Skip to main content

Boluntariotza, herritartasun globala eraikitzen

Voluntariado

Gaur, Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean, ALBOAN eta Entreculturas erakundeetan erreibindikatu nahi dugu nazioarteko lankidetzan boluntariotzak egiten duen lana, herritarren partaidetza-eskola gisakoa, eta planetako biztanle guztientzat bizi duinaren alde borrokatzen dena. Demokraziaren krisialdiaren testuinguru honetan, boluntariotza partaidetza politikorako bide bat da, berme sozial zabalagoak eskatzeko balio duena. Gorrotoaren eta xenofobiaren diskurtsoen aurrean, horien jomuga migratzaileak, errefuxiatuak eta pobreziazko baldintzetan bizi diren pertsonak izan ohi direlarik, boluntariotza hospitalitatearen kulturarako zubiaren eta sustapenaren adierazpena da bereziki. Lan horren bitartez, geure burua ikusten dugu gizadi berberaren kide. Halaber, konpromiso herritarraren adierazpen horrek garrantzizko zeregina dauka mundu bidezkoagoa eraikitzeko prozesuan, Garapen Jasangarrirako Helburuek azaltzen dutenaren arabera.

 

ALBOAN eta Entreculturas erakundeetan bultzatzen dugun boluntariotzaren lana proposamen anitzetan zehazten da, bai gure lurraldeetan, bai nazioarteko lankidetzan, programa laburretan (hilabete) zein iraupen luzeagoetan (urtebete edo bi urte).

 

Boluntariotza ekitea bakarrik ez delako uste sendoa daukagu; izateko modua da; gure munduaren errealitatearen aurrean, bizitzan egoteko modua. Begiak zabal-zabalik, errealitateko egoera ezberdinek gizabanakoaren ertzak gainditzen dituzte eta eragin, mugiarazi, kuestionatu eta interpelatu egiten dute. Barneko mugimendu horien aurrean, bizitzak adierazpenak eskatzen ditu, eta une horretan pertsona jarduera kolektibo batean hasten da mugitzen, eta, zenbait erakunde, mugimendu edo plataformaren bitartez, ekintzaren unera heltzen da.

 

Bide osoenetariko bat da boluntariotza eta, aldi berean, konprometituenetariko bat (modu kolektiboan eta doakotasunean egiten baita), gizarte demokratikoagoak eta solidarioagoak era aktiboan eraikitzeko, hala maila globalean nola tokian tokikoan. Motibazioa ez da norberaren interesa (batzuetan, hori sarrerako atea izan arren), guztien ongia baizik: horrela, geure izaera uzten dugu ukitzen eta eraldatzen, mundura irteteko eta, modu ezberdinetan, haserrea, desadostasuna, nekea… azaltzeko, eraldaketa soziala eta erakundeena helburutzat izanik. Horrela, beste herrialde batzuetako boluntariotzaren esperientziak geureganatuko ditugu:  ikastetxeetan, kaleetan, ordezkari politiko eta erakundeetakoekin egindako elkarrizketan, enpresen eremuetan… Bizitzan murgildurik, injustizia salatu behar deneko lekuetan, eta, aldi berean, aukera posibleak, beharrezkoak eta premiazkoak daudelako itxaropena azalduz.

 

Horrez gain, gaur egun, erakunde publikoei eta ordezkari politikoei eskatzen dizkiegu nazioarteko lankidetzan ari den boluntariotzaren ikusgaitasuna eta sustapena, herritarren partaidetza bultzatu eta erraztu ahal dezaten neurri zehatzen bitartez. Era berean, eremu legal zehatza eskatzen dugu nazioarteko boluntariotzarentzat, bestelako erakunde europarrekin batera arautua izan dadin, mota horretako lanari dagozkion programen ezaugarri zehatzak kontuan hartuta. Halaber, nazioarteko lankidetza espainiarra ostrazismotik ateratzeko neurriak eskatzen ditugu, kooperazioak dituen balioen ekarpena agerian azal dadin. #VoluntariadoEsCooperación.

 

Gaur, Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean, eta baita egunero ere, eskertu nahi dizuegu ALBOAN eta Entreculturas erakundeetan ari zareten boluntario guztioi zuen doako konpromisoa, horrela frogatzen baituzue errealitatea alda daitekeela eta beste mundu bat, bidezkoagoa eta jasangarria, apur bat hurbilago dagoela gaur egun.