Skip to main content

Espainiako Auzitegi Gorenak gardentasunaren aldeko urrats historikoa egin du CIEetan

Epaiak indartu egiten du gizarteak Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan zer gertatzen den jakiteko duen eskubidea
El Tribunal Supremo da un paso histórico a favor de la transparencia en los CIE

Gardentasunak giza eskubideak ere babesten ditu. Halaxe berresten du Auzitegi Gorenak berriki emandako epaiak, aurrerapauso handia baita Atzerritarrak Barneratzeko Zentroen (CIE) funtzionamenduari buruzko informaziorako irispidean. Hiru urte baino gehiagoko auzi estrategikoaren ondoren, Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuari (SJM) eman dio arrazoia Auzitegi Gorenak, eta barneratuen nazionalitateari buruzko informazioa ematera behartu du Barne Ministerioa.

Garrantzi handiko ebazpena da, urteetan zentro horien inguruan izan den opakutasuna murrizten laguntzen baitu; izan ere, migratzaileei askatasuna kentzen zaie administrazio-prozeduretan. Orain arte, Barne Ministerioak modu sistematikoan baztertzen zituen halako eskaerak, Espainiako kanpo harremanei ustezko kaltea egiten ziela argudiatuta. Hala ere, Auzitegi Gorenak ezartzen du justifikazio generiko hori ez dela nahikoa: informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen edozein mugek kalte jakin bat frogatu beharko du, eta eskatutako informazioaren interes orokorra baloratu.

SJM-rentzat, sententzia hori lorpen kolektibo bat da, eta erakundea duela ia hamabost urtetik egiten ari den dokumentazio-, ikerketa- eta eragin-lana indartzen du. Datu fidagarriak izateak aukera emango du CIEen funtzionamendua zehaztasun handiagoz aztertzeko eta migrazio-politiken eragina ebaluatzeko, zuzenean eragiten baitiete milaka pertsonaren eskubideei. Alboanetik, Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuko taldearen garaipen garrantzitsu hau ospatzen dugu.