Justine Masika: “Emakumeak funtsezkoak dira bakea eraikitzeko”

Alboan Alboan
28/02/2020
Justine Masika

Justine Masika aktibistak emakumeen eskubideak defendatzen ditu Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean. Gainera, “Synergie des Femmes pour les Victimes des Violences Sexuelles”-en (SFVS) presidentea eta sortzailea da: 35 erakundez osatutako plataforma bat da.

 

ALBOANek Synergie-rekin lan egiten du emakumeek Kongon bizi duten indarkeriari aurre egiteko, gatazka armatuko indarkeria sexualari osoko erantzuna eskainiz. Synergie-k babesa eta osoko laguntza ematen die indarkeria sexualetik bizirik ateratzea lortu duten emakumeei, eta biktimentzat justizia eta ordaina lortzen saiatzen da. Baina, gainera, emakumeak bakea eraikitzeko prozesuetan parte hartzea zein garrantzitsua den azpimarratzen du Kongoko erakunde horrek; izan ere, Masikak adierazi bezala, “Emakumeak funtsezkoak dira bakea eraikitzeko. Ildo horretan, tokiko politikagintzan sartu nahi duten emakumeekin nahiz parte-hartze komunitarioan aritu nahi duten emakumeekin lan egiten dugu Synergie-n. Lan handia dago egiteko, erresistentzia handiak daudelako: pertsonalak, familiarrak eta komunitarioak, zeren gizarte patriarkalak ez baitaude ohituta, oraindik, emakumeek eginkizun aktiboagoa hartzera eta etxetik kanpo ateratzera”.

 

 

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1325 Ebazpena: bakea eraikitzen duten emakumeak

Masikak erregulartasunez bisitatzen du Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua New Yorken, Nazio Batuen 1325 Ebazpena betearaz dadila eskatzeko. Han, Kongoko Errepublika Demokratikoan aritzen direnek eta emakumeen eskubideen alde lan egiten dutenek kausarekin bat egitea bilatzen du.

 

2000ko urriaren 31n, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu zuen 1325 Ebazpena. Gatazka armatuak emakumeengan duen efektu neurrigabea jorratzen zuen lehen ebazpena izan zen. Gatazka armatuetan eta gatazka osteko egoeretan indarkeria sexuala prebenitzeko, genero-ikuspegia eta emakumeen ahalduntze politiko, sozial eta ekonomikoa beharrezkoak direla aipatzen du. Une horretara arte, Nazio Batuek ez zuten kontuan hartu indarkeria sexualaren biktima diren emakumeen egoera. Aurten 20 urte betetzen dira ebazpena onartu zenetik, eta zer “osasun-egoeratan” dagoen galdetu diogu Justine Masikari: “Ebazpena onartu zenetik 20 urte igaro dira, eta oraindik ez da ezagutzen. Synergie des Femmes-ek eta antzeko beste erakundeek lanean jarraitu behar dugu, ahalegintzen eta eragiten, ezagutzera eman dadin: bestela, ez dugu lortuko ebazpenaren xedea betearaztea. Kongoko Errepublika Demokratikoan ebazpena martxan jartzeko estrategia nazional bat diseinatu zen duela hamar urte, baina denborak aurrera egin du eta oraindik ez da oso ezaguna. Kivu iparraldean, egoera zaila da oraindik eta gatazkak bere horretan dirau. Horrek Synergie-ren lana zailtzen du. Gure apustua emakumeekin lan egitea da, biktimei arreta emateaz harago. Hori ere gure lanaren zati garrantzitsua da, eta tentu eta arreta handienarekin egiten dugu oraindik, kalterik egin gabe laguntzeko, baina ezin dugu alde batera utzi prebentzioko lana, eta giza eskubideen urraketa nabarmen horien azpian dauden kausak agerira ekartzen jarraitu behar dugu”.

 

Justineri etorkizunerako zer nahi duen galdetu diogunean, honako hau erantzun digu: “Espero dut ALBOANek, nazioarteko komunitateak bezala, bakea ehuntzen duten emakumeei laguntzen jarraitzea, bakearen ardatz izateko gaitasuna dutelako”.

Kategoria: