Skip to main content

Sendotasunez aurrera doan agroekologiaren aldeko apustua

Una apuesta por la agroecología que avanza con solidez

239 valle del Caucako (Kolonbia) familia nekazari eta indigenek eredu agroekologiko iraunkorrago, erresilienteago eta autonomoagoetarantz aurrera egiten dute. “Bakea eraikitzeko berrikuntza agroekologikoak Kolonbiako hego-mendebaldean” izenburupean, Florida, Pradera eta Tuluá udalerrietan egingo da esku-hartzea. Helburu nagusia da parte hartzen duten familien ekoizpen-, antolaketa- eta komunitate-gaitasunak indartzea, elikagai agroekologikoen ekoizpenean kostu txikiko eta eraginkortasun handiko berrikuntza teknologikoak txertatuz.

Ekimena Nekazarien Institutu Nagusiak (IMCA) eta Alboanek gidatzen dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) laguntzarekin, eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketa du. Gure lankide Felipe Nitscheren hitzetan, jasangarritasunaren, justizia sozialaren eta landa-inguruneetan bakea eraikitzearen aldeko apustu estrategikoa da.

Proiektu hori Alboanek eta IMCAk eskualdean aurretik bultzatu zuten lanean oinarritzen da. Lan horri esker, nekazaritza-produktibitatearekin, elikadura-sistemen iraunkortasunarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin lotutako funtsezko erronkak identifikatu ahal izan ziren. 
 

Prestakuntza, laguntza eta sareko lana

Proiektuaren zutabeetako bat da prestakuntza eta laguntza teknikoa emateko prozesua, bai nekazari-familiei eta indigenei, bai tokiko erakundeei eta landa-teknikariei zuzendua. Arlo horretan, NUPeko lantaldeak —Rodrigo Antón, Inazio Irigoien eta Beatriz Soret bezalako ikerlarien parte-hartzearekin— ongarri organikoen ekoizpena eta erabilera edo adierazle agroekologikoen aplikazioa bezalako arloetan duen ezagutza ematen du.
 

Alboan eta INCA


Jarduerek formatu hibridoko online prestakuntza eta tokian tokiko errealitatera egokitutako ekintza presentzialak konbinatzen dituzte, aplikazio praktikoa errazteko. Alde horretatik, lurraldera egin berri diren bisitei esker, komunitateei zuzeneko laguntza eman zaie, eskola-finketako esperientzia pilotuak aztertu dira eta tailer praktikoak egin dira.

Gainera, proiektuak eragile akademiko eta sozialen arteko ezagutza trukea sustatzen du. Horren erakusgarri da foro batean parte hartu izana, trantsizio agroekologikorako laguntza-ereduei buruzkoa, Kolonbiako unibertsitateekin eta tokiko sareekin batera, lankidetzan oinarritutako eta eragile anitzeko ikuspegi bat indartzen laguntzeko.
 

Jasangarritasunaren eta erreplikagarritasunaren aldeko apustua

Proiektuan parte hartzen duten 239 familietan eragin zuzena izateaz gain, proiektuak trantsizio agroekologikorako eredu integral baten oinarriak ezarri nahi ditu, beste landa-ingurune batzuetan erreplika daitekeena. Era berean, Alboanen eta NUPen arteko aliantza estrategikoa indartzen du, IMCAren gaitasun teknikoak indartzen jarraitzeko, nekazarien eta indigenen komunitateei laguntzeari dagokionez.