta herritarrek urrats sendoa eman dezaten justizia klimatikoa eta giza eskubideak erdigunean jarriko dituzten politiketarantz.
Justizia Sozialaren eta Ekologiaren Idazkaritzak dei egiten die COP30eko ordezkariei eta arduradun politiko guztiei lurraren aldarria eta ahulenen oihua entzun dezaten. Hauek dira klima-justiziarantz aurrera egiteko proposamen nagusiak:
- Zorra kitatzea eta Galeren eta Kalteen Funtsa indartzea. Herrialde pobretuenen zor bidegabe eta ordainezinak bertan behera utzi behar dira, klima aldaketa egokitzera eta arintzera bideratuko diren baliabideak libratzeko. Gainera, funtsezkoa da diru-laguntzetan oinarritutako Galeren eta Kalteen Funtsa ezartzea, lehendik dauden klima-inpaktuei eraginkortasunez erantzungo diena.
- Bidezko trantsizio energetikoa azkartzea. Premiazkoa da trantsizio energetiko bidezkoa bermatuko duten akordio eta konpromiso handinahietan aurrera egitea. Honek herri indigenen eskubideak errespetatu behar ditu, erantzukizun historikoak aitortu, natura babestu eta bizibide jasangarriak lehenetsi berehalako etekin ekonomikoaren aurrean.
- Elikadura burujabetzaren sistema global bat bultzatzea. Ekoizpen, eraldaketa, banaketa eta elikagaien kontsumo jasangarri eta kulturalki egokiak sustatzen dituzten praktika agroekologikoen alde egiten dugu. Lurra eta pertsonak zainduko dituen nekazaritza behar dugu, guztiontzako elikadura eskubidea bermatuko duena.
COP prozesua ezinbestekoa da nazioartean krisi klimatikoaren aurkako borrokan aurrera egiteko.
Irakurri ezazu hemen txostena: